euskaraespañol

Kimikaren bidez kalitatea kontrolatzen

Kimika analitikoaz baliatzen da UPV/EHUko ikerketa-talde bat laborategi industrial eta ofizialetako arazoak konpontzeko

Lehenengo argitaratze data: 2014/08/07

Irudia

Gaur egun, ezinbestekoa dute enpresek I+G+Ba nazioartean lehiakor izateko. Lehiakortasun-premia horrek bultzatuta, kalitate-kontzeptua txertatzen dute beren prozesu eta produktuetan. Hainbat esanahi eta adiera ditu "kalitate" hitzak, baina helburu bera beti: bezeroen beharrak eta iguripenak asetzea. Normalean, kalitate-kontroleko prozedurak erabiltzen dira horretarako. UPV/EHUko ikertzaile-talde bat kimika analitikoaz baliatu da laborategi industrialen eta ofizialen zenbait arazo konpontzeko, eta orain arteko metodoekin baino emaitza hobeak lortu dituzte.

Ezinbesteko eginkizuna du laborategi eta enpresa orok bere prozesu eta produktuen kalitatea kontrolatzea. "Produktu fluordunen analisian espezialista diren zenbait laborategi industrialek azaldu diguten arazoa hau da: nola determinatu ezpurutasun anionikoak metodo kimiko tradizionalekin. Luzeak eta aspergarriak izaten dira metodo horiek, eta zenbait interferentzia jasan ohi dituzte", dio Nerea Ayarza UPV/EHUko Kimika Analitika Saileko FARMATERM taldeko ikertzaileak.

Fluordun produktuak fabrikatzen dituen enpresa batekin elkarlanean ari da UPV/EHUko ikerketa-talde bat, produktu horien ezpurutasun anionikoak determinatzeko metodologia alternatiboen bila. Metodo kimiko tradizionalak alde batera utzi eta teknika instrumental askoz azkarragoak, automatizatuagoak eta langilearen manipulazio gutxiago eskatzen dutenak ari da aplikatzen UPV/EHUko talde hori: ioien elektroforesi kapilarra eta kromatografia ionikoa. "Lagin-bolumen oso txikia behar duela du abantaila nagusi elektroforesi kapilarrak", dio Ayarzak. "Teknika horrek emaitzarik emango zuelakoan geunden, baina ez da hala gertatu", adierazi du ikertzaileak. "Aldiz, oso emaitza onak utzi ditu kromatografia ionikoak -dio Ayarzak-, eta, gaur egun, teknika horrekin garatutako metodologia erabiltzen da produktu fluordunetako ezpurutasun anionikoen kalitate-kontrola egiteko, bezeroek hala eskatuz gero".

Laborategi ofizialak
Bestalde, uretan dauden anioiak eta pestizidak aztertu ditu aipatutako ikerketa-taldeak Espainia eta Herbeheretako zenbait laborategi ofizialetan. Kromatografia ionikoaren teknika erabili dute herrialde bietan. "Teknika horri esker, ISO 17.025 ziurtagiria lortzen lagundu diogu ura analizatzen duen Espainiako laborategi ofizial bati", azaldu du Nerea Ayarzak. Horretarako, elkarrekin alderatu dituzte laborategiko emaitzak eta teknika horrekin jasotakoak. Estatu Batuetako EPA agentziak (Environmental Protection Agency) teknika hori ezarri du uretan dauden anioiak analizatzeko tresna ofizialtzat.

Orain arte, prozesu luze bat egin behar izaten zen pestizidak analizatzeko, baina, masa-espektrometriari akoplatutako kromatografia ioinikoari esker, azkar eta erraz lortu dugu Europako legediak eskatzen digun maila", adierazi du ikertzaileak.

"Azken hamarkada hauetan, ioi-aztarnak analizatzeko metodo nagusietako bat izatera iritsi da kromatografia ionikoa. Guztiz ezinbestekoa da teknika hori ura eta ingurumen-laginak aztertzeko", dio.

"Oso garrantzitsua: ahalik eta eraginkortasun handienaz erabili behar dituzte laborategiek eskura dituzten teknikak, hartara enpresen eta laborategien arazoak konpontzen jarraitzeko, eta laguntzeko lehiakorragoak izaten", azpimarratu du Ayarzak.

Informazio osagarria
Hau du helburu FARMARTEM ikerketa-taldeak: metodologia analitiko berriak garatzea, metabolomikara eta zenbait alorretara aplikatzeko (farmazia, industria, ingurumena, ondare artistikoaren zaharberritzea...). Ondoren, aurrerapen horiek matrize konplexuetako analitoen determinazioan azaldu ohi diren sentikortasun- eta selektibitate-arazoak konpontzeko teknika analitiko instrumentaletan aplikatzen saiatzea izango da hurrengo pausoa, jasangarritasunarekiko konpromisoa eta teknologia garbien erabilera uztartuta.

UPV/EHUko Kimika Analitikoko Sailean Nerea Ayarzak aurkeztutako 'Analytical strategies to solve problems in industrial and official laboratories' tesian ageri da ikerketa hori. Rosa María Alonso Rojas katedradunaren eta Juan Manuel García Góngora doktorearen gidaritzapean egin zuen tesia Ayarzak.

Erreferentzia bibliografikoa
N.Ayarza, J.G. Góngora, R. M. Alonso. 'Industrial Application of Ion Chromatography to the Quality Control of Fluorinated Inorganic Acids' Analytical Letters 06/2014; DOI: 10.1080/00032719.2014.893440