euskaraespañol

Ingeniaritzako Sisteplant saria jaso du Jon Ander Ealo ikasleak

Kontrol numerikoko makina-erremintaren erabilpena optimizatzeko "software" bat sortu du

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/14

Irudia

UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan fabrikazio-tekniketan espezializatu den Jon Ander Ealo industria-ingeniariak Karrera Amaierako Proiektu Onenarentzako I. Sisteplant Saria lortu du kontrol numerikoko makina-erreminta optimizatzeko lan batengatik. Golardo hau, Eskolak eta fabrikazio-teknologietan espezializatutako euskal enpresa multinazionalak eratu dute, industriarako sistema berritzaileetan hobekuntzak sustatzeko asmoz.

"Bost ardatzetako fabrikazio-eragiketetako mugimendua optimizatzeko metodologia baten garapena" izenburua daraman karrera amaierako proiektu hau Eskolako Errendimendu Handiko Fabrikazio Taldean egin da, Ingeniaritza Mekanikoa Saileko Javier Campa Gomez irakaslearen zuzendaritzapean.

Jon Ander Ealok makina hauetako programak gauzatzeko denbora murriztea planteatu zuen helburutzat, software propio baten bitartez. Horretarako, abiadura optimizatzen duen CNC (Computer Numerical Control, kontrol numerikoaz gobernatutako makina-erremintaren automatizazio-sistema) programa berri bat sortu du, fabrikazio-denbora %15eraino murriztuz.

Kontrol numerikoa erabilera anitzeko teknologia da, fabrikazio-prozesu asko eta askotara hedatu dena. Gaur egun, makina horietako gehienek mugimenduak kontrolatzen dituen ordenagailu bat daukate, eta euskarri informatikoen bidez txertatutako edota langilearekiko komunikazioa errazteko interfaze grafiko batez hornitutako programen bitartez gobernatzen dira. Automatizazio-sistema hauek lehengo makinen palankak eta bolanteak ordeztu dituzte. CNC programa  sistemaren memorian sartu beharreko jarraibideak biltzen dituen fitxategia da. Jarraibide hauek desberdinak dira fabrikatzailearen arabera, kontrol-panel bakoitzean sortzaileek sortutako funtzioak baino ez baitira zehazten.

Saritutako proiektu honen helburua, makinen fabrikazio-prozesuetako mugimenduak optimizatzeko moduko kontrol numerikoko metodo bat taxutzea izan da. Mugimendua bi eratara optimizatzen da: behar ez diren mugimenduak kenduz eta, ahal izanez gero, abiadura areagotuz. Proiektua Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Ingeniaritza Mekanikoa Sailean garatu da oso-osorik, eta saiakuntzak bertako Makina-Erremintako Tailerrean egin dira.

Sari berria
Sisteplant-ek eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak eratu dute fabrikazio-teknologia eta sistemen arloko karrera amaierako proiekturik onenarentzako sari hau, 1.500 euroko diru-saria duena. Aurkeztutako lanek gai hauetakoren batekin lotuta egon behar dute:

- Fabrikazio-teknologia berritzailea (nanofabrikazioa/mikrofabrikazioa/fabrikazio aditiboa/abiadura handiko mekanizazioa).

- Industria-instalazio malguetarako fabrikazio-sistemak eta layout birkonfiguragarriak.

- Industriari aplikatutako robotika antropomorfikoa.

- Etorkizuneko lantegi adimenduna eta gizabera; teknologiak, pertsonak eta antolaketa.

Hauexek dira epaimahaiko kideak: Luis Norberto Lopez de la Calle, Ingeniaritza Mekanikoko Katedraduna; Victoria Laura Barrio Cagigal, Enpresarekiko Harremanetarako Zuzendariordea; Violeta Costa, Sisteplant-eko Marketing eta Negozio-Garapeneko Zuzendaria, eta Koldo Sancristobal, Sisteplant-eko Ingeniaritza Arloko Negozio-Garapeneko Arduraduna.

Golardo hau, Eskolak, Hezkuntza-Lankidetza Programaren barruan, ingeniaritzako esparru desberdinetan landutako ikasleen lanik onenak aitortzeko abian dituen beste sari batzuei gaineratu zaizkie, hala nola, Itelazpi Saria (Telekomunikazioen esparruan), Ingeniarien Eskola Fundazioa Saria (energiaren esparruan) eta Accenture Saria (izaera berritzailea eta osagai teknologikoa duten lanetarako).