euskaraespañol

UPV/EHUk eta Kontsumobidek kontsumitzaileak babesteko hainbat ekimen egingo dituzte

Hitzarmen horren fruituz, erakundeen arteko foro bat martxan jarriko dute kontsumoaren arloan lan eta elkarlanean egiteko

Lehenengo argitaratze data: 2014/10/09

(ezkerretatik euskinetara) Elena Unzueta Kontsumobideko zuzendaria eta Maite Zelaia UPV/EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordeak
(ezkerretatik euskinetara) Elena Unzueta Kontsumobideko zuzendaria eta Maite Zelaia UPV/EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordeak

UPV/EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordeak, Maite Zelaiak eta Kontsumobideko zuzendariak, Elena Unzuetak, lankidetza-hitzarmena sinatu dute kontsumoaren eta Euskadiko kontsumitzaileak babestearen alorrean elkarrekin jarduteko. Bi erakundeek kontsumoaren inguruan jarduketak batera egiteko hitzarmen bat sinatzen duten lehenengo aldia da. Hitzarmen honetan erantzukizun sozialaren, ezagutza-transferentziaren, prestakuntzaren eta balioetan oinarritutako hezkuntzaren alorrean ekimenak egitea jasotzen da.

Hitzarmen hau guztia jasotzen da: elkarri aholkularitza-ekintzak egitea Euskadiko kontsumitzaileen eskubideak garatzeko araudian baita ikerketen plangintzan, antolamenduan eta ikerketen gauzatzean ere; aholkularitza teknikoa ematea eta txostenak egitea Kontsumobideko profesionalen talderako; kontsumoaren euskal araudia aztertzeko laguntza ematea; unibertsitateko komunitaterako prestakuntza eta sentsibilizazioa ematea eta UPV/EHUk Kontsumobideko eta Euskadiko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak defendatzea esleitzen zaien beste erakunde batzuetako pertsonalari prestakuntza ematea.

Era berean, UPV/EHUrekin lankidetzan, Kontsumobidek Euskadiko kontsumitzaileentzat aholkularitza finantzarioaren zerbitzua jarriko du martxan. Zerbitzu berria telefonoaren edo posta elektronikoaren bidez aurretiko hitzordua eskatuta eskainiko da, Kontsumobideren bulegoetan urriaren 15etik abenduaren 31ra arte (hasteko, behintzat). Horrela, hala nahi duten pertsona guztiak Kontsumobideko bulegoetara joan daitezke, gai finantzarioei buruz dituzten zalantza eta gorabehera guztiak konpontzera.

Batera egingo dituzten jarduerak aipatuta, UPV/EHUk nabarmendu du hitzarmen honek aukera ematen duela kontsumo arduratsuaren gaia unibertsitateko curriculumean eta unibertsitateko bizitzan sartzeko. "UPV/EHUko ikasleek kontsumoarekin zerikusia duten gaiei buruzko praktikak eta ikerketak egin ahal izango dituzte, eta unibertsitateko komunitate guztiak bi erakundeen lankidetzaren ondorioz antolatzen diren jardunaldietan, mintegietan eta kongresuetan parte hartu ahal izango dute."

Erakunde arteko eta diziplina arteko foro bat eratzea

Prestakuntzako eta aholkularitzako ekimenez gain, hitzarmen hau sinatzearen ondorioz, elkarri aholkularitza emateko esparruan, erakundeen arteko eta diziplinen arteko foro bat sortu ahal izango da, gaur egungo gaiei buruz aritzeko kontsumoko gaietan. Foro hau hainbat eremutako adituek eta profesionalek osatuko dute, eta Kontsumobideko pertsonalarekin batera, kontsumo-gaietako proiektuak planteatzeko gogoeta egingo dute eta kontsumoko jarrera nahiz joera berriak aztertuko dituzte, erantzunak emateko eta hutsuneak nahiz beharrak detektatzeko.