euskaraespañol

UPV/EHUk eta Paraguaiko Osasun Ministerioak medikuntza-heziketa jarraituan elkarrekin lan egingo dute

Ikasketa programak garatu eta elkartrukeak eta lankidetza indartuko dituen hitzarmena sinatu dute

Lehenengo argitaratze data: 2014/05/23

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Paraguaiko Osasun Publiko eta Gizarte Ongizateko Ministerioak gaur, maiatzak 23, oinarrizko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, bien arteko kultura, zientzia eta akademia harremanak sendotzeko eta medikuntza heziketa jarraitua bultzatzeko. Gaur izan den sinadura ekitaldian parte hartu dute: Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreorde Nekane Balluerkak eta Paraguaiko Osasun Publiko eta Gizarte Ongizateko ministro Antonio Carlos Barrios Fernándezek. Bertan, Carmelo Garitaonandia, Bizkaiko Campuseko errektoreordea; Pedro Galván, ministroaren aholkularia eta Asuncioneko Unibertsitate Nazionaleko Fakultate Politeknikoko irakaslea; María Amarilla Acosta, Paraguaiko enbaxadorea, eta Agustín Martínez Ibargüen, Medikuntza eta Odontologia Fakultateko dekanoa, ere izan dira.

Bi herrialdeen artean ezarritako kulturaren eta zientziaren arloko lankidetza-esparruaren barnean gauzatzen da lankidetza-hitzarmen hau. Ikasketa programak, eta irakaskuntzaren, ikasleen prestakuntzaren eta ikerketaren arloan, trukaketak eta lankidetza bultzatuko ditu. Akordio honek, bereziki, unibertsitate bietan irakasle eta aditu medikuen heziketa jarraituari garrantzia emango dio.

Zehazki, akordio honek, zenbait programa diseinatu eta burutzeko  araudi orokorra ezartzen du. Egingo diren proiektuen artean daude: irakasleak eta ikertzaileak trukatzea ikasketa-plan eta programa bateratuak lantzeko, eta graduatutako ikasleen trukatzea, informazioa eta estatistika-datu orokorrak eta aldeen interesekoak diren gaietan eskarmentuak partekatzea; eta aholkularitza zerbitzuak eskaintzea. Gainera, oinarrizko akordioarekin UPV/EHUko ikastegi eta institutuekin eta Osasun Ministerioarekin hitzarmen espezifikoak egin ahal izango dira. Hitzarmenak lau urteko iraunaldia izango du,  modu tazituan iraupen bereko aldietan luzatu ahal izango dena.

Aurrekariak

Asuncioneko Unibertsitate Nazionaleko (UNA) Pedro Galvanen eta UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Enrique Hilario eta Antonia Álvarez irakasleen -UNAko irakasle bisitariak ere dira- ekimenetik sortu da lankidetza-hitzarmena, Paraguaiko Osasun eta Gizarte Ongizateko Ministerioak ontzat hartu zuena. Hitzarmena baino lehen, bi unibertsitateen arteko lankidetzari esker ere beste emaitza batzuk lortu dira, hala nola, unibertsitate biek eskaintzen duten Ikerkuntza Biomediko master ofiziala. Graduondoko ikasketa hau online irakasten da eta praktikak Euskadiko zentro teknologikoetan egiten dira. Gaur sinatutako akordioak heziketa mediko jarraituko sistema baten oinarriak ezartzen utziko du.