euskaraespañol

LDEren eta Mugikorretako LTE teknologiaren arteko bizikidetza ahalbidetzen duen ikerketa batek Itelazpi saria lortu du

Jon Barrueco Gutiérrezek, UPV/EHUko Telekomunikazio Ingeniaritzako ikasleak, proiektua garatu du

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/24

Irudia

Jon Barrueco Gutierrezek, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak urtez urte telekomunikazio-zerbitzuetan espezializatutako Itelazpi euskal enpresa publikoaren babespean ematen duen karrera amaierako proiektu onenaren saria lortu du. Lan sarituak telebista-seinaleen kalitatea hobetu eta laugarren belaunaldiko mugikorretako (LTE deritzon teknologia) seinaleek eragindako interferentziak gutxitzea proposatzen du, gaur egun merkatuan dauden baino iragazki hobeak diseinatuz.

Jon Barruecoren lanaren onura nagusia, mugikorretako konexio aurreratuak eskaintzen dituen LTE teknologia hedatzeko eta LTDaren seinalearen kalitatea hobetzeko eskaintzen duen aukera da. LTE (Long Term Evolution, epe luzeko eboluzioa) laugarren belaunaldiko sareetan ezarri den estandarra da, haririk gabeko komunikazioaren eboluzio handiagoa errazten duena. Smartphone-en bilakaera azkarraren haritik garatu zen 2012tik aurrera, mugikorretarako gailuak fabrikatzen dituzten enpresa handiek eta konpainia operadoreek bultzatuta.

LTE sistemak igotzeko eta deskargatzeko abiadura handiagoa ematen du, eta teknologia merkea eta hedapen errazekoa da operadoreentzat. Eskandinaviako hirietan apurka-apurka zabaltzen hasi zen 2009an, eta 2011n Estatu espainiarrera iritsi zen, baina eskala handiko hedakuntza 2015ean gertatuko dela aurreikusi da. Sistema honek goitik behera hobetzen du erabiltzailearen esperientzia, erabateko mugikortasunaz eta era askotako zerbitzuei eusteko gaitasunaz, hala nola, Interneteko nabigazioa, bideo-streaming delakoa, IPren gaineko ahotsa, online jokoak edota denbora errealeko bideoa, besteak beste.

"DVB-T2 eta LTE estandarren bizikidetzarako iragazkiaren diseinu eta garapena, eta UHFko 50. kanaleko hedakuntza" da Itelazpi Saria irabazi duen lanaren izenburua, eta Jon Barruecok 2012ko irailetik 2013ko ekainera bitartean garatu du, Eskolako Juan Luis Ordiales eta Amaia Arrinda irakasleen laguntzaz. Proiektuan, iragazki berrerabilgarriak diseinatzeko metodo bat taxutu eta horren hedakuntza fisikoa zehaztu da, LTEren berehalako abiarazteari begira.

LTE bezalako estandar berriak zabaltzeak, frekuentzia-banda bakoitzari atxikitako zerbitzuetako espektro irratielektrikoaren berrantolaketa ekarri du kasu batzuetan, izan ere, gaur egun LTD telebista digitalari esleitutako frekuentziak LTEarekin partekatu beharko baitira. LTEko seinaleek LTDko seinaleari interferentziarik eragin ez diezaioten, beharrezkoa da gogoko seinalea (LTD) hartu eta gainontzeko seinaleak (LTE) era egoki batean baztertuko dituen gailu bat erabiltzea.

Alabaina, gaur egun salgai dauden iragazkiak ez dira diseinatu interferentziak ekiditeko. Bestalde, telebista digitaleko estandar berrien kalitatea neurtzeko erabiltzen diren iragazkiak ere ez dira propio garatu helburu horretarako, eta ez dira egokiak premiazko neurketak egiteko. Testuinguru honetan, saritutako lanaren xedea, iragazkiak era egoki batean diseinatzeko metodo bat garatzea izan da, eta metodo horretatik abiatuta, egungo prototipoak hobetuko dituen prototipo bat garatu eta hedatzea.

Onurak

Iragazki hauek LTE teknologiaren hedakuntza ahalbidetzen dute, LTDko seinaleetan interferentziak eragiteko arriskua gutxituz eta telebista-zerbitzuez eta mugikorretarako konexio aurreratuez gozatzeko aukera erraztuz gizarte osoari. Bestalde, komunikazio-estandar berrien ezarkuntzari buruzko proben kalitatearen hobekuntza gizartearen mesedekoa izango da.

Teknologiaren ikuspuntutik, proiektuak, LTD eta LTEren frekuentzia-tarteari dagozkion iragazkiak garatzeko teknologia egokia bilatzea izan du ardatz. Honek ezin ukatuzko aurrerapausoa suposatzen du teknologiari dagokionez, eta LTE komunikazio-teknologiaren hedakuntza errazten du. Ikuspuntu ekonomikotik begiratuta, etorkizunean telekomunikazioen sektorean ere merkatura liteke, LTE sistema abian jartzeak horrelako iragazkien eskaria handituko baitu.

Saria emateko ekitaldia Eskolako Bideokonferentzia Gelan egin da, Jaime Dominguez-Macaya Laurnaga Eusko Jaurlaritzako Informatika eta Telekomunikazioetako Zuzendaria eta Juan Jose Baños Loinaz Itelazpiko Zuzendari Nagusia bertan zirela. Hauxe da, telekomunikazio-zerbitzuetan espezializatutako euskal enpresa publikoak babestu eta 1.500 euroko diru-saria duen golardoaren hirugarren edizioa..