euskaraespañol

UPV/EHUk Erasmus+ berariazko deialdi bat atera du masterretako ikasleentzat

Izena emateko epea ekainaren 2tik 6ra izango da

Lehenengo argitaratze data: 2014/05/28

Irudia

Erasmus+ berariazko deialdi bat atera da 2014-2015 ikastaroan UPV/EHUn master bat egingo duten ikasleentzat. Eskaera orria betetzeko epea ekainaren 2tik 6ra izango da, eta 8 unibertsitate aukeratu ahal izango dira eskaintza zabal baten artean. UPV/EHUk 340 hitzarmen baino gehiago ditu, besteak beste, Europar Batasuneko 28 herrialdeetako eta Turkiako eta Norvegiako unibertsitateekin Erasmus graduondoko ikasle trukea egiteko.

UPV/EHUko master ofizial guztiek, 106 orotara, Erasmus+ beka bat eskuratzeko aukera ematen dute. Halaber, oraindik Unibertsitateak eskaintzen duen masterretako batean izena eman ez duenak, datorren ostiralera arte, maiatzaren 31ra arte, izango du egiteko aukera.

Mugikortasunerako programa hori graduondoko ikasleentzako abagune paregabea izan daiteke ikerketa talde berriekin hartu-emanak izateko, baita tesia egiteko lerro berriak irekitzeko ere. Gainera, kultura eta esperientzia akademiko desberdinak ezagutzeko balio du.

OAPEE-k (Organismo Autónomo de Programas Educativos Europeos) ematen dituen diru laguntzak aldatu egiten dira harrera herrialdeen arabera; hala, 200 eurotik 300era bitartean jasoko ditu ikasleak. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, laguntza osagarri bat emateko asmoa du aurki.