euskaraespañol

UPV/EHUk ongietorria egin die atzerriko bisitariei

Lehenengo argitaratze data: 2014/09/18


Euskal Herriko Unibertsitateak atzerritik bisitatzera datozenei ongietorria egiteko ekitaldia (Orientation Day) egin zuen bere hiru campusetan.

Unibertsitateko erakunde ordezkarien ongietorria jasotzeaz gainera, truke programako ikasleek UPV/EHUko ikasleentzako unibertsitate zerbitzuak ezagutu zituzten; halaber, campusek antolatzen dituzten kirol eta kultura jarduerak eta hirietan aisiarako eta astialdirako dauden aukerak ezagutu zituzten, eta hiriko eta campuseko bizitzari buruzko galderak egin zizkieten Buddy programan parte hartzen dutenei. Parte hartzaile horiei egindako lana aitortu zitzaien.

2013-2014 ikasturtean 760 nazioarteko bisitari etorri ziren UPV/EHUra eta 1337 ikasle joan ziren hainbat mugikortasun-programa bitartez.

Harrera-zerbitzuak, laguntzaile birtuala, Skype eta hizkuntzak
Nazioarteko bisitariak UPV/EHUra iristean, gure hiru Campusetan (Gipuzkoa, Bizkai eta Araban) dauden Harrera Bulegoetako (Help Centres) langileek egiten diete harrera. Laguntza pertsonalizatua eskaintzeaz gain, UPV/EHUk kontsultarako eta bidaia egin aurretik laguntzeko bitartekoak eskaintzen ditu.

UPV/EHUk gaztelaniazko eta euskarazko ikastaroak eskaintzen ditu halaber. Ikastaro horiek bereziki prestatu dira nazioarteko bisitariak gure ingurunean murgiltzeko. Gainera, Cervantes Institutuarekin egiten den lankidetzari esker, gaztelania-maila ziurtatzeko aukera eskaintzen da, Gaztelania Atzerriko Hizkuntza gisa egiaztatzeko Diplomaren bitartez.