euskaraespañol

Hiri barreiatzea Euskal Autonomi Erkidegoan

1991-2010 aldian biztanleriaren birbanaketa-ereduak eta bizitegi- eta hirigintza-errealitate berriak aztertu ditu tesi batek

Lehenengo argitaratze data: 2014/05/19

Etxebizitza kopuruaren gehitze portzentuala 1991-2010 (%)
Etxebizitza kopuruaren gehitze portzentuala 1991-2010 (%)

Roberto Torres Elizburuk defendatutako 'La dispersión urbana en el País Vasco. Los patrones de la redistribución espacial de la población y nuevas realidades residenciales y urbanísticas, 1991-2010' izeneko tesiaren arabera, ziklo ekonomiko hedakorraren garaian, euskal udal askok Lurralde Antolamenduko Gidalerroen aldeko birbanaketa-estrategiak aprobetxatu zituzten, eta bizitegi-kuantifikazioko mekanismoak aplikatuz, plangintza berrikusi zuten, garapena sustatzeko ikuspegi batetik. Orain, ziklo ekonomikoa aldatu egin da eta higiezin-jarduerak murrizketa itzela ezagutu du. Horrela, azken urteetan sortutako gehiegizko eskaintza guztien bistara geratu da.

Tesiak bikain cum laude kalifikazioa lortu zuen eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Mª José Ainzek zuzendu du. Epaimahaiko kide izan ziren: Joseba Juaristi, UPV/EHUko Giza Geografiako katedraduna, Pedro Arriola, UPV/EHUko Giza Geografiako irakasle titular erretiratua, Juan Ignacio Plaza, Salamancako Unibertsitateko Eskualdeko Analisi Geografikoaren katedraduna, Mª Jesús González, Leongo Unibertsitateko Giza Geografiako irakasle titularra eta Carmen Gil de Arriba, Kantabriako Unibertsitateko Giza Geografiako irakasle titularra.

Ikerketaren abiapuntutzat hartzen den hipotesiaren arabera, hiri-sakabanatzeak azken hamarkadetan gizarte aurreratuak eragin dituen prozesu bat da eta indar handia hartu de Euskal Herrian ere; eta urte gutxitan, bere itxura aldatzea lortu du. Sakabanatzea ikuspegi hirukoitz batetik ulertu behar da: sozio-demografikoa (herritarren barneko migrazio-mugimenduen berregituraketa), bizitegikoa (etxebizitza-parkearen garapena eta eraldaketak) eta hirigintzakoa-lurraldekoa (sailkatutako bizitegi-lurzoruaren hedapena eta hiri-errealitate berrien sendotzea). Guztiak kateatuta gertatzen diren prozesuak dira eta garrantzi handia dute espazioaren ikuspegitik eta lurralde-antolamenduaren ikuspegitik.

Horrela, azken bi hamarkadetan hiri-sakabanatzearen berezko prozesu sozio-espazialak indartu egin dira Euskal Herrian, ziklo ekonomiko hedakorraren eraginez. Baina, hiri-sakabanatzea ez da espontaneoki gertatu, edo araudi-mailako hutsune baten ondorioz; izan ere, Lurralde Antolamenduko Gidalerroek garrantzi handia eduki dute fenomenoa zuzentzeko eta kanalizatzeko orduan. "Ziklo ekonomiko hedakorraren garaian, euskal udal askok Lurralde Antolamenduko Gidalerroen aldeko birbanaketa-estrategiak aprobetxatu zituzten, eta bizitegi-kuantifikazioko mekanismoak aplikatuz, plangintza berrikusi zuten, garapena sustatzeko ikuspegi batetik", azaldu du Roberto Torresek. Eta gaineratu duenez, "eremu hartzaileen kokapenak eta abiapuntuko ezaugarriek gizarte-talde desberdinen iritsiera kanalizatu dute, eta bizitegi-ingurune desberdinak sortu dira, hiri-presioen eragina gehien jasaten duten espazioetako ingurune hutsal edo estandarizatuetatik, ingurumenaren ikuspegitik pribilegiatuak diren ingurune bikain eta esklusiboetara".

Baina, ziklo ekonomikoa aldatzean, horietako dinamika asko eten egin behar izan dira, eta azken urteetan, udalerri askotan (Txorierrin, Arabako Lautadan eta abar) agerian geratu da sortutako gehiegizko bizitegi-eskaintza. Horrez gain, 2012an Lurralde Antolamenduko Gidalerroen aldaketa onartu zen. Aldaketa horren arabera, aipatutako prozesuak birbideratu behar dira eta hiri-eredu trinkoagoak eta kontzentratuagoak berreskuratzeko apustua egin behar da. Tesiaren arabera, litekeena da, atzeraldiak irauten duen bitartean, merkatuko indarrak izatea hiri-sakabanatzeari eutsiko diotenak.

Adibide batzuk
Euskal Herrian izandako hiri-sakabanatzearen azterketak erakusten duenez, azken bi urteetan euskal biztanleak lurraldetik sakabanatu dira. Horrela, aldaketa demografiko bat gertatu da, 10.000 biztanletik gorako udalerrietatik udalerri txikiagoetara. Euskal familiak tamaina txikiagoko udalerrietara joan dira, urbanizazio trinkoeneko udalerri nagusien ingurura (Txorierri, Uribe Kosta, Mungialdea, Arabako Lautada, Zumaiatik Hondarribira arteko Gipuzkoako kostaldea), zein urrutiago dauden udalerrietara. 1990eko hamarkadaren erditik aurrera, azken udalerri horiek gero eta erakargarriago bihurtu dira biztanleen ikuspegitik, eta bertara zuzendu da fluxu demografiko mugatuago eta hautatuago bat. Errenta-maila altuagoko familiak dira eta gizakiak gutxien esku hartu duen inguruneak aukeratu eta bertako paisaiak eta ingurumenak ematen duten atsegintasuna lehenetsi dute.

Horrekin batera, hirigintza-dinamismo handia ezagutu dute biztanleak erakarri dituzten ingurune berri horiek guztiek. 2001-2006 aldian biziagotu egingo da prozesua, eta ondorioz, hirigintzak gora egingo du nabarmenki. Euskal Herriak ezagutu zituen hedapenezko bost urteetan, etxebizitza berriaren eraikuntza-portzentajea bikoiztu egin zen, hamarkada bat lehenago erregistratuarekiko, baina lurralde historiko guztietan ez zen indar berdinarekin bizi hazkundea. Gipuzkoan gorakada neurritsuagoa eta mailakakoa izan zen bitartean, Araban beranduagoa iritsi zen, baina bat-batekoagoa izan zen; eta Bizkaian ezagutu zen lehengo, eta eragin handia eduki du Nerbioi adar metropolitarraren ipar-ekialdeko udalerrietan.

Aztertutako aldi osoan (1991-2000), eta ekonomiak eta higiezin-burbuilak elikatuta, higiezin-dinamismoa euskal lurralde osora zabaldu zen. Gero eta gehiago eragin zituen udalerri txikiak eta udalerri garrantzitsuen inguruko udalerriak, urte batzuk lehenago ez bezala. "Bizitegi-lurzoruaren birsailkapen garrantzitsuak egin zituzten, eta ondorioz, mende berriaren lehen hamarkadan, bizitegi-erabileretarako sailkatutako lurzoruak % 23,8ko hazkundea ezagutu zuen, biztanleriak % 3,7ko hazkundea ezagutu zuen bitartean", azpimarratu du Roberto Torresek. Esanak esan, hiri-sakabanatzeak euskal lurraldea tenkatu egin du, nahiz eta beste eskualde espainol batzuetan izandako eragina eduki ez duela azpimarratu behar den.