| English
-
Daniel Reta ikertzaileak ERC Starting Grant beka jaso du, 1,5 milioi eurokoa
-
Euskal Herriko Unibertsitateak Gabriel Aresti Katedra abian jarri du
-
Energía oceánica, una de las renovables menos conocidas
-
Capitanes intrépidos
-
Araztegi-urek ibai-ekosisteman eragiten dute, ondo tratatuta eta oso diluituta egon arren
"Ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak" liburuak euskarazko azentuari eta intonazioari buruzko lehen eredua ezarri du
UPV/EHUko Euskararen bariazioa aztertzeko ikerketa taldeak, EUDIAk, egindako lanak eskolan ahozko euskara nola irakatsi behar den landu du gainera
Lehenengo argitaratze data: 2014/10/16

UPV/EHUko Euskararen bariazioa aztertzeko ikerketa taldeko -EUDIA- kide batzuek, Iñaki Gaminde, Gotzon Aurrekoetxea, Aintzane Etxebarria, Urtza Garay eta Asier Romerok, euskara estandarra ahoskatzeko lehenengo eredua plazaratu dute, baita hori eskolan nola irakatsi behar den landu ere Ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak. Laguntzarako materiala: teoria eta praktika liburuan. Argitalpen honen egileak Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak eta Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika departamentuetakoak dira.
"Euskara batuak laster 50 urte beteko dituen arren, oraindik ez da azentuari buruzko arau ofizialik. Gutxiago intonazioari buruz. Honek euskarara inguru erdaren ereduak sartzea dakar. Areago, euskaldun berrien kasuan. Euskara irakasten ari den jendea ahozko euskara irakasteko tresnarik gabe aurkitzen da, bai euskaltegietan, bai ikastola-eskoletan. Honek ezinbesteko bihurtzen du material hau, jendeak jakin dezan badela eredu bat, oraindik ofiziala ez dena, baina ikerketa sakonak egin ondoren, euskararako oso egokia dena", jakinarazi du Gotzon Aurrekoetxea liburuaren egileetako batek eta EUDIAK-eko kideak.
Ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak liburu aitzindaria hutsune hori betetzera dator, hala, euskara estandarraren azentua eta intonazioa ikertu dira bertan; eta hortik eredu bat atera da bai azenturako, bai intonaziorako. Eredu horietatik abiatuz ahozko euskara nola irakatsi behar den eskoletan landu da, bestalde.
"Ahozkoa ozta-ozta heldu da ikasgeletara, eta heldu denetan gehienetan ipuinen eta kultura tradizionalaren euskarri moduan heldu da. Ahozko euskara ez da modu sistematiko eta erreglatuan inoiz landu. Eta ez da landu oinarririk eta lanabesik edo bitartekorik izan ez delako", azaldu dute argitalpen aitzindari honen egileek.
Online
Liburua "Creación del ToBI para la lengua vasca y las herramientas didácticas para su aplicación en la enseñanza de la lengua vasca (Ministerio de Economía y Competitividad)" ikerketa-proiektuaren emaitza da. Ikerketa-proiektu hau hiru urtekoa da 2011-2014 eta liburuak proiektu guztia laburbiltzen du, baina aldi berean hiru urte hauetan ekoitzi diren 22 artikulu zientifiko baino gehiagorekin joan da garatzen.
Bestalde, EUDIA ikerketa-taldeak eskuartean dituen proiektuen artean dago guztia online jartzea; hots, "euskara estandarraren azentu eta intonazioari buruzko webgunea interaktiboa sortzea. Webgune honek adibideak, ariketak, soinuak eta abar izango ditu", gaineratu dute egileek.
Argazkia: Asier Romero, Iñaki Gaminde eta Gotzon Aurrekoetxea.