euskaraespañol

Zientzia-Fikziozko Alberto Magno Literatura Lehiaketaren XXVI. edizioa abian jarri da

Kontakizunak aurkezteko epea azaroaren 3an amaituko da

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/24

Irudia

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak XXVI. Zientzia-Fikziozko Alberto Magno Literatura Lehiaketaren deialdia egin du, zientzia-fikziozko eta zientzia gaien inguruko fantasiazko lehiaketa zaharrena da Estatuan.

Kontakizunak euskaraz edo gaztelaniaz idatzita egon daitezke eta aurkezteko epea 2014ko azaroaren 3an amaituko da.

Aurten Lehiaketak 2.000 euroko lehenengo saria eta 1.000 euroko bigarren saria dakartza, eta aurkeztutako kontakizunek gutxienez 15.000 hitz eta gehienez 25.000 hitz izan behar dituzte.

Jatorrizko lanak (hiru ale) eskura eman beharko dira edo, bestela, postaz bidali Zientzia eta Teknologia Fakultatera (Dekanotza, 644 posta-kutxa, 48080 Bilbo). Iberiar Penintsulatik kanpo bizi diren parte-hartzaileek posta elektronikoz bidali ahal izango dituzte, ztf.albertohandia@ehu.es.helbidera.

Edizio honetako epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek osatuko dute.  XXVI. deialdi honetako sariak abenduaren 19an banatuko dira, urte bukaerako ekitaldi berezi batean. Orobat, beste jarduera batzuk ere izango dira, besteak beste, zientzia-fikziozko filmak ikusgai eta horiei buruzko hitzaldiak.

Aurreko bi urtez geroztik, kontakizun irabazleak formatu digitalean argitaratzen dira, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuko atarian. 2007tik 2010era bitartean saritutako kontakizunak ere biltzen dira bertan. Bilduma horri 1994an, 1999an, 2003an eta 2006an argitaratutako lau liburukiak gehitu behar zaizkio; hauek, aldiz, inprimatutako formatuan daude jasota. Hala, orain arte egin diren 25 deialdietan, guztira zientzia-fikzioko 1023 kontakizun aurkeztu dira.

Aurreko urtean, Alberto Magno lehiaketaren hogeita bosgarren deialdian 100 kontakizun aurkeztu ziren, horietatik 66 onartu ziren eta 34 baztertu, arauak betetzen ez zituztelako. 19 herrialdetatik bidali ziren lanak eta lehenengo aldiz, atzerritik etorritako kontakizunak, tokikoak baino gehiago izan ziren. Orokorrean, Espainiako 41 kontakizun eta atzerritik etorritako 59 lan aurkeztu ziren, hain zuzen ere, ondorengo herrialdetatik bidalitakoak: Alemania, Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Kuba, Ekuador, Estatu Batuak, Frantzia, Guatemala, Honduras, Mexiko, Israel, El Salvador, Suedia, Uruguai eta Venezuela.

2013ko deialdian, lehenengo saria, 2.000 eurokoa, Santiago García Albási (Gasteiz) eman zitzaion, gehiengoz, "El Rey Lansquenete"  lanagatik. Eta Bigarren saria, 1.000 eurokoa, José Ángel Menéndez Lucas (A Coruña) eraman zuen, gehiengoz, "Tellus" lanagatik. Bestetik, finalistak hauek izan ziren: "La paradoja de Teseo" Javier Castañeda de la Torreren (Madril) lana, "¿Podemos celebrar ya la victoria?" Víctor Guisado Muñozena (Bartzelona), eta "Pelh 0212" Manuel García Canosena (London, Erresuma Batua).

Jardueraren bultzatzaile den Leonardo Lorente irakasleak lehiaketaren sorreraren berri ematen du Literfan fantasiazko literatura atariak eginiko txostenean. "Zientzia zen zientzialariaren kezka hurbilenak biltzeko gairik egokiena, laborategietako esperientziaren errealitate gordinarekin gehiegitan talka egiten duten hipotesi, ideia eta fantasiak gauzatze aldera; aldiz, paperean jarrita, norberaren irudimena eta zientzia-fikziozko generoaren joko arauak dira muga bakarrak".