euskaraespañol

CORTADA 2014 jaialdiko oinarriak argitaratu dituzte

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/12

Dagoeneko eskuragai jarri dituzte Gasteizen egiten den CORTADA 2014 film laburren jaialdiko oinarriak. Jaialdi hori Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko Errektoreordetzak antolatzen du. Arabako hiriburuak formatu txikiko zinemarekin urtero izaten duen hitzordua azaroaren 24tik 28ra bitartean egingo da aurten.

Lehiaketa horretan parte hartu ahal izango dute Espainian jaio edo bizi diren film laburren egileek. Horiek 2013ko irailaren 1a baino geroago sortutako pelikulak aurkeztu ahal izango dituzte, eta aurkeztutako filmek, gehienez ere, 25 minutu iraun beharko dute. Egile bakoitzak nahi adina film labur aurkezteko aukera izango du.

Aurten, berritasun aipagarri gisa, unibertsitateko ikasleek egindako film laburrak bultzatu nahi dira. Horretarako, bi sail berri sortu dituzte: UNILABUR eta EHULABUR. Lehendabizikoa, gehienez 25 minutuko film laburrak egin dituzten Estatuko edozein unibertsitatetako ikasleei zuzenduta dago; bigarrena, berriz, baldintza bera betetzen duten UPV/EHUko ikasleentzako da. Bi atal berri horiek 500 eta 300 euroko sariak izango dituzte, hurrenez hurren.

Honako hauek izango dira sari ofizialak:
Film labur onena: 1.200 euro eta garaikurra.
Gureak saria. Euskal film labur onena: 1.000 euro eta garaikurra.
Ikusleen saria: 800 euro eta garaikurra.
Dokumentalik onena: 500 euro eta garaikurra.
Animaziorik onena: 500 euro eta garaikurra.
Hemengoak saria. Arabako film labur onena: 500 euro eta garaikurra.
Unilabur saria: 500 euro eta garaikurra.
Ehulabur saria: 300 euro eta garaikurra.
FreakyPower saria:garaikurra eta oparia.

Lehiaketan izena emateko azken eguna 2014ko urriaren 6a da, eta lehiakideek MOVIBETA (www.movibeta.com) webgunearen bidez bete beharko dute izen-emate prozesua.