euskaraespañol

Sopcawind, parke eolikoak diseinatzeko diziplina anitzeko tresna

Parke eolikoek telekomunikazioetan eragin ditzaketen interferentziak aztertzeko software bat garatzen dihardu UPV/EHUk

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/10

Irudia

SOPCAWIND software-tresnaren bidez, errazago diseina daitezke parke eolikoak, kontuan hartuta, ez bakarrik energia ekoizteko gaitasuna, baita parke eolikoak ingurumenean eta inguruko telekomunikazio-sistemetan -hala nola radarretan- duen eragina ere. Tresna horren bidez, zarata akustikoa ere ebaluatzen da, eta, harekin batera, inguruko etxebizitzei egiten zaien itzala ere bai. Gainera, tresna horrek ondarea babesteko irizpide batzuk ezartzen ditu, bai eta garraio-sareetarako eta beste instalazio batzuetarako gutxieneko distantziak ere. Oraintsu aurkeztu dute SOPCAWIND software-tresna EWEA 2014 Annual Event-en, energia eolikoaren Europako azoka garrantzitsuenean, eta tresna horren garapenean parte hartu du UPV/EHUko Seinalearen Tratamenduaren eta Irrati-komunikazioen Taldeak (TSR).

Parke eoliko bat sortzeko prozesuan, baliabidea behar bezala aprobetxatuko dela eta planifikazio egoki bat, ahalik eta kalte gutxien eragitekoa, egiten dela bermatzeko, hainbat faktore eduki behar dira kontuan: "Parke eoliko bat diseinatzean kontuan hartu beharreko parametro nagusia haizea edo potentzial eolikoa da. Eta beste faktore bat, oso garrantzitsua hori ere, lurraren orografia da" azaldu du David de la Vegak, UPV/EHUko Seinalearen Tratamenduaren eta Irrati-komunikazioen Taldeko (TSR) kideak. "Bi faktore nagusi horiez gain, ordea, nabarmentzekoak dira ingurumen-faktorea eta beste batzuk, agian ez hain bistakoak, hala nola telekomunikazio-zerbitzuak (radar meteorologikoak, hegazkin-trafikoa kontrolatzeko radarrak, irrati-nabigaziorako laguntza-sistemak, telebista, datuen irrati-estekak eta abar...)". Askotan gertatzen da telekomunikazio-zerbitzua ez dagoela parkearen ondoan, "baina parke eoliko batek 10-20 kilometrora dagoen radar baten seinalea alda dezake, nahiz eta interferentziak ez diren oso ohikoak" azaldu du Seinalearen Tratamenduaren eta Irrati-komunikazioen Taldeko (TSR) kideak.

SOPCAWIND europar proiektuari esker, UPV/EHUko TSR taldea parke eolikoen diseinua errazten duen tresna bat garatzeko prozesuan parte hartzen ari da. Tresna horrek kontuan hartzen ditu, ez bakarrik energia-ekoizpenarekin lotutako alderdiak, baita ingurumenean eta beste telekomunikazio-sistema batzuetan izan dezakeen eragina ere, hala nola radarretan.

Parke eolikoen eraginari buruzko ikerketak
Aplikazio bakarrean diziplina arteko datu-base konplexu bat duen lehen software-tresna da SOPCAWIND. Datu-base horretan, lehendik aipatu ditugun irizpideetarako datu guztiak biltzen dira, eta, haiekin batera, azterketa horiek egiteko beharrezkoak diren algoritmoak. Funtzionalitate horiekin guztiekin, sustatzaileak errazago diseina dezake parke eolikoa, eta jakin badaki aurretik aipatu ditugun alderdi horiek kontuan hartuko direla parkearen diseinu-prozesuan, eta, hala, kalteak saihestuko direla. "Tresna honi esker, batetik, askoz errazago diseinatzen da parke eolikoa, eta, bestetik, sustatzaileak aurrez badaki zer kalte eragin dezakeen, eta kalte horiek saihesteko moduan diseina dezake parkea, beharrezko aldaketak eginda" azaldu du David de la Vegak.

UPV/EHUko Seinalearen Tratamenduaren eta Irrati-komunikazioen Taldeak (TSR) ekarpen hau egin du, nagusiki: parke eolikoak radarretan, hegazkinen nabigazioko laguntza-sistemetan eta beste telekomunikazio-sistema batzuetan izan dezakeen eragina ebaluatzeko algoritmoak garatu ditu. "Parke eolikoek telekomunikazio-sistemetan (TBa, datuen irrati-estekak, radarrak eta hegazkinen irrati-nabigaziorako laguntzak) duten eragina zenbatekoa den jakiteko algoritmoak osatu ditugu, eta tresnan txertatu ditugu.

Parkearen eraginari buruzko ikerketa horiek parkea instalatu aurretik egiten direnez, interferentziak detektatzen laguntzen dute, halakorik egonez gero, eta, hala, eragin horiek saihesteko aldaketak egin ditzake sustatzaileak". Modu horretan, parkeen eraginari buruzko ikerketek aukera ematen dute energia eolikoa zabaltzeko, baina telekomunikazio-zerbitzuei kalterik egin gabe.

SOPCAWIND proiektuak EBren laguntza jasotzen du, VII. Esparru Programaren barruan (FP7-ICT-2011-SME-DCL Grant Agreement 296164 deialdia), eta Europako partzuergo batek osatu du. Partzuergo hori hauek osatzen dute: Tecnalia, UPV/EHU, GeoX (Hungria), 3E (Belgika), Anemos (Alemania) eta Eurohelp (Espainia).

Ikerketa-taldea
UPV/EHUko Seinalearen Tratamenduaren eta Irrati-komunikazioen Taldea (TSR) unibertsitate horretako Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskolako Ingeniaritza eta Komunikazioen Sailekoa da. Ikerketa-taldea Juan Luis Ordiales Basterretxea doktoreak zuzentzen du, eta hamaika irakaslek, doktoretza-ondoko hiru ikertzailek eta kontratatutako zenbait ingeniari eta doktoregaik osatzen dute. Taldearen ikerketa-gai nagusia irratigintza digitala da. Gai horren barruan, zenbait ikerketa-lerro daude, eta haietako batean aztertzen dute zer interferentzia eragin diezaieketen parke eolikoek telekomunikazio-sistemei (TBa, datuen irrati-estekak, radarrak eta hegazkinen irrati-nabigaziorako laguntzak).

Landa-neurketen bidez, aerosorgailuek UHF bandan hedatutako seinalea karakterizatu du ikerketa-taldeak, eta telebista-seinalearen kalitatean duen eragina ebaluatu du. Emaitzak Nazioarteko Telekomunikazio Elkartean aurkeztu dituzte, mundu osoko telekomunikazioak arautzeko erakundean, eta haiek kontuan izan dituzte gomendio berri bat egiteko prozesuan. Prozesu hori ondo amaitzen bada, UPV/EHUn egindako ikerketaren emaitzak arlo horretako nazioarteko araudian txertatuko dira.

Erreferentzia bibliografikoa
I. Angulo, D. de la Vega, I. Cascón, J. Cañizo, Y. Wu, D. Guerra, P. Angueira. "Impact analysis of wind farms on telecommunication services". Renewable and Sustainable Energy Reviews 32: 84-99. (2014). DOI: 10.1016/j.rser.2013.12.055