euskaraespañol

Espainian Bazterkeria eta garapen sozialari buruzko VII. FOESSA Txostenean parte hartu du UPV/EHUk

Civersity ikerketa taldeak idatzitako atalean krisiaren ondoren nolako gizartea eratuko den aztertu dute

Lehenengo argitaratze data: 2014/10/30

Espainian Bazterkeria eta garapen sozialari buruzko VII. FOESSA Txostena urriaren 28an aurkeztu zen, eta bertan hainbat gai sakon aztertu ziren (lanak ia 700 orrialde, zortzi atal eta eranskin bat ditu); aztergaien artean daude, besteak beste, estatuko gizarte eredua, errentaren gaur egungo banaketa, gizarte bazterketaren prozesuak, lan merkatua, ongizatearen egoera, zein gizarte berri sortuko den krisiaren ondoren, kapital soziala eta kulturala, eta Espainiako egoera nazioarte mailan. Espainiako egoera sozialari buruzko FOESSA Txostenen serieko azken lan honetarako ikerketa soziologikoan lan handia egin da azken bost urteetan, eta estatuko 30 unibertsitatetako 90 adituk eta ikertzailek baino gehiagok hartu dute parte, tartean UPV/EHUko Civersity taldeak. 

Aurrekoak bezalaxe, gizarte garapenaren erronka eta desafioak azaleratzea da FOESSA Txosten berriaren xedea, gizarte fenomenoak modu sistematiko eta dinamikoan landuz bazterketa prozesuz zeharka jositako gizarte honetan. Eskubideen berdintasunari eta pobreziaren aurkako borrokari dagozkion arazo larriek, bide luzea egin duten prozesuen bitartez gure gizarte egituran errotuta daudenak, okerrera egin dute; egoera bereziki larria da desberdintasun modu berrietan, eta horiek, gainera, lehen mailako erronkak dira gizarte garapenerako. Ez da, hortaz, krisiaren koiunturari buruzko txosten bat, baizik eta gizartearen egiturei buruzkoa; izan ere, eta argi dagoenez, krisiaren eragin latza egiturek ere jasan dute eta jasaten dute.

VII. FOESSA Txostenaren egiaztapenek kezkatzeko elementuak (krisiak estatuko gizarte egituran izan dituen ondorioen neurria dela-eta) zein itxaropena izateko arrazoiak ematen dituzte (zenbait esparruk erakutsitako indarragatik, esaterako gizartearen parte hartzea, elkartasuna, boluntarioak eta familia sareak).

UPV/EHUk txosten hori prestatzen parte hartu du, hain zuzen ere 6. atala idatziz (¿Qué sociedad saldrá de la actual crisis? ¿Qué salida de la crisis impulsará esta sociedad? izenburua duena); Imanol Zubero irakaslea (Civersity taldeko ikertzaile nagusia) aritu da koordinazio lanetan, eta Soziologia eta Gizarte Lana Saileko irakasle eta ikerketa talde bereko Xabier Aierdi, Patricia Campelo, Marian Ispizua, Amaia Izaola, eta Cristina Lavía kideek ere kolaboratu dute.

Txosten osoa eta prestatutako lan dokumentuak esteka honetatik deskarga daitezke:

http://www.foessa2014.es/informe/

http://www.foessa2014.es/informe/detalle_capitulo.php?id_capitulo=6