euskaraespañol

Mikro eta nanopartikulak diseinatzen, alzheimerraren eta parkinsonaren tratamenduak hobetzeko

UPV/EHUko Farmazia Fakultatean, kapsularatze-teknikak garatzen ari dira, modu egoki eta eraginkorrean emateko zenbait sendagai

Lehenengo argitaratze data: 2014/10/15

Nanopartículas poliméricas biodegradables. Test para analizar la memoria  a corto plazo en ratones transgénicos con alzhéimer. Marcadores para analizar la neurogénesis.

Enara Herran ikertzailea UPV/EHUko Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoa Sailean dabil lanean. Alzheimerraren eta parkinsonaren aurkako tratamenduak emateko modua hobetzea da haren helburua. Izan ere, Herranek berak gogorarazi duenez, "gaitz horiek gero eta hedatuago daude gure gizartean ".

Bi gaitzek neuronei eragiten diete: neuronek berezko egitura eta funtzioa galtzen dute, eta, horren ondorioz, pazientearen funtzio motor, kognitibo, sentsorial eta emozionalek kalteak jasaten dituzte. Herranen arabera, bai alzheimerra bai parkinsona tratatzeko erabiltzen diren ohiko botikek, kasu askotan, sintomak arintzea besterik ez dute lortzen, gaixotasunaren jatorrian eragin gabe: "Normalean pilulak izaten dira, eta ahotik hartzen dira".

Ez dira horiek alzheimerrari eta parkinsonari aurre egiteko erabiltzen diren botika bakarrak. Badira neuronen galera eragozten eta berriak sortzen laguntzen duten sendagaiak, hala nola zenbait hazkuntza-faktore. "Baina ez dira hainbeste erabiltzen, ez baitago haiek emateko modu erraz eta segururik", ohartarazi du Herranek. Azaldu duenez, neuronetara iristeko, botikek hesi hematoentzefalikoa igaro behar dute, eta hori ez da batere erraza. Bada, arazo hori gainditzea bilatzen du Herranek ikerketarekin.

"Hazkuntza-faktoreak eraginkortasun eta segurtasun handiz eman ahal izateko, kapsularatu egiten ditugu. Hau da, mikro eta nanokapsuletan sartzen ditugu, eta garunean inplantatuko genituzke, kraniotomia baten bitartez. Horrela, eragin behar duten lekuan bertan joango lirateke askatzen botikak, modu iraunkorrean eta dosi egokian", esplikatu du Herranek.

Mikro eta nanopartikula horiek 2-3 hilabetetik urte batera egoten dira hazkuntza-faktoreak askatzen, polimeroa degradatu egiten den arte; horri esker, gaixoak ez du egunero hartu behar botika. Hala ere, alde handiena ez da hori, baizik eta kapsularatutako botikak askoz ere eraginkorrak direla ahotik hartu ohi direnak baino. Hori ikusi dute, behintzat, saguekin eta arratoiekin egin dituzten esperimentuetan. Hain zuzen ere, Herranek gogorarazi duenez, "Bi gaixotasun horiek osasun publikoaren arazo larri bihurtu dira, eta komunitate zientifikoa ahalegin handia egiten ari da tratamendu berriak aurkitzeko eta aurrera eramateko".

Bide onetik
Herranek azaldu duenez, animaliekin egindako esperimentuetan bi faktore probatu dituzte -vascular endothelial grouth factor (VEGF) eta glial cell-line derived neurotrophic factor (GDNF)-, polimero biobateragarri eta biodegradagarri baten barruan kapsularatuta -poly (lactic co-glycolllic acid) (PLGA). "Zenbait kapsularatze-teknikaren bidez, mikro eta nanopartikulak egin genituen. Lehenengo, parkinsonarekin probatu genuen; hasieran, zelula-kulturetan, eta, gero, arratoietan. Eta bietan izan genituen emaitza onak". Partikulekin tratatutako arratoiek hobekuntza handia erakutsi zutela nabarmendu du Herranek: "Alde handia nabari zitzaien portaeran zein kaltetutako eremuen osatzean, kontrol-taldekoekin alderatuta".

