euskaraespañol

Alfabetatze zientifikoa, gogoeta egiteko erakusketa, zientziari buruzko 50 aipu ospetsu hartuta

Erakusketa osatzen duten diseinu hauek UPV/EHUren XIV. Zientzia Astearen irudia dira

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/07

Irudia

Datorren astelehenean, azaroak 10, 'Alfabetatze zientifikoa' erakusketa inauguratuko da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako campuseko Elurreta eraikinean. Berrogeita hamar pieza tipografikoren bidez, zientziari buruzko 50 aipu ospetsu jasotzen ditu erakusketa honek. UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko -Letraz- Diseinu Grafikoko eta Tipografiako Ikerketa Taldeko kideak diren Eduardo Herrera, Leire Fernández eta María Pérez dira.  Diseinu horiek dira, gainera, iragan astean burutu zen UPV/EHUren XIV. Zientzia Astearