euskaraespañol

III Unibertsitate arteko Eztabaida Ligaren azken fasea hartuko du UPV/EHUk

Arabako Campuseko Letren Fakultatea eta Eusko Legebiltzarra izango dira kanporaketa ezberdinen egoitzak

Lehenengo argitaratze data: 2014/09/19

Asteartean, irailaren 23an, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campusak Unibertsitate Eztabaidako III. Ligaren azken fasea hartuko du. Saioak Letren Fakultatean egingo dira, eta finala Eusko Legebiltzarraren egoitzan egingo da.

Aurreko edizioetan, 2011n 2012an, Liga honen antolatzailea UPV/EHU izan da, Euskara eta Ikasleen Errektoreordetzen bidez. Oraingoan ere, planteamendu berarekin aurkezten da proiektua.

Unibertsitate arteko Eztabaida, azken hamarkadan batez ere, bultzada handia jasotzen ari den unibertsitate jarduera bat da. Ikasleen zeharkako gaitasunak lantzen laguntzen duen jarduera da. Espiritu kritikoa, publikoaren aurrean hitz egiteko gaitasuna, argumentatzeko gaitasuna, talde lana eta beste hainbat gaitasun hobetzeko bitarteko bilakatu da, alegia.

Honekin guztiarekin batera, hainbat txapelketa antolatzen dira estatu mailan. Bertan 3-5 ikaslerekin sortutako talde bakoitzak bere unibertsitatea ordezkatzen du, eta beste talde batekin norgehiagoka egin ondoren, epaimahai batek irabazlea aukeratzen du. Horretarako, epaimahaiak hainbat elementu izan ohi ditu kontutan: edukia (argudioak, datuak, arrazonamenduak, etab.) eta forma (komunikazioa, jarrera, itxura, konpetibitate maila egokia, etab.). Azkenik, txapelketa amaitzean sariak banatzen dira.

Eztabaidarako aukeratzen diren gaiak gaurkotasunarekin eta gizartearekin zerikusia izaten duten gaiak izaten dira. Galdera itxi bat bezala planteatu behar dira, hau da, baiezko batekin ala ezezko batekin erantzun daitezkeen galderak bakarrik (aldeko eta aurkako jarrerak).

Oraingo honetan, eztabaidatu beharreko gaia hau  izango da: 'Internetek gizatasuna kentzen al die pertsonen arteko harremanei?'.

Parte-hartzaileak
Euskara hizkuntza erabilgarri bezala duten unibertsitateen artean egiten da txapelketa hau. 2014 urteko txapelketarako baieztapena honako unibertsitateak eman digute:

  • UNED
  • Mondragon Unibertsitatea
  • UPV/EHU

Parte hartzeko prest dauden unibertsitateak talde oso bat (3-5 ikasle bitartean) eta epaile bat (ordezkari gisa) ekarriko dituzte. Antolatzaileak epaimahaia betetzeko eskubidea izango du, kanpoko adituak ekarriz ala eztabaida munduan ospea duten pertsonak gonbidatuz.

PROGRAMA

  • 9.30 Aurreko fasea Letren Fakultatean
  • 12.00 Harrera Eusko Legebiltzarrean talde antolatzaileari eta ordezkari instituzionalei
  • 12.30 Finala .Gaia: Internetek gizatasuna kentzen al die pertsonen arteko harremanei?
  • 13.30 Epaileen deliberazioa
  • 13.30   Bisita Eusko Legebiltzarreko eraikuntzari
  • 14.30 Sari banaketa