euskaraespañol

"Interbentzio artistikoak Deustuko zubian" proiektuaren bigarren erakusketa

Ekimenaren hirugarren edizio honetan UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasle eta ikerlarien 7 kreazio aurkeztuko dira urrira bitartean

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/09

Irudia

Ekainean zehar, Bilboko Deustuko zubiko aginte-etxolak Catherine Salazaren "Pregonan vino y venden vinagre" artelana hartuko du "Interbentzio artistikoak Deustuko zubian" proiektuaren hirugarren edizioaren baitan, hau da, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearekin lotura duten ikasle eta ikerlari talde batek sortu eta garatutako ekimenean. Hirugarren edizio honetan zazpi interbentzio artistiko egingo dituzte eta urrira bitartean erakutsiko dira bata bestearen ondoren. Catherine Salazarren lana edizio honetako bigarrena da; lehena, Manuel Casellasen "Lo que reluce" izan zen, Bilbao Art District jaialdiaren baitan maiatzean ikusgai izan zena.

Juan Pablo Orduñez Mawatres da "Interbentzio artistikoak Deustuko zubian" proiektu honen sortzailea eta zuzendaria eta Arantza Lauzirika, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Artea eta Teknologia Saileko irakaslea, koordinatzailea. Ekimena, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzaren, Kontestua.org ikerketa-proiektuaren eta Bilboko Udalaren parte-hartzearekin gauzatuko da. Ekimen honekin, inguruak irentsitako iragan industrialaren elementu hau (Deustuko Zubia) berreskuratu nahi da hainbat interbentzio artistikoren eszenatoki bezala erabiltzeko.

Catherine Salazar UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Arteko Graduko bigarren mailako ikaslea da, eta bere lanaren gai nagusia hizkuntzaren erabilera interesatua da. "Ohituta gaude erretorika komunikazioaren estrategia bezala erabiltzea", dio Salazarrek. Eta hori erakusteko, hainbat eslogan sortu ditu, umore zorrotz ukituarekin, egoeraren zentzugabetasuna agerian utziz.

Informazio gehiago: http://artepuentededeusto.blogspot.com.es/