euskaraespañol

Lupus eritematoso sistemikoarentzako tratamendu seguruenaren bila

Glukokortikoideen albo-ondorioak arintzeko tratamendu egokiena zein den aztertu dute UPV/EHU eta Biocruceseko ikertzaile batzuek

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/16

Ezkerretik eskuinera: Erdozain, Ferreiro, Ruiz-Arruza, Ugarte eta Ruiz-Irastorza.
Ezkerretik eskuinera: Erdozain, Ferreiro, Ruiz-Arruza, Ugarte eta Ruiz-Irastorza.

Lupus eritematoso sistemikoaren tratamendua ahotik glukokortikoideak hartzea izan da orain arte, nahiz eta jakinekoa zen farmako horiek albo-ondorio larriak eragiten dituztela epe ertain-luzera. Kortikoideen dosian segurtasun-atalaserik badagoen jakiteko, ikerketa bat egin du Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak, eta emaitza argigarriak lortu dituzte. Ikerketa horien eta lehendik egindako beste batzuen ondorioetan oinarrituta, gaur egun pazienteei ospitalean agintzen zaien tratamenduan mugatu egiten da glukokortikoideen erabilera, eta antipaludikoak ematen dira oinarrizko tratamendu gisa.

Lupus eritematoso sistemikoa (LES) gaixotasun kroniko autoimmune bat da. Organo bati baino gehiagori eragin diezaioke -nagusiki azala, artikulazioak eta giltzurrunak-, nahiz eta alde handia egon daitekeen gaitzaren zenbaterainokoan eta larritasunean, pazientearen arabera. Hamar pazientetik bederatzi emakumezkoak dira, eta mila emakumetik bati eragiten dio.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Gaixotasun Autoimmuneak Ikertzeko Unitateko buru Guillermo Ruiz Irastorzak azaldu duenez, orain arte nagusiki glukokortikoideekin (prednisona) tratatu da lupusa, nahiz eta duela urte batzuetatik bazekiten adituek farmako horiek albo-ondorio larriak dituztela. "Medikuok bagenekien modu jarraituan prednisona-dosi handiak emateak kalte atzeraezina eragiten duela, hala nola osteoporosia, hezurretako nekrosi abaskularra, diabetesa eta kataratak. Baina, hala ere, joera genuen albo-ondorio horiek gaixotasuna kontrolatzearen truke derrigor ordaindu beharreko prezio gisa ikusteko".

Bestalde, talde horrek oraintsu egindako ikerketetan ondorioztatu du glukokortikoide-dosi txikiagoak berdin eraginkorrak izan daitezkeela. Gainera, kasu larrienetan, pultsu-terapia, hau da, une batzuetan zain barnetik dosi handiak ematea, oso eraginkorra da, eta, seguru asko, ez du beste tratamenduak adinako albo-ondoriorik.

Hori dela eta, diagnostikoa egin ondoren lau urtez ahotik prednisona hartzearen eta lehen bost urteetan pilatutako kaltearen arteko harremana ikertzea erabaki zuten Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ikertzaile batzuek. Ikerketa osatzeko, beste glukokortikoide baten (metilprednisolona) eragina ere aztertu zuten. Farmako hori zain bidez ematen da, dosi handietan, une jakin batzuetan (gaixotasunaren fase larrienetan).

Ikerketan, 230 pazientek hartu zuten parte, haietatik 206 emakumeak. Batez beste, 35,75 urterekin diagnostikatu zitzaien lupusa. "Ikusi genuen laugarren urtearen amaieran paziente gehienak, % 80, prednisonarekin tratatu zirela uneren batean, eta, bosgarrenean, hamarretik ia lauk, % 37,8k, albo-ondorioren bat izan zuela", zehaztu du Ruiz Irastorzak. Albo-ondorioak zituzten pazienteek prednisona-dosi handiagoak hartu zituzten (10,4 mg/egun) albo-ondoriorik ez zutenek baino (6 mg/egun). Zuzenean glukokortikoideek eragindako kaltea ikertzean ere antzeko emaitzak lortu zituzten: eguneko dosiak 11 mg eta 7 mg-koak ziren, hurrenez hurren. Eta ez hori bakarrik: aurretik egindako ikerketek iradokitzen zuten moduan, baieztatu zuten albo-ondorioekiko lotura egunean 7,5 mg-ko batez besteko dosiekin hasten zela. "Alegia, dosi hori gaindituz gero, albo-ondorio iraunkorrak ager daitezke". Aitzitik, metilprednisolona-pultsuek ez dakarte kalterik.

Antipaludikoak, lupusa tratatzeko
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak egindako ikerketa Rheumatology aldizkari espezializatuan argitaratu dute. Hain zuzen, emaitza horiek erakutsi dute duela urte batzuetatik Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Gaixotasun Autoimmuneen Unitatean erabiltzen ari diren jarraibideak onuragarriak direla. Ruiz Irastorza doktoreak nabarmendu du LES duten pazienteen oinarrizko tratamendua antipaludikoek izan behar dutela, zehazki hidroxiklorokinak; izan ere, hark nabarmendu duenez, "frogatua dago epe luzera glukokortikoideak baino eraginkorragoak direla lupusa kontrolatzeko, eta, gainera, askoz albo-ondorio gutxiago dituzte. Azken horiek gaixotasunaren agerraldietan soilik erabili beharko lirateke".

"Antipaludikoak LESari aurre egiteko egokiak direla halabeharrez jakin zuten Bigarren Mundu Gerran", azaldu du doktoreak. "Baina ikusi dugu ezin egokiagoak direla lupusaren epe luzeko oinarrizko tratamendu gisa -paziente askoren kasuan terapia bakar gisa ere bai-, eta eragin onuragarria dutela epe luzeko biziraupenean. Modu horretan, glukokortikoideak gaixotasunaren agerraldietarako utz ditzakegu, eta badakigu kasu larrienetan metilprednisolona-pultsuak erabil ditzakegula, seguruak eta eraginkorrak baitira. Mantentze-tratamenduetarako, prednisona-dosiak ezin dira izan 5 mg/egun baino handiagoak; hori dela eta, kasu batzuetan beharrezkoa da farmako immunosupresoreak ere erabiltzea. Uste dugu jarraibide konbinatu horiek aukera seguru eta eraginkorra direla LES duten pazienteentzat".

Informazio osagarria
Guillermo Ruiz Irastorza BioCruces Gaixotasun Autoimmuneen Taldeko ikertzaile nagusia da, eta, horrez gain, UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultatearen Gurutzetako Irakasguneko irakasle titularra. Ikertzaile hauek osatzen dute taldea: Ioana Ruiz Arruza, Amaia Ugarte eta Guillermo Ruiz Irastorza.

Erreferentzia bibliografikoa
Prentsa-ohar honetan aipatutako zientzia-artikulua Rheumatology aldizkarian argitaratu zuten:
Ruiz-Arruza I, Ugarte A, Cabezas-Rodriguez I, Medina J-A, Moran M-A, Ruiz-Irastorza G. "Glucocorticoids and irreversible damage in patients with systemic lupus erythematosus". Rheumatology 2014 (epub ahead of print).
FI 4,212