euskaraespañol

Lehen aldiz identifikatu dituzte alkohol gehiegi edateak neuronetan, eskala molekularrean, eragiten dituen kalteak

UPV/EHUren eta Nottingham-eko Unibertsitatearen artean gauzatutako ikerketa honek bide ematen die alkoholismoa tratatzeko medikamentu eta terapia berriei

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/11

Irudia
Garuneko eremu prefrontalaren proteinen profilak. Paziente alkoholikoen garun laginek proteinetan garrantzitzako murrizketa erakusten dute C: paziente ez alkoholikoen garun laginak A: paziente alkoholikoen garun laginak

UPV/EHUren eta Nottingham-eko Unibertsitatearen artean eginiko ikerketa baten bidez, alkoholaren gehiegizko kontsumoak garunean eragin ditzakeen kalteak, eskala molekularrean, identifikatu dituzte lehen aldiz. Zehazki, ikertzaile taldeak garuneko eremu prefrontalean sortzen diren asaldurak zehaztu ditu. Eremu hori garuneko eboluzionatuena da eta funtzio exekutiboak kontrolatzen ditu, esaterako: estrategien plangintza eta diseinua, lanerako memoria, arreta selektiboa edo portaeraren kontrola. Ikerketa honek bide ematen dio alkoholikoen bizitza hobetuko duten eta alkoholismoaren ondoriozko gaixotze eta heriotza tasak murriztuko dituzten medikamentu eta terapia berrien sorrerari. Ikerlana zientzia biomedikoetan espezializatutako PLOS One (www.plosone.org) aldizkari digitalean argitaratu da, eta 3,730eko eragin faktorea izan du.

Ikerketan, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Luis F. Callado, Benito Morentin eta Amaia Erdozain doktoreek, Nottigham-eko Unibertsitateko Wayne G. Carter doktorearen taldearekin batera, post mortem azterketa egin zieten alkohol gehiegikeria/menpekotasuna diagnostikatu zieten 20 pertsonaren garunei eta alkoholikoak ez ziren beste 20 pertsonaren garunei. Kortex prefrontalaren azterketan, ikertzaileek zitoeskeleto neuronalaren asaldurak ikusi dituzte paziente alkoholikoen garunetan, zehazki, proteina hauetan: α eta β tubulina eta β II espektrina. Etanolak egitura neuronalean eragindako aldaketa horiek antolamenduari, harremanak izateko ahalmenari eta sare neuronalaren funtzionamenduari eragin diezaiekete, eta alkoholismoa duten pertsonei lotzen zaizkien portaera aldaketen, aldaketa kognitiboen eta ikasteko arazoen arrazoia izan daitezke.

Lehen aldiz garuneko eremu prefrontalean, maila molekularrean, ikusitako kalteak eta asaldurak deskribatzea beste alor batzuk ikertzeko lehen urratsa izan daiteke. Helburu berrien artean, hauek nabarmendu behar dira: alkoholak asaldura horiek eragiteko dituen mekanismoak argitzea, proteina horien funtzionamendua erregulatzen duten entzimek jasan ditzaketen asaldurak zehaztea eta prozesu horiek garunaren beste eremu batzuetan ere gertatzen ote diren ikustea (esaterako, funtzionamendu motorra kontrolatzen dutenetan). Azken helburua aldaketa molekular horiek identifikatzea da, batetik, alkoholaren gehiegikeria eta menpekotasun prozesuekin lotzeko, eta, bestetik, alkoholak sortutako asaldurak arintzeko medikamentuak eta aukera terapeutikoak sortzeko, pertsona alkoholikoen bizitza hobetuz eta alkoholismoaren ondoriozko heriotza tasa murriztuz.

Ikerketa prozesua
Erabilitako garun laginak UPV/EHUren Farmakologia Saileko Neuropsikofarmakologia Taldearen garun laginen bildumakoak dira. Lagin horiek UPV/EHUren eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren arteko lankidetza hitzarmen baten bidez eskuratzen dituzte. Pazienteen diagnostikoa beren mediku arduradunek zehaztu zuten horiek hil aurretik, Buruko Nahasmenduen Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburuari jarraituz (Amerikako Psikiatria Elkartearen DSM liburua).

Azterlana egiteko, ikertzaileek hainbat teknika erabili dituzte: mikroskopia optikoa, proteomika, Western blot eta masa espektrometria. Mikroskopia optikoak agerian utzi zuen paziente alkoholikoen garunetako eremu prefrontaleko neuronak hondatuta zeudela, paziente ez alkoholikoen garunekin alderatuta. Hurrengo pausoan, ikerketa taldeak proteomika teknikoak erabili zituen neurona horietan zein proteina aldatu diren ikusteko. Hala, asaldatutako elementuak tubulina eta espektrina izeneko proteina familietakoak direla zehaztu zuten. Tubulinek neuronen zitoeskeletoa osatzen dute, beren arkitektura. Espektrinen funtzioa, aldiz, zelulen formari eustea da. Beraz, biek garuneko sare neuronaleko osagaien arteko harremana eta jarduera ahalbidetzen dute.

Lagin bakoitzeko proteina kopurua zenbatzeko helburuarekin, Western blot teknika erabili zuten. Horren bidez, etanolak sorrarazitako kaltearen ondorioz proteina mailak murriztuta zeudela ikusi zuten. Hurrengo pausoan, masen espektrometriaren bidez, kaltetutako proteinak zehazki identifikatu ahal izan zituzten; alegia, tubulinen familiaren barnean, α eta β proteinak murrizten zirela ikusi zuten, eta, espektrinen artean, β II proteinak.

Ikerketa taldea
Koldo Callado eta Amaia Erdozain doktoreak UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia taldekoak dira. Talde hori J. Javier Meana buru duen Farmakologia Sailari atxikita dago. Beren lan ildoak ikerketa kooperatiboa gauzatzera daude bideratuta, translazio ikuspegiarekin, alegia, ikerketa klinikoaren eta oinarrizko ikerketaren arteko loturak sendotuz. Ildo horietako bat zuzenean post mortem garunetan ikusitako nahasmendu neurokimikoen azterketan oinarritzen da. Benito Morentin Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundearen Auzitegiko Patologia Zerbitzuko burua eta UPV/EHUko Medikuntza eta Kirurgia Espezialitateak Saileko irakasle elkartua da.

Erreferentzia bibliografikoak:
Amaia M. Erdozain, Benito Morentin, Lynn Bedford, Emma King, David Tooth, Charlotte Brewer, Declan Wayne, Laura Johnson, Henry K. Gerdes, Peter Wigmore, Luis F. Callado, Wayne G. Carter. "Alcohol-Related Brain Damage in Humans", Plos One (Published: April 03, 2014) DOI: 10.1371/journal.pone.0093586