euskaraespañol

Argitaratze-kalitatearen Juan de Yciar lau sarietatik hiru jaso ditu UPV/EHUk

Historia Contemporánea eta Revista de Psicodidáctica aldizkariek FECYT Kalitate-zugilua ere jaso dute

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/03

Irudia

Instituto Bibliográphico Manuel de Larramendi institutuak Argitaratze-kalitatearen Juan de Yciar sariak jaso dituzte UPV/EHUk argitaratutako hiru liburuk. Sari horiekin Euskal Herrian kaleratutako liburu onenak nabarmentzen dira, kalitate tipografikoa, ekoizpen editorialaren sormen estetikoa eta Arte Grafikoen hobekuntzaren eredua kontuan hartuta. Liburu saridunak hauek dira:

Mercedes Truan Lakaren Introducción a la pintura a través del color, Arte liburuak kategorian.

Jerry A. Coyne-ren Zergatik den egia eboluzioa (ZIO bildumakoa), Dibulgazioko lanak kategorian.

Eduardo Herrera, Fernández, Daniel Rodríguez Valero, Leire Fernández Iñurritegi eta María Pérez Menaren EHU Tipografia korporatiboa - EHU Tipografia corporativa, Lan orokorrak kategorian.

Instituto Bibliográphico Manuel de Larramendi institutuak euskal intelektualaren izena hartu zuen, zeren bera Diccionario Trilingüe (Donostia-San Sebastian, 1745) hiztegian euskal argitalpenen bibliografia ezarri zuen lehena izan baitzen. Institutuak helburu hauek ditu: lan bibliografikoak bizkortzea, liburuen hedatzea eta ikerketak egiteko laguntzak bideratzea.

Xabier Etxaniz Euskararen arloko errektorea, eta UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuko arduradunaren iritziz, "sari hauek errekonozimendu sariak dira, liburuen kalitateari eta edizioari eginikoak, eta alde horretatik aspaldian unibertsitatean aurrera eramaten ari garen politikaren isla dira. UPV/EHUk euskal gizartearen garapeneko motorra izan behar du eta alde horretatik egunetik egunero gure lana hobetzen jarraitu behar dugu. Sari hauek bide horretan ari garen adierazle dira".

FECYT kalitate-zigilua

Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko Revista de Psicodidáctica eta Historia Contemporánea aldizkariek FECYT kalitate zigilua lortu dute. Horrela, UPV/EHUko lau aldizkari dira kalitate zigilu hori lortu dutenak; hots, bi horiek, eta Theoria eta The International Journal of Developmental biology aldizkariak. Zigiluak goi mailako kalitate editoriala eta zientifikoa aitortzen du. Izan ere, zigilua eskuratzeko, zenbait baldintza profesional betetzen dutela ziurtatzen duen ebaluazioa gainditu behar dute argitalpenek. Besteak beste, adierazle hauek hartzen dira kontuan: aldizkariaren eragina eta oihartzuna, datu-basetan agertzea, autoreen eta aholku batzordearen nazioartekotasuna, ikerketa-artikuluen portzentajea altua izatea; eta aldizkakotasunaren konpromisoa betetzea.

FECYT (Fundación Española para la Ciencia y Tecnología), Lehiakortasun eta Ekonomia Ministerioaren fundazio publikoa da, eta berrikuntza, teknologia eta zientzia bultzatzea du helburu.

Xabier Etxaniz-en ustez, "jakituria sortu eta transmititzeko helburua du unibertsitateak; gure publikazioek horretan laguntzen dute ahalik eta kalitate handiena izanik. Ziur gaude aldizkari hauen atzetik beste batzuk etorriko direla kalitateko irizpide hauek lortuta".