Bigarren pausoan, alzheimerrarekin egin zuen proba, saguetan, eta kasu horretan ere emaitzak onak izan zirela baieztatu du Herranek: "Tratamendua jaso eta hiru hilabetera, tratatutako saguek oroimen ona zuten, sagu osasuntsuenen parekoa. Azterketa histologikoan frogatu genuen alzheimerrean garatzen diren beta-amiloide plakak asko murriztu zirela, hantura apaldu eta angiogenesia areagotu".

Esperimentu horien emaitzak eta ondorioak aldizkari espezializatuetan argitaratu dituzte, tartean, Journal of Controlled Release aldizkari ospetsuan. Eta horixe izan da orobat Herranen doktore-tesiaren gaia. Baina ikerketa ez da amaitu; Herranek aurreratu duenez, orain "formulazio hobeak" lortzeko ikertzen ari da, mikro eta nanopartikulak garunean inplantatu beharrik ez izateko. Azken helburua argia da: parkinsona eta alzheimerra tratatzeko bide eraginkorrena, seguruena eta egokiena garatzea.

Informazio osagarria
Enara Herran Martínez (Gasteiz, 1985) Farmazian doktoreak "Faktore angiogenikoak eta neurotrofikoak askatzen dituzten mikro eta nanopartikulak, neuroendekapenezko gaixotasunen tratamendurako tresna terapeutiko gisa" izeneko tesia egin du, UPV/EHUren Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoa Saileko Rosa María Hernández katedradunaren eta Manoli Igartua doktorearen zuzendaritzapean.

Tesia, nagusiki, UPV/EHUren Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoa Sailean egin badu ere, atal handi bat Madrilgo 12 de Octubre ospitaleko Ikerketa Zentroko Neurozientzia Laborategian egin du.

Ikerketaren harira, zenbait artikulu argitaratu ditu aldizkari zientifikoetan:
E. Herran, J.A. Ruis-Ortega, A. Aristieta, M. Igartua, C. Requejo, J.V. Lafuente, L. Ugedo, J.L. Pedraz, R.M. Hernandez. "In vivo administration of VEGF- and GDNF-releasing biodegradable polymeric microspheres in a severe lesion model of Parkinson's disease". European Journal of Pharmaceutics and Biopharmaceutics 85 - 3: 1183 - 1190 (2013).
E. Herran, R. Perez-Gonzalez, M. Igartua, J.L. Pedraz, E. Carro, R.M. Hernandez. "VEGF-releasing biodegradable nanospheres administered by craniotomy: A novel therapeutic approach in the APPPs1 mouse model of AD". Journal of Controlled Release 170: 111 - 119 (2013).
E. Herran, C. Requejo, J.A. Ruiz-Ortega, A. Aristieta, M. Igartua, H. Bengoetexea, L.Ugedo, J.V. Lafuente, R.M. Hernandez. "Increased antiparkinson efficacy of the combined administration of VEGFand GDNF-releasing nanospheres in a partial lesion model of Parkinson's disease". International Journal of Nanomedicine 9: 2677 - 2687 (2014).
E. Herran Martinez, M. Igartua Olaechea, J.L. Pedraz Muñoz, R.M. Hernández Martín. "Novel Drug Delivery Systems for Releasing Growth Factors to the CNS: Focus on Alzheimer's and Parkinson's Diseases". Mini-Reviews in Medicinal Chemistry 14 - 7: 557 - 566 (2014).

Argazki-oinak
A) Nanopartikula polimeriko biodegradagarriak.
B) Alzheimerra duten sagu transgenikoetan, denbora laburreko oroimena aztertzeko testa.
C) eta D) Neurogenesia aztertzeko markaketak.