euskaraespañol

"Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat" programa Europa mailako Erhin sarien finalista izan da

Lehenengo argitaratze data: 2014/10/09

Irudia

Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak, The European Responsible Housing Initiative (ERHIN) izenekoak sustatzen dituen sarietako finalista izatea lortu du, "Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat" programari esker.

Udal Etxebizitzak erakundeak Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Deustuko Unibertsitatearekin batera martxan jarritako "Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat" programa aintzatetsi da, hain zuzen ere.

Europako Etxebizitza Arduratsu Ekimena (ERHIN), Delphisek, Cecodhas Housing Europak eta Errentarien Nazioarteko Batasunak martxan jarritako egitasmoa da, Europar Batzordearen laguntzarekin, etxebizitzaren alorrean gizarte erantzukizuna bultzatzeko xedez.

Epaimahaiak "Gazte Solidarioak" programa aukeratu zuen joan den uztailean, Tokiko Gizarte Erantzukizun kategoriako Europako 5 finalista hoberenen artean, ondoren aipatzen diren alderdiak azpimarratuz, besteak beste:

  • Gizartearen arazoei eta funtsezko beharrei ekiteko modu berritzailea: gazteei etxebizitza izateko aukera erraztea eta gizarte kohesioa eta erkidegoko partaidetza sustatzea horren beharra duten auzoetan.
  • Auzoen biziberritzeari laguntzea.
  • Gazteen elkarrizketa, lankidetza eta kontzientziazioa sustatzea, erkidegoari dagozkien gaien inguruan.
  • Iraunkortasuna eta denboran zehar errepika daitekeen egitasmoa izatea.

Epaimahaiak, gizarte erantzukizunaren alorreko Europako jardunbide hoberenetakoak aukeratzen ditu, eta horien artean dago Udal Etxebizitzak erakundearen ekimena. Programa horren bitartez, udal etxebizitzak eskaintzen zaizkie ikasleei, partekatutako alokairu erregimenean, pertsona bakoitzeko hilean 55 euroko prezio sinbolikoa kobratuz (ur eta argi gastuak aparte). Horren ordez, ikasleek erkidegoko egitasmoetan eta egoera txarrean dauden taldeei laguntzeko proiektuetan hartzen dute parte, Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra auzoetan.

UPV/EHUko berrogeita bost eta Deustuko Unibertsitateko hamar ikasle, 35 urtetik beherakoak eta gradu-osteko tituluetan matrikulatuak, izango dira ekimen horren onuradunak 2014/2015 ikasturtean.

Epaimahaiak kontuan izan du oso programa interesgarria dela, gizarte alorreko helburu asko betetzen dituelako, Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra auzoak biziberritzea eta gaztetzea, unibertsitateko prestakuntza eta gizarte eta erkidego erantzukizuna bateragarri egitea, eta ikasle gazteei etxebizitza izateko aukera ematea, besteak beste.

Argazkia: Azken edizioan banatu ziren etxebizitzak