euskaraespañol

Igor Lucas ikasleak Bilboko Ingeniari Eskola Fundazioaren saria irabazi du offshore errota eoliko flotatzaileen portaera aztertzeko proiektu batez

Bestalde, UPV/EHUren Eskolako bigarren zikloko 350 ikaslek, hauen prestakuntza osatzea xede duten Enpresa Mintegien XVI. edizioan parte hartu dute

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/23

Igor Lucas

Bilboko IGET-n titulatu den Igor Lucas Martín ikasleak, Bilboko Ingeniarien Eskola Fundazioak urterik urte ematen duen Karrera Amaierako 2014ko Proiektu Onenarentzako Saria lortu du, offshore errota eoliko flotatzaileen portaera aztertzen duen tresna bat garatzeko lan bati esker.

Offshore instalazioetan -kostaldetik urrun edo itsas barrenean kokatutako errota-parkeak- sortutako energia eolikoa dugu energia berriztagarrien arloko epe labur eta ertaineko garapenetako bat. Itsas zabaleko haizeak trinkoagoak eta sendoagoak dira, lehorrekoek baino turbulentzia txikiagokoak, eta horrelako instalazioetarako lekua ia-ia amaiezina da. Jendea bizi den eremuekiko urruntasunak ikusmeneko inpaktuaren arazoa ezabatzen du, eta zaratarekiko arazorik ere ez dagoenez, palen gehienezko abiadura areago daiteke.

Abantaila horien haritik, itsas-energia eolikoa da, seguruenik, epe labur eta ertainean gehien garatuko diren energia-iturrietako bat. Hala ere, uren sakonera da aerosorgailuen fabrikatzaile eta instalatzaileek gainditu beharreko erronka nagusia. Gaur egun, eraikitako itsas-parke gehienak itsas-hondoan ainguratuta daude, normalean 20 metrotik beherako sakonera duten uretan, baina plataforma batzuk 45 metrorainoko sakonera duten uretan instalatu dira.

Sakonera handiagoko uretan, ezinezkoa da plataformak itsas-hondoari lotuta zimendatzea, eta ondorioz, plataforma flotatzaileen teknologia hasiberriaz baliatu behar izan da. Honelako kasuetan, aerosorgailuek behar bezala funtziona dezaten, behar-beharrezkoa da olatuen ezaugarriei eta egitura osoaren mugimenduan izan dezaketen eraginari erreparatzea. "Offshore aerosorgailu flotatzaileen azterketa aerodinamiko eta hidrodinamiko akoplaturako softwarea" izenburupean, Igor Lucasek haizearen aerodinamika eta uren hidrodinamikari buruzko azterketak uztartzea ahalbidetzen duen sorftware-tresna garatu du.

Tresnaren funtzionamendu erraz eta intuitiboa, lan honek merkatuan diren soluzio informatikoen aldean eskaintzen duen balio erantsiko osagaia da. Proiektua Alberto Peña Eskolako irakasleak gainbegiratu du.

1.500 euroz hornitutako golardoa da eta saria eman duen epaimahaia (aurten bere seigarren edizioa izanik), Luis Herrando eta Ernesto Cilleruelo, Fundazioko presidente eta zuzendariak eta Enrique Amezua eta Laura Barrio, Eskolako zuzendari eta zuzendariordeak osatu dute hurrenez hurren.

Karrera Amaierako Proiekturik Onena saria urtero antolatzen du Bilboko Ingeniaritza Eskola Fundazioak. 1997an sortu zen Ingeniari Eskola Fundazioa ikastetxearen ehungarren urteurren akademikoa dela eta. Eskolako Gobernuko sailen aholkularitza da bere eginbehar nagusia, Ingeniaritzaren irakaskuntzan eta ikasleen prestakuntzan zein enpresa eta instituzioen harreman eta lankidetzan, emaitza hobeagoak lortzeko helburu nagusiarekin.  Bikaintasunaren sustapen honetan, Fundazioak zenbait golardo eta bereizgarri ematen dizkie Ingeniaritzarekin zerikusia duten  pertsona zein erakundeei, adibidez,  Ingenia Sariak.

Enpresa Mintegiak

Bestalde, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko bigarren zikloko 350 ikaslek "Enpresa Mintegiak" programaren hamaseigarren edizioan parte hartu dute ikasturte honetan. Enpresa eta zentro teknologiko aitzindariekiko lankidetzaz, Eskolako ikasleen prestakuntza osatzea da ekimen honen helburua.

Antolatutako zazpi mintegietan, datozen urteotan garapen-aurrikuspen onak dituzten jarduera berritzaileak aztertu dira, era guztietako gaiak jorratuz, hala nola, enpresa barruko kalitatea eta segurtasuna, petrolioaren eta honen deribatuen logistika, biomimetika (Naturan inspiratutako ingeniaritza), ikusmen artifiziala eta honi atxikitako aplikazioak, eguzki-energia termikoa, ingurumena kudeatzeko sistemak edota elektrizitatea banatzeko sare eta azpiestazioetarako soluzioak. Mintegiak, sektore desberdinetako puntako enpresa edo erakundeetako profesionalek eman dituzte, Guardian Llodio, Repsol, Biomimetiks, Tecnalia, Tekniker, Befesa eta Ormazabal-Velatia tarteko zirela.

Ekimen akademiko honen helburu nagusia, zortzi eta hamabi orduren arteko iraupena duten mintegi laburren bitartez, Eskolan jasotako formazioa osatzearena da.  Parte hartzen duten ikasleek, aukera libreko kredituak jasotzen dituzte garatutako formazio jardueraren errekonozimenduzko diplomarekin batera. Eta ekimen honek gainera, etorkizunean euren langileak izan daitezkeen ikasleekin harremanak izateko aukera ematen die enpresei.