euskaraespañol

Energia eolikoak txikitu egiten du elektrizitate-faktura

UPV/EHUko ikerketa batek 2008-2012 aldiko Espainiako elektrizitate-merkatua aztertu du, zeinean energia berriztagarriak indartsu sartu baitziren merkatuan

Lehenengo argitaratze data: 2014/08/27

Irudia

Energia-politikari buruzko gaur egungo eztabaidagaietako bat da energia berriztagarriak sustatu behar diren edo ez. Ikuspuntu ekonomikotik, ordainketa-sistemaren kostua zehaztearen bidetik doa galdera. Alegia, alde batetik, ea pizgarriak azken araudi-aldaketetakoak bezain garestiak diren, eta, bestetik, ea jokabide bera duten energia berriztagarri guztiek. UPV/EHUko Bilbao Energy Research Team (BERT) ikerketa-taldearen azterketa batek modu enpirikoan aztertu ditu puntu horiek, eta ondorioztatu du energia eolikoarekin aurreztu egiten dela, nahiz eta pizgarriak ordaindu. Aitzitik, eguzki-energia fotovoltaikoaren teknologiak garapen-fasean daude oraindik. Ikerketaren berri Energy Policy aldizkarian argitaratu dute.

UPV/EHUko ikerketak 2008-2012 aldiko Espainiako elektrizitate-merkatua aztertu du, zeinean energia berriztagarriak indartsu sartu baitziren merkatuan (Erregimen Bereziko energiaren ekoizpena % 57 hazi zen), eta energia horien kostua kalkulatu du. Horretarako, lehenik eta behin, iturri berriztagarrietatik lortutako energiak merkatuan eragindako aurrezpena kalkulatu dute, eta, gero, energia berdeari pizgarri moduan emandako zenbatekoa zenbatetsi dute. Bi magnitude horien arteko aldea energia berriztagarriaren kostu garbia da. Orain arte egin izan diren beste ikerketa-lan batzuetan ez bezala, "lan honetan bereizita eman dira teknologia berriztagarri bakoitzaren emaitzak, eta, hala, frogatu dugu ondorio orokorrek ez dutela balio teknologia guztietarako", azaldu du Cristina Pizarro-Irizarrek, azterketaren egile nagusiak.

Lortutako emaitzen artean, nabarmentzekoa da aldi horren hasieran (2008-2009), instalatutako energia berriztagarrien bidezko sorkuntza-ahalmena txikiagoa zenean, iturri berriztagarrietatik lortutako energiaren aurrezpena handiagoa izan zela sistemaren kostuak baino. "25-45 euro bitarteko aurrezpena ekarri zuen megawatt-orduko (MWh), urtearen arabera" nabarmendu du Pizarro-Irizarrek.

2010etik aurrera, ordea (urte hartan hasi zen berriztagarrien ekoizpena modu esponentzialean hazten), erregulazio-kostuak asko handitu ziren, eta horrek kostu garbi positiboa ekarri zuen sistemarentzat. "Energia berriztagarriak hainbeste sartu ziren merkatuan, ezen prezioak ez baitziren gehiago jaitsi, eta pizgarrien kostuek gora egin zuten. Inflexio-puntu bat dago, eta, hain zuzen ere, puntu horretan utzi zion sistemak iraunkor izateari. Espainiako elektrizitate-merkatuan, 2010ean iritsi ginen inflexio-puntu horretara", jakinarazi du Cristina Pizarro-Irizarrek.

Iturriak banan-banan aztertzea

Hala ere, iturri berriztagarriak banan-banan aztertuta, desberdintasun garrantzitsuak daude batzuen eta besteen artean. Bi arrazoi daude horren atzetik: "batetik, teknologia bakoitzak merkatuan duen barneratze-maila, eta, bestetik, teknologia batzuen eta besteen pizgarrien arteko aldea".
Horren arabera, "gaur egun, energia eolikoak aurrezpen handiagoa dakar pizgarrien kostua baino. Eguzki-energia fotovoltaikoaren kasuan, ordea, teknologia horiek oraindik ez dira sartu merkatuan errentagarriak izateko adina, garapen-fasean baitaude oraindik". Hau da, "energia eolikorik ez balego, merkatuko kostuak handiagoak lirateke; baina hori ez litzateke horrela izango eguzki-teknologien kasuan, azken horiek askoz gehiago ordaindu baitira orain arte", dio Pizarro-Irizarrek.

Cristina Pizarro-Irizarrek ondorioztatu duenez, "ikerketa honen emaitzek erakutsi dute, batetik, oso garrantzitsua dela pizgarri-sistemak ongi diseinatzea, eta, bestetik, teknologia batzuen ordainketaren gehiegizko dimentsionamendua arriskutsua dela".

Nabarmentzekoa da Pizarro-Irizarrek ez diola etorkizun oparoa ikusten energia berriztagarriari; izan ere, besteak beste diru-laguntzarik ez dagoelako, ez da berriztagarrien bidezko sorkuntza-ahalmenik instalatzen ari estatuan. "Eta horrek, noski, eragina izango du gugan, bai ingurumenaren ikuspegitik -energia karbono dioxidoa isurtzen duten teknologiekin sortzen jarraituko dugu - eta bai ekonomikotik -gas-teknologiak erabiltzeko gasa inportatu behar baitugu-", azaldu du Pizarro-Irizarrek.

Informazio osagarria

Bilbao Energy Researh Team (BERT) ikerketa-taldea UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Ekonomia Analisiaren Oinarriak II sailekoa da. Ikerketa-talde horren zuzendaria Maria Paz Espinosa da, Harvardeko Unibertsitatean Ekonomiako doktore eta UPV/EHUko Ekonomia Analisiaren Oinarriak II saileko katedradun dena.

Ikerketa-lan hau UPV/EHUko telekomunikazio-ingeniari Cristina Pizarro Irizarren doktoretza-tesiaren parte da, eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren doktore ez diren ikertzaileak trebatzeko finantzazio-programaren laguntza jaso du. Cristina Pizarro-Irizarrek elkarlanean jardungo du Karlsruheko (Alemania) Fraunhofer Instituteko Competence Center Energy Policy and Energy Marketsekin hiru hilabetez, maiatzaren 1etik uztailaren 31ra bitartean.

Erreferentzia bibliografikoa:

A. Ciarreta, M.P. Espinosa, C. Pizarro-Irizar. "Is green energy expensive? Empirical evidence from the Spanish electricity market". Energy Policy 69: 205-215 (2014).

http://dx.doi.org/10.1016/j.enpol.2014.02.025