euskaraespañol

Europako Medikuntza Ikasleen Orkestra eta Koruak lehen aldiz jardungo du Euskadin

Kontzertu bi eskainiko dute: uztailaren 25ean, Bilboko Santiago katedralean eta, 26an, Gasteizko Santa Maria katedralean

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/17

Irudia

Ostiralean, uztailak 18, 18:30etan, Bizkaia Aretoko Baroja gelan (Abandoibarra etorbidea 3, Bilbo), Europako Medikuntza Ikasleen Orkestra eta Korua (European Medical Students' Orchestra and Choir - EMSOC) osatzen duten 75 gazteei harrera ekitaldia egingo diete. Nazioarte mailako kultur egitasmo honek urtero biltzen ditu Europako Medikuntza Fakultate desberdinetako medikuntza ikasle eta mediku gazteak hainbat kontzertu emateko. Aurten, topaketa horretarako Euskadi aukeratu dute.

Harrera ekitaldian parte hartuko dute Carmelo Garitaonandia, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea, Asier Abaunza, Bilboko Udaleko zinegotzia, eta baita Europako Medikuntza Ikasleen Orkestra eta Koruko musikari gazteek ere.

Datozen zortzi egunetan, taldea osatzen duten 75 gazteek (40 orkestrako kideak dira eta 35 korukoak) egitarau intentsiboa izango dute, goiz eta arratsaldez entseguak izango baitituzte. Hala ere, adiskidetzeko eta hainbat toki turistiko ezagutzeko aukera ere izango dute, hala nola Guggenheim Museoa edo Plentziako udalerria. Euskadin egongo diren egunetan, UPV/EHUko Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusian hartuko dute ostatu gazteek eta entseguak Bizkaia Aretoan egingo dituzte.

Urte honetan, Europako Medikuntza Ikasleen Orkestra eta Koruko kideen artean Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Odontologia Fakultatean ikasten duten lau gazte ere badaude tartean. Eta horien artean, Iñigo Hernando nabarmendu behar da, Medikuntzako bosgarren maila bukatu berri duen gazte hau izan baita Europako Medikuntza Ikasleen Orkestra eta Korua Euskadira etortzea posible egin duena. Hernandok klarinetea jotzen du eta Medikuntzako lehen mailan matrikulatu zenetik hartzen du parte orkestra honekin. Beste alde batetik, nabarmendu behar da, baita ere, orkestrako zuzendaria, Margarita Lorenzo de Reizabal, UPV/EHUn Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua dela, eta baritono bakarlaria, Patxi García Garmilla, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea dela.

Kontzertuak

Uztailak 25, ostirala, 20:00etan, Bilboko Santiago katedralean. Sarrera librea.
Uztailak 26, larunbata, 20:00etan, Gasteizko Santa María katedralean. Sarrera librea.

Errepertorioa

- Gabriel Fauré-ren "Pavane".
- Gabriel Fauré-ren "Requiem".
- Felix Mendelssohn-en "Psalm 42".

Europako Medikuntza Ikasleen Orkestra eta Koruaren historia

Erakunde honek jatorria 1993. urtetik dator, Wurzburg (Alemania) hirian musika zaletasuna konpartitzen zuten medikuntza ikasleen lehen topaketa egin zenean. Urtez urte,parte hartzaileen kopurua handitzen joan zen, eta aldi berean elkartea kontinenteko toki desberdinetan hasi zen kontzertuak eskaintzen, hala nola Berlinen, Londonen, Ljubljanan, Budapesten, Erroman, Bartzelonan edo Pragan. Azkenik, 2009. urtean, orkestrak eta koruak bat egin zuten, irabazi-asmorik gabeko elkarte hau sendotuz.

Zuzendariak eta bakarlariak

Margarita Lorenzo de Reizabal, orkestrako zuzendaria. Bilbon jaio zen, eta bertan egin zituen Piano eta Konposizio goi ikasketak, Karrera Amaierako Ohorezko Sariekin Solfeoan, Pianoan, Konposizioan, Orkestazioan, Artean, Musikaren Historian eta Musikaren Estetikan. Gainera, Medikuntza eta Kirurgian lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. Nazioarte mailan ibilbide luze eta aitortu baten ondoren, 1993. urtetik Leioako Gazte Orkestrako zuzendari titularra da eta gaur egun Musikeneko Analisia, Konposizioa eta Zuzendaritza Saileko zuzendaria da.

Anna Katharina Kalmbach, koruko zuzendaria. Hezkuntza musikala ikasi zuen Karlsruheko Musika Unibertsitatean (Alemania) biolinaren errendimenduan eta koru zuzendaritzan espezializatuz. Gaur egun, koru zuzendaritzako irakaslea da eta "Luzerner Kantorei" neskekin osatutako haurren koruko zuzendari artistikoa 2012tik.

Garbiñe Abendaño, soprano bakarlaria. Basaurin jaio zen. Bilbo eta Donostiako Musika Eskoletan ikasi zuen musika. Musika Pedagogia, Solfeo eta musikaren teoria, Gitarra eta Kantua tituluak eskuratu zituen, azken hau karrera bukaerako sariarekin. 1986. urtean Iparraguirre musika ikasketen Zentroa sortu zien Basaurin, non 18 hilabetez irakasle latetan egon den. "Euskal Kantu Lirikoa" proiektuko kidea da hasieratik eta, gaur egun, soprano bakarlaria da eta kantu irakaslea Leioako Musika Eskolan.

Patxi García Garmilla, baritono bakarlaria. 1973an hasi zuen musikari bezala bere ibilbidea. Baritono bakarlari eta organo-jotzaile bezala aritu izan da. Konposizio eta musikologian lizentziatua da eta, gainera, irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Baritono bakarlari bezala1975. urtean hasi zen bere jarduera, Beethovenen bederatzigarren sinfonia abestuz Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera. Ordutik, saio asko egin ditu bakarlari gisa eta, gainera, koru ospetsuetan ere parte hartu du, hala nola Bilboko Koral Elkartean, Bilboko Ganbara Koruan, Bilboko Collegium Vocalen, Euskal Herriko Unibertsitateko Koruan edo bera sortzaileetako bat izan zen Aula Boreal talde barrokoan.