euskaraespañol

Community Managerra eskaera handia duen lanbidea baina, aldi berean, ezezaguna dena

Enpresek ez dakite zein profesionalek eta nola kudeatu behar dituzten sare sozialak

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/22

Irudia

Internetek kontsumitzaile eta ekoizleei gaitasun berriak eman dizkie eta ondorioz, marketing tradizionalaren kudeaketa prozesua epe motzean aldatu da. Horregatik, enpresek errealitate berri hau kontuan hartu behar dute, marketing digitalen erabilerak eskaini diezaiekeen botereaz baliatzeko eta horri esker, beren helburu enpresarialak lortzeko. UPV/EHUko Gizarte-Komunikazioan doktorea den Angeriñe Elorriagak aztertu du, Nafarroa eta Euskadiko enpresen marketing arloan Interneten erabileraren normalizazioak izan dituen ondorioak, eta irudi profesional berria den Community Managerra ikertu du.

Ikerketa burutzean, Angeriñe Elorriaga profil berri horren bila enpresa asko zeudela konturatu zen, baina hauek jakin gabe, zein zen lanbide mota hori eta hortan lan egiten dutenek esperientzia daukaten edo ez. Hau dela eta, Nafarroa eta Euskadiko Community Manager lanbideari buruzko doktoretza- tesia egitea erabaki zuen.

Elorriagak azterlanean, enpresetan Community Managerra izatea zein garrantzitsua den azaldu du: "Gaur egun, mundu guztia Internetera konektatzen da, internauten kopurua gero eta handiagoa  da eta online igarotzen dugun denbora ere bai. Gainera, zerbait bilatu nahi dugunean aukeratzen dugun lehenengo hedabidea Internet da", eta gehitu du: "Horregatik, konpainia ezberdinek Interneten irudi on batekin agertu behar dute. Hau profesional berri honen bidez lortzen da. Honek entzuteko eta sarean gertatzen dena ikusteko, eta erantzuteko ahalmena baitauka". Angeriñek dioenaren arabera, enpresa askok irudi korporatibo krisia pasa ondoren edota arazoa sahiesteko, norbait jarri dute kargu horretan, Eroskiren kasua, esaterako.

Irudi profesional berria eta ezezaguna

Ikerketan zehar, Angeriñe Elorriagak 112 enpresa elkarrizketatu ditu, 62 Euskadin. Hauetatik %82k Community Managerra daukate, kopuru handia kontuan izanda lanbide hau duela gutxi existitzen dela. Hala ere, Elorriagak elkarrizketatutako sare sozialen profesionalen arabera, enpresek badakite sare sozialak kudeatuko dituen norbait behar dutela, baina ez nork, ezta nola egin behar duen ere.

Marketing eta komunikazio arloetako profesional hau konturatu da, ikertu dituen  Nafarroako eta euskal enpresetan, Community Managerra Komunikazio-Zientzietan lizentziatua dela, bekadunekin lan egiten duela, eta postu horretan lehenengo aldiz diharduela. Gainera, aztertu du, enpresa handiek profesio berri hau gehien zabaldu dutenak direla, eta txikiek, ez dutela lanpostu hau eskaintzen. Sektoreei dagokienez, enpresa industrialek ez daukate Community Managerrik, ezta sare sozialetan agerpena ere. Ostalaritza eta hedabideak, berriz, elkarreragin sareetara aurrekontu gehien bidaltzen dutenak dira.

Sare sozialak kontuan hartuz, gehien erabiltzen direnak Facebook eta Twitter dira, baita gero eta gehiago Youtube ere. Azken honetan, enpresek beren bideoak igo eta ikusgai egin ditzakete. Linkedin ere erabiltzen ari dira, lanpostu eskaintzak argitaratzeko eta konpainiaren irudi korporatiboa ezaguna egiteko, sarean beste leku bat izan dezan.

Sare sozialen joera zein izango den zaila da zehaztea, online mundua oso azkar aldatzen baita. "Lehen, MySpace asko erabiltzen zen, baina orain ez. Horregatik, Facebook eta Twitterren etorkizuna ezezaguna da", esan du Elorriagak.

Community Managerretik profil berriak sortu dira

Sare sozialetan aditua denaren lana banatzen ari da. Duela gutxi arte, Community Managerra Internetez arduratzen zen bakarra zen, baina orain profil berriak sortu dira, hala nola, online saltzailea, programatzailea eta diseinatzailea. Gaur egun, adibidez, Euskaltel enpresan bi marketing arlo mota daude: online eta offline.

Angeriñe Elorriagak dioenez, honen azalpena da, Community Manager lanbidea ez dagoela karrera batekin zehazki erlazionatua. Nahiz eta, gehienek Komunikazioa ikasi, batzuk ingenieritza edota programazio mundutik datoz. Hala ere, langile hauek komunikatzeko ahalmena izan behar dute, ortografía akatsak ez izan, lan egiten duten enpresa oso ongi ezagutu, eta Interneteko beste erramintak erabiltzen jakitea, ez bakarrik elkarreragin sareak. "Online mundua etengabe aldatzen ari da. Horregatik, batek adi egon behar du, eta jakin eta ezagutu joerak zeintzuk diren", gehitu du Elorriagak.

Euskararen agerpena oraindik txikia da

Nafarroan eta Euskadin enpresa gehienak, batez ere txikiak, euskaraz oso gutxi edo ezer ez komunikatzen dute. "Elkarrizketatutako askok baieztatu zuten beren konpainietan  euskararen presentzia ez dela oso handia baina zabaldu nahiko luketela", kontatu zuen tesiaren autoreak. Azterlanean parte hartutako hezkuntza-munduko enpresa nafarrek euskararekin harreman handiagoa daukate, eta horregatik, Interneten bi hizkuntzetan komunikatzen dute.  Euskadiko Iberdrola eta Euskaltel enpresa handiek ere euskararen alde jarri eta  garrantzia eman diote.

"Enpresa eta sektorearen filosofiaren arabera, euskal hizkuntza erabiltzea interesgarria da. Adibidez, publiko objektiboa gaztea baldin bada eta gehienek euskara baldin badakite", baieztatu du Elorriagak.

Beraz, Euskadiko eta Nafarroako enpresetan Community Managerraren presentziari buruzko tesiaren autoreak esan du, Internetaren agerpenaren ondorioz, kontsumitzaileak merkatuan eragin handiagoa duela. Hori dela eta, enpresek beren onurako oso ongi kudeatzen jakin behar dute,  Web 2.0k eta sare sozialek erabiltzaileari eman dioten boterea, eta  konpainiako irudi profesional berria sakon ezagutu.

Autorea

Angeriñe Elorriaga Illera (Bilbo, 1981), Publizitate eta Harreman-Publikoetan lizentziatua da eta UPV/EHUren eskutik Gizarte-Komunikazioan doktorea. "El Marketing y Redes Sociales: la figura del Community Manager en las empresas de Euskadi y Navarra" titulua duen tesia egin du, 2010.urteko  "La empresa ante la globalización" doktorego ikasketen baitan. Bere tesia zuzendu zuena, José María Barrutia izan zen, UPV/EHUko Enpresa eta Ekonomia Zientzien Fakultateko  Finantza II Saileko irakaslea. Momentu honetan, Elorriagak Bizkaiko Foru Aldundiko Azkue fundazioan lan egiten du, non sare sozial eta proiektu teknologiko eta berritzaileen bidez, Euskara bultzatu eta zabaldu egiten duen. Gainera, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakasle elkartua da.