euskaraespañol

BC3 da munduko bigarren think tank-ik eraginkorrena klima-aldaketaren ekonomia eta politikan

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/10

Irudia

BC3 - Basque Centre for Climate Change euskal erakundeak bigarren postua lortu du Munduko Think Tank-en Sailkapenean, aurrea hartuz Klima-Aldaketaren ekonomia eta politikan lan egiten duten mundu osoko 293 erakunde pribatu eta publikori. Beraz, Europa mailako lidergoari eusteaz gain, BC3-k bigarren posiziora egin du jauzi munduko Top Class modura. UPV/EHU BC3-ren bazkidea da.

Klima-Aldaketaren ekonomia eta politikari buruzko Munduko Think Tank-en Sailkapena ICCG izeneko erakundearen ekimena da (International Center for Climate Change Governance); erakunde pribatua da eta 2012. urteaz geroztik egiten du aipatu ikerketa konparatiboa, ezagutza zientifikoa eta Klima-Aldaketarekin lotutako politikak eta zuzentarau ekonomikoen esparruan lan egiten duten zentroak elkarren artean konparatzeko. Guztira, mundu osoko 295 erakunde aztertu ditu, eta bigarren posizioan sailkatu da BC3, Massachusetts-eko Woods Hole Research Centre-ren atzetik.

Joan den urtean, BC3 Sailkapen honen Europako ataleko lehen postuan kokatu zen. Aurtengo edizioan, baina, ICCG erakundeak zerrenda bakarra egin du mundu osoko zentroak bilduz, eta beraz, bigarren posizioa lortuta, Europa mailako lidergoan kontsolidatzeaz gainera, mundu mailako Top Classean aurrera egin du Euskadiko zentroak.

Ranking honen helburua da munduan ezartzen ari diren politikak bideratzeko orduan Think Tank hauek egiazki duten eragiteko gaitasuna neurtzea. Berez, politiketan eragiteko gaitasuna neurtzea ez da kontu erraza, maiz irizpide subjektiboak tartekatzen direlako. Beraz, balorazio-sistema objektibo bat izatea, eragile guztiek onartzen dutena, oso garrantzitsua da. Hain zuzen ere, horixe da Ranking honen ekarpenik azpimarragarriena: erabilitako metodologiari esker, ICCG-k Zentro hauen guztien emaitzak era objektibo batez sailkatzen , modu homogeneoz kontsideratuta taldeen beraren barne-gaitasunak zein emaitzetan eragiten duten kanpo-eragileak.

Edizio honetan, ICCG-k ebaluaziorako irizpide berriak ezarri ditu, 15 adierazle multzokatuko sistemaren bitartez hiru arlo nagusitako emaitzak konparatzeko. Lehendabizi, ekarpen zientifikoak aztertzen ditu (Findings), politika publikoetan, jarduera profesionaletan eta gizarte-ohituretan sortutako eraginarekin erkatuz; bigarrenik, zentroaren ekoizpena (Publications) aztertu eta sailkatu egiten du, eta beraz, baloraziorako elementu kuantitatibo eta kualitatiboak ematen ditu; eta azkenik, difusioaren emaitzak ematen ditu (Dissemination), ezagutzaren transmisioa baloratzeko, ikertzaile bakoitzeko egindako ekarpen erlatiboa finkatzeko.

BC3, ikerketako bikaintasunaren aldeko apustu arrakastatsua
BC3 diziplina anitzeko ikerketa-zentroa da. 35 ikertzailek dihardute bertan, 12 herrialde desberdinetakoak, Anil Markandya buru dutelarik.
2008. urtean sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren BERC programaren barruan, eta Euskal Herriko Unibertsitateak lagunduta, Klima-Aldaketaren kausa eta ondorioen epe luzeko ikerketa bikaina bultzatzeko.

BC3ko profesionalek egiten duten ikerketari eta parte hartzen duten zientzia-kooperazioko sarei esker, Zentroa mundu mailako erreferentzia da gaur egun.

Klima-Aldaketak jasangarritasunean duen eraginari buruzko ebidentzien argitan, mundu osoko gobernuek askotariko neurriak ezarri dituzte (politikoak, ekonomikoak eta sozialak) sortutako kateak aurreikusi eta atzeratzeko, eta babesa zein berreskuratzea abiarazteko. Klima-Aldaketa agenda politikoen lehen postuetan dago, eta BC3ren lan-esparruetako bat da, hain zuzen ere, zientziatik ekarpena eginez, politika horiek aberastea eta Planeta babestea helburu duen arau-marko koherente baten barruan aplikatuko direla erraztea.

Horiek horrela, ICCGren Rankinean lortutako emaitza bikainak arlo honetan egindako lanaren arrakasta agerian jartzen du.