euskaraespañol

"ARTESHOP: establezimendu bat, artelan bat" ekimenak bere laugarren edizioa beteko du

UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek egindako 75 artelan egongo dira ikusgai Bilboko 75 establezimendutan ekainaren 5etik 15era

Lehenengo argitaratze data: 2014/05/22

Irudia

Ostegun honetan, "ARTESHOP: establezimendu bat, artelan bat" lehiaketaren IV. edizioko irudia eta berrikuntzak aurkeztu dira. Ekimen berritzaile honi esker, artea eta merkataritza harmonizatzen dira, gizarte-interes berean eta eremu fisiko berean: Bilboko hirian. Aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Marta Ajuria Bilboko Udaleko Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkariak, Arantza Lauzirika UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoak eta Juan Zapater Bilbao Arte Fundazioko zuzendariak.

Proiektu honen xedea hiriko merkataritza-jarduerari laguntzea da. Horrela, balio erantsia emango zaio dagoeneko interesgarria den gure hiriko merkataritza-eskaintzari, eta, aldi berean, Bilbao Arte Fundazioko artisten eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleen sormen-jarduera sustatzeko aukera emango du.

ARTESHOP ekimenak laugarren edizioa betetzen du. Jatorria 2011n izan zuen, CIBek (Comercios Innovadores de Bilbao) bultzatutako ekimen aitzindarian. Zehazki, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek, ekainaren 5etik 15era bitartean, euren artelanak erakusteko aukera izango dute, berariaz ekimen horretarako egindakoak. Ohikoak ez diren lekuetan erakutsiko dituzte artelanak, hain zuzen ere Bilboko saltegietan, eta, horri esker, aldi berean, jende askok izango du artelan horiek ikusteko aukera.

Era berean, parte hartuko duten establezimenduak erakargarriagoak izango dira, lokalean saltegi horren historiarekin eta giroarekin bat etorriko den artelana hartuko dutelako; horrez gain, saltegi horiek ezaugarri bereizgarria izango dute, sektoreko beste establezimendu batzuekin alderatuta. Proiektu honek bete dituen hiru urte hauetan, gero eta interes eta eragin sozial handiagoa izan du ekimenean parte hartzen duten saltegientzat, Arte Ederren Fakultateko ikasleentzat eta Bilbao Arte Fundazioko artistentzat.

ARTESHOPen laugarren edizio honetan, hirurogeita hamabost ikaslek eta beste horrenbeste saltegik parte hartuko dute harreman emankor honetan. UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek, euren lanak egiterakoan, Bilbao Arte Fundazioko hamar artistaren laguntza izango dute. Artista horiek komisariotza-lana egingo dute. Horrez gain, artista horietako zazpik baterako erakusketa koordinatua egingo dute Erriberako Merkatuan eta beste hiruk Bilboko Turismo Bulego berrian, Plaza Biribilean dagoen horretan. Gainera, edizio honetan, egindako proiektuak ebaluatu eta hamar finalisten hautaketa egingo dute Bilbao Arte Fundazioko hiru artistak.

EPAIMAHAIA, SARIAK ETA BERRIKUNTZAK

Epaimahaikide izango dira Alicia Fernández, Rekalde Aretoko zuzendaria, Marta Arzak, Guggenheim Museoko Hezkuntza eta Interpretazioko zuzendariordea, Naia del Castillo, artista, eta Juan Carlos Erkoreka, Bilbao Dendak-eko lehendakaria, eta beraiek erabakiko dituzte ARTESHOPeko hiru sarien irabazleak. Lehenak 1.200 euro jasoko ditu, bigarrenak 900 euro eta hirugarrenak 600.

ARTESHOPen historian lehenengoz, arteshopbilbao.com webgunean boto gehien jasotzen dituen lanari "Jendearen sari berezia" emango zaio. Proiektu irabazleak 600 euro jasoko ditu. Bozketan parte hartzen dutenen artean 100 euroko hamar txartel zozketatuko dira, programan parte hartu duten 75 establezimenduetan gastatzeko ekainaren 17tik uztailaren 16ra bitartean.

Edizio honetako beste berrikuntzetako bat Facebook-en bidez egingo den argazki lehiaketa da. Partaideek argazki bat bidali ahalko dute, ARTESHOPeko artelanetakoren baten ondoan. "Atsegin dut" gehien jasotzen duten 10 argazkien egileek sarrera bat irabaziko dute, Guggenheim Bilbao Museoan Georges Braqueren erakusketako bisita gidatu batera joateko.

Sariak ekainaren 13an banatuko dira, arratsaldeko zortzietan, Bilboko Zabalguneko Merkatuan egingo den galan. Bertan parte hartuko dute: ikasleek, artistek eta merkatariek, eta baita ordezkari instituzional eta sozialek ere.

Ekintza artistikoaren produkzio-gastuetarako, Bilbao Ekintzak 200 euroko diru-laguntza emango die lehiaketan parte hartuko duten Arte Ederren Fakultateko ikasleei, eta 300 euroko diru-laguntza, berriz, Bilbao Arte Fundazioko artistei. Horrez gain, proiektua garatzeko, 200 euro emango zaizkio hautatutako ikasle bakoitzari, eta Bilbao Arteko artistek 300 euro jasoko dituzte Erriberako Merkatuan egindako jardueragatik.