euskaraespañol

UPV/EHUk 2014-2015eko ikasle berrientzako plazen % 96,5 bete ditu dagoeneko

Hogeita hemeretzi graduk itxi dute matrikula

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/29

UPV/EHUk 2014-2015eko ikasle berriei eskainitako 8.856 plazen % 96,5 bete da. Hau da, matrikularako uztaileko epean, alegia, UPV/EHUk egingo dituen sei deialdietatik lehen hiruetan -lehenengoa, uztailaren 14tik 18ra eta, bigarrena, uztailaren 21ean eta 22an, eta hirugarrena uztailaren 24an-, 8.552 ikasle matrikulatu dira unibertsitateak hiru campusetan eskaintzen dituen 89 graduetako lehenengo mailan.

Matrikularen lehen epe honetan plaza guztiak bete dira 39 gradutan eta beste titulazio asko betetzear daude, matrikula baldintzatuen ebazpenaren zain -beste unibertsitate publiko baten erantzuna jaso behar duten ikasleek matrikula baldintzatua egingo dute-. Momentuz gutxieneko notarik altuena izan duten hamar gradu hauek dira:

  • Biokimika eta Biologia Molekularra (gutxieneko nota: 12,272)
  • Medikuntza (gutxieneko nota: 12,025)
  • Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza (gutxieneko nota: 11,448)
  • Fisioterapia (gutxieneko nota: 11,278)
  • Leioako Erizaintza (gutxieneko nota: 10,362)
  • Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza (gutxieneko nota: 10,305)
  • Donostiako Erizaintza (gutxieneko nota: 10,170)
  • Gasteizeko Erizaintza (gutxieneko nota: 10,144)
  • Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak (gutxieneko nota: 10,140)
  • Industria Teknologia (gutxieneko nota: 9,415)

Oraindik irailean egingo diren matrikula hiru epe geratzen dira: laugarren deialdia, irailaren 2 eta 3an; bosgarrena, irailaren 12an, eta seigarrena eta azkena, irailaren 19an.

Amaya Zarraga, UPV/EHUko Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak nabarmendu duenez, "orokorrean, gutxieneko notak aurreko urteetakoak baino hobeak izan dira, eta aipatu behar da, eskuratutako nota edozein izanda ere, datorren ikasturtean ikasle bikainak izango ditugula titulazio guztietan. UPV/EHU harro dago hain ikasketa-espediente distiratsuak duten ikasleek erakunde hau aukeratu dutelako beraien unibertsitate prestakuntzarekin jarraitzeko".