euskaraespañol

UPV/EHUren The International Journal of Developmental Biology aldizkaria, Estatuko argitalpenik prestigiotsuena

Google Scholar Metrics-en 2009-2013 aldirako H5 indize berriaren arabera aztertu diren Espainiako 1.003 aldizkarietatik berak lortu du baloraziorik onena

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/28

Irudia

UPV/EHUk argitaratzen duen The International Journal of Developmental Biology aldizkari profesionala Estatuko argitalpenik prestigiotsuena da jakintza-arlo guztien artean, Google Scholar Metrics-en 2009-2013 aldirako H5 indize berriaren arabera. UPV/EHUren Garapenaren Biologiari buruzko argitalpen horrek lortu du baloraziorik onena enpresa estatubatuarrak aztertutako Espainiako 1.003 aldizkarien artean.

Google enpresaren parametro bibliometrikoa da H5 indizea, eta horren bidez aztertzen da Estatuko aldizkari profesional gehien (zehatz-mehatz, 1.003): horietatik 520 Gizarte Zientzietakoak dira, 218 Artearen eta Giza Zientzien arlokoak, 146 Osasun Zientzietakoak, eta 119 Natur Zientzietakoak eta Ingeniaritzakoak. Guztien artetik UPV/EHUren aldizkariak jaso du baloraziorik onena, bere H5 indizearen balioa 41 baita. "H5 indizea oso erraz kalkulatzen da: The International Journal of Developmental Biology aldizkariak 41eko indizea dauka, bere artikuluetariko 41, gutxienez, azken 5 urteetan (2009-2013 bitartean) 41 aldiz aipatu direlako", azaldu du Juan Arechagak, UPV/EHUko Biologia Zelularreko katedraduna bera, nazioarteko aldizkari horren argitaratzailea izateaz gainera.

Euskal aldizkari garrantzitsu horretan argitaratu duten ikertzaileen artean itzal handiko zientzialariak daude. Esate baterako, John Gurdonek, 2013ko Medikuntzako Nobel saridunak, zazpi aldiz argitaratu du. Aldizkariak urtean 100-150 artikulu plazaratzen ditu. Gehien-gehienak jatorrizko ikerlanak dira eta haietatik %95 nazioartekoak.

Itzulera ekonomikoa
Aldizkari profesional sendoen garrantzia, Arechagaren esanetan, herrialde bati erreferentziako argitalpenak edukitzeak ematen dion itzaletik harantzago doa; itzulera ekonomikoa ere garrantzitsua da: "Ikertzaile batek zientzia aldizkari batean artikulua argitaratu nahi duenean, ordaindu egin behar du, eta, zenbat eta aipu gehiago eduki aldizkariak, hainbat garestiago ordainduko du; hots, garrantziaren arabera, aipuen kopuruaren arabera". Horregatik uste du "poztu" egin behar garela atzerriko zientzialari batek hemengo aldizkari batean argitaratzen duenean, "are gehiago Nobel sariduna bada, John Gurdon, adibidez". "Merezi duen bezala baloratu behar da, garrantzi handia duelako", baieztatu du UPV/EHUren aldizkariaren argitaratzaileak.

UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Zelulen Biologia eta Histologia Saileko katedradun Juan Arechagak zuzentzen duen The International Journal of Developmental Biology aldizkaria nazioartekoa da, ingelesez argitaratzen da, eta beraren edukia Garapenaren Biologiari buruzkoa da. Biologia eta Medikuntza esperimentaletako espezialitate horrek zelulen diferentziazio eta morfogenesi prozesuak aztertzen ditu, enbriologiarekin, kantzerologia esperimentalarekin, zahartzearekin, zelula amekin eta ehunen erregenerazioarekin zerikusia dutenak. Funtsean Biologia Zelular eta Molekularreko teknikak erabiltzen ditu. Hileroko aldizkaria da; azken alea, 58. liburukiko 4. zenbakia, joan den ekainean argitaratu da. Paperezko edizioak 25 herrialdetan ditu harpidedunak, batez ere Estatu Batuetako unibertsitateetan, eta aldizkariak 1997tik edizio digitala ere badu (http://www.ijdb.ehu.es). Horrek hilean 30.000 bisita baino gehiago jasotzen ditu, eta PDFen ia milioi bat deskarga egiten dizkiote urtean. Hogeitik gora herrialdetatik iristen dira lanak, eta gutxienez nazioarteko hiru adituk baloratzen dituzte. Anonimoki eta dohainik egiten dute lan hori. Azkenik, iragazki akademiko horretatik igaro eta gero, jasotako artikuluen %60 baztertzen dira.