euskaraespañol

'Giza Anatomiako Atlasa' liburuak anatomiari buruzko terminologia osoa biltzen du

UPV/EHUk itzuli eta argitaratu du gidaliburu zabal hau

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/23

Irudia

UPV/EHUk 'Giza Anatomiako Atlasa' ikasliburua euskaratu eta plazaratu berri du, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Marbán argitaletxearen Máster Atlas de Anatomíaren itzulpena da, bere arloko erreferentzia-liburua. Atlasak biltzen du giza anatomiaren euskarazko terminologia osoa, irudi zehatzekin batera.

Testuliburua Anatomiaren ikaskuntzan baliagarria da, Medikuntzan ez ezik, zuzenean edo zeharka Osasun Zientziekin zerikusia duten beste hainbat arlotan ere: Erizaintzan, Fisioterapian, Odontologian, Biologian, Farmazian, Gorputz Hezkuntzan, Psikologian, Hezkuntza Terapian, bai eta Dantzan eta Artean ere.

Atlas honek 725 orrialde eta 14 atal ditu, giza aparatuen eta sistemen arabera antolatuak, anatomia deskriptiboa eta anatomia topografikoa eta sekzionala konbinatuz. Lehenengo kapituluan, giza gorputza bere osotasunean azaltzen da, eta ondokoetan, atalka: larruazala, lokomozio-aparatua (muskuluak, eskeletoa eta giltzadurak), bihotz-odoletako aparatua, digestio-aparatua, arnas-aparatua, gernu- eta ugal-aparatuak, immunitate- sistema eta sistema endokrinoa, nerbio-sistema, eta, azkenik, zentzumen-organoak.

Izendapenak azaltzeko, mila irudi baino gehiago daude. Gehienak ilustrazio ikusgarriak dira, baina badira hainbat teknikaren bidez lortutako argazkiak ere: erradiografiak, erresonantzia magnetikoak eta ekografiak, besteak beste. Liburua osatzeko, glosario erabilgarri bat erantsi da bukaeran, izendapen guztiak lau hizkuntzatan dituena: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta latinez (nazioarteko Nomina Anatomicaren arabera).

Atlasa euskaratzeko eta argitaratzeko, izugarrizko lana egin behar izan da. Horrela, itzulpenari ekin dion lan taldea hamaika lagunek osatu dute (itzultzaile profesionala, Neurozientziak saileko irakasleak eta Euskara Zerbitzuko kideak). Liburuaren edizio zaindua UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak egin du. Xabier Etxaniz Euskararen arloko errektoreordearen ustez, "UPV/EHUko betebeharretako bat da euskara zientifikoaren garapenean laguntzea; goi mailako hizkeraren eta lexikologiaren lantze horretan guztiz garrantzitsuak dira honelako lanak".