euskaraespañol

Mila urteko historia

Torrentejoko Erdi Aroko eremua aurkitu dute Bastida inguruan

Lehenengo argitaratze data: 2014/08/06

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Paisaien eta Ondarearen Ikertaldeak Torrentejo izeneko aztarnategia aurkitu du Bastidako Santa Luziaren baselizaren inguruan. Baseliza hori, Arabako Errioxako biztanleen artean oso ezaguna dena, XI. mendeko idazkietan aipatzen den Erdi Aroko herrixka batetik geratu den azken lekukoa da.

Ebro ibaiaren ertzean kokatutako herrixka hau 1075eko dokumentu batean aipatu zen lehenengoz. Urte horretan, Nafarroako errege Antso IV.ak hiribildua eta eliza eman zizkion San Millán de la Cogollako monasterioari. Hala ere, indusketak erakutsi du leku horretan jendea bizi izan zela aurretik ere. Identifikatu den lekukorik zaharrena harrian zulatutako giza formako hilobi bat da, IX. edo X. mende ingurukoa. Hilobiaren berezitasunetako bat da bukatu gabe dagoela eta, seguruenik, hilerri baten zatia da.

XII. menderako, jadanik, gaur arte kontserbatu den Torrentejoko Andra Mariaren eliza eraiki zen, mende horren bukaerako agirietan monasterio moduan aipatzen dena. Hala ere, aurretik eliza bat egon zen leku horretan bertan, eta hilerria eliza horri lotuta zegoen.

García Vela, Jimena, Sancho Muñoz, Díaz Álvarez Sarracino Vela, Dominico Téllez, Muño García, Muño Álvarez edo García González XI. mendean elizaren inguruetan bizi ziren Torrentejoko biztanleetako batzuk baino ez dira. Garai hartan herria Nafarroako erregearen beraren eta eremu horretan zein San Millán de la Cogollako monasterioan ondasunak zituzten jaunen (Fortún González, Lope Álvarez, Don Álvaro, Don Nuño, Doña Vita) aginte zorrotzaren mende zegoen.

Torrentejo, seguruenik, Arabako Errioxako beste herri batzuk bezala, hutsik geratu zen Behe Erdi Aroan. Hala ere, badirudi kasu honetan nahiko goiztik hustu zela herria, XIII. mendean. Une horretan lortu zuten, hain zuzen, Arabako Errioxako gazteluen inguruan eratutako herri nagusiek, Bastida eta Guardia bezalakoek, beren hesien barruan landa eremuko herriak hartzea.

Hala ere, Errioxako beste herrixka askok ez bezala, Torrentejok bizitasun handia izan zuen Errenazimentuan eta Aro Modernoan. Indusketak erakutsi du baselizaren ondoan etxebizitzak eta ekoizpenerako egiturak zeudela, eta horrek esan nahi du eremu hori oso erabilia izan zela XVII. eta XVIII. mendeetan. Monetak, buztinkiak eta janari hondarrak topatu dituzte, baita trebera bat ere, leku horretan zeramika ekoitzi izanaren adierazgarri dena. Aurkikuntza hori garrantzitsua da, izan ere, orain arte ez baita egon herrialdean artisau jarduera horri buruzko informaziorik.

XVIII. mendetik aurrera zenbait zaharberritze lan egin ziren tenpluan. Horietatik esanguratsuena 1780-1781 aldian izan zen. Une horretatik aurrera Andra Mariaren edo Torrentejoko Ama Birjinaren baseliza zaharrak Santa Luzia izena hartu zuen eta izen hori da gaur egunera arte mantendu duena. Beste zaharberritze lan garrantzitsu bat 1886an egin zen Saturnino Lópezen eskutik. Oraintsuago, eraikina 1981-1982an eta 2010ean aldatu da.

Edonola ere, indusketa ez da soilik baselizaren ingurua aztertzeko izan. Eraikinaren ondoko magaletan nekazaritzarako erabilitako antzinatasun handiko terrazak aurkitu dira, lurralde honetako kultura paisaiaren eraldaketa nagusiak aztertzeko balioko dutenak. Aztertutako bost terrazetan hainbat eraikuntza fase daudela ikusi da eta horiei esker zereala eta beste labore batzuk lantzetik soilik mahatsondoak lantzera noiz pasatu ziren jakin ahal izango da. Esku hartze hau oso garrantzitsua da, batez ere, kontuan hartuta Eusko Jaurlaritzak Arabako Errioxako ardoaren eta mahastien paisaia kultura ondasun deklaratu duela oraintsu (2014ko ekainaren 13ko EHAA). Horri esker, gainera, lehenbizikoz kultura paisaia hauen sorreraren historia kontatu ahal izango da. Hori izan beharko litzateke, izan ere, aipatutako deklarazio horretan eskatzen den plan estrategikoaren abiapuntua (7. art.).