euskaraespañol

UPV/EHUk abian jarri du ikastegiak berrantolatzeko prozesua

Prozesuak unibertsitateko kideen parte-hartzea izango du, eta helburu nagusitzat du fakultate eta eskola guztiak ikaskuntza eta ikerketa arloko erreferente bihur daitezen

Lehenengo argitaratze data: 2014/05/28

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) hasiera eman dio fakultate eta eskola multzo osoaren berrantolaketa-prozesu bati. Horrela iragarri du gaur UPV/EHU errektoreak, Iñaki Goirizelaiak, azken egunotan ikastegi bakoitzeko agintari gorenekin izan dituen bileren ondoren.

Proiektua unibertsitateko kideek eztabaidatu eta aztertuko duten hasierako proposamen batekin abiatu da; proposamena unibertsitateak lurraldean duen presentzia eta nazioarteko proiekzioa sendotzera bideratuko da, eta, jatorrizko ikastegi bakoitzaren indargune guztiez baliatu nahi du sortuko diren ikastegi berriak indartzeko.

Berrantolaketaren helburuak
Ikastegiak berrantolatzeko prozesuak honako helburu hauek ditu:

Lehiakortasuna eta ikusgaitasuna hobetzea, toki- nahiz nazioarte-mailan.
Graduko tituluen eskaintzak graduondokoarekin duen erlazioa hobetzea.
Irakasle guztiak ikerketa-jardueran sar daitezen bultzatzea.
Ikastegien kanpo-proiekzioa hobetzea.
Jarduera akademikoa hobetzea pizgarrien politika egoki baten bitartez.
Atlantikoko arkuko unibertsitateekin eta inguruko ehun sozio-ekonomikoarekin loturak ezartzen direla bultzatzea.
Gobernantza-eredu berri baterantz aurrera egitea, irakasle onenak kontratatzeko eta ikasle onenentzat unibertsitaterik erakargarrienetako bat izateko.
Berrantolaketari ekiteko irizpideak
Prozesu honetan gidari izango diren irizpideak hauek dira:

Elkartzea, campus anitzeko eredua kontuan hartuz.
Berrantolaketa-prozesua, egun dauden ikastegien zatiketarik egin gabe.
Elkartzea honako jakintza adar hauen arabera egingo da: Zientzia Esperimentalak, Osasun Zientziak; Ingeniaritza eta Arkitektura; Artea eta Giza Zientziak; Ekonomia, Lege eta Gizarte Zientziak; eta Hezkuntza.
Indarrean dagoen arautegia betetzea (UPV/EHUko ikastegien oinarrizko arautegia, Unibertsitateen Lege Organikoa (ULO), etab.)
Berrantolaketarako hasierako proposamena
Une honetan, Master eta Doktorego Eskolaz gainera, Euskal Herriko Unibertsitateak 31 fakultatek eta eskolak osatzen dute: 13 Bizkaian, 11 Gipuzkoan eta 7 Araban. Errektoretzak hasiera batean darabilen lan-proposamenak ikastegi kopurua murriztuko luke 20ra: 9 Bizkaian, 7 Gipuzkoan eta 4 Araban.

Iñaki Goirizelaia erretoreak adierazi duenaren arabera "gure unibertsitatearen historiako aldaketa garrantzitsu eta handinahiena dugu esku artean, eztabaida zabal, ireki eta ahalik eta adostasunik handiena ekarriko duenaren emaitza izatea nahi dugun aldaketa. Gaur aurkezten dugun proposamena aurretiko proposamena da, irekia, unibertsitateko kideen ekarpenak behar dituena indartu eta hobetu ahal izateko. Urte hauetan guztietan, UPV/EHUk 300.000 profesional bat prestatu ditu, eta Euskal Herriko ikerketa-jarduera handienaren eragile zientifiko bihurtu da. Ezin dugu, ordea, autoatseginean murgildu: hobetzen jarraitu nahi badugu, gure egitura egokitu behar dugu".

Eztabaida eta onarpena
Landuko den prozesuak honako fase hauek izango ditu: bilerak ikastegiekin, sindikatuen eta ikasleen ordezkariekin, ideiak eta ekarpenak biltzeko; Gobernu Kontseiluari eta Gizarte Kontseiluari proposamenaren berri emango zaio; Gobernu Kontseiluak proposamena onartuko du, eta zuzenketetarako epe bat irekiko da unibertsitateko sektore guztien parte-hartzearekin; Gobernu Kontseiluak onartu egingo du, egoki izanez gero, azaroaren 27ko ezohiko bilkuran; Gizarte Kontseiluaren txostena; proposamena Eusko Jaurlaritzari bidaliko zaio hark onar dezan eta, azkenik, Unibertsitate Politikarako Konferentzia Nagusiari txostena bidaliko zaio.