euskaraespañol

Gehiegizko pisua edo obesitatea duten 9 eta 11 urte bitarteko umeen osasuna hobetzeko ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/10

Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Idoia Labayen eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Sara Maldonado irakasleek gehiegizko pisua duten 9 eta 11 urte bitarteko umeen osasuna hobetzeko ikerketa proiektu bat zuzenduko dute. Ikerketa Osasun Ministerioko "Carlos III" Osasun Institutuak finantzatuta dago, eta horretan Osakidetzak, OSATEKek eta Tecnaliak lan egiten dute.

Ariketa fisikoko programa batek gehiegizko pisua duten umeen gibeleko koipearen gainean dituen eraginak izeneko proiektua Gasteizen garatuko da 2014 eta 2017 bitartean. Haren helburua gehiegizko pisua edo obesitatea duten 9 eta 11 urte bitarteko umeen osasun hepatikoa eta kardiobaskularra hobetzea da, ariketa fisikoaren, nutrizio heziketaren eta terapia psikoafektiboaren bidez. Horretarako, UPV/EHUk gehiegizko pisua/obesitatea duten 200 ume bildu behar ditu irailetik aurrera. "Diziplina anitzeko 6 hilabeteko programa bat da, partaide diren arlo guztietako profesionalak biltzen dituena, hau da, nutrizio, ariketa fisiko, psikologia, pediatria, kardiologia eta erradiologiako adituak" nabarmendu dute ikertzaileek.

Umeen gehiegizko pisua eta obesitatea helduaroan zenbait gaixotasun izateko arrisku handiagoari lotzen zaizkio, adibidez, gaixotasun kardiobaskularra eta 2. motako diabetes gozoa. Hala eta guztiz ere, arazo horien jatorria bizitzaren lehenengo aldietan dago, eta gaixotasun kardiobaskularra eragiten duten lesioetako batzuk haurtzaroan agertzen dira dagoeneko. Arazo larrienen artean gibeleko esteatosia (gibel koipetsua) eta intsulinarako erresistentzia daude. Badirudi gehiegizko pisua duten umeen heren batek baino gehiagok gibeleko esteatosia dutela.

Gaur egun ebidentzia zientifiko nahikoa dago, ariketa fisikoa egitea osasunerako eta bizitza-luzerarako onuragarria dela baieztatzea ahalbidetzen duena. Hainbat lanen emaitzek erakusten dute ariketa fisikoko programak gai direla umeen masa koipetsua eta arrisku kardiobaskularreko faktoreak gutxitzeko. "Lan honetan dugun helburua ikuskatutako eta ondo diseinatutako ariketa fisikoaren bidez eta nutrizio heziketaren eta terapia psikoafektiboaren laguntzaz gibeleko koipea gutxitu ahal dugun eta gorputzaren konposizioa handitu eta hobetu ahal dugun, hau da, muskulu masa gehitzea eta masa koipetsua murriztea lortzen dugun -osasun kardiobakularra hobetuta- aztertzea da" azaldu dute ikertzaileek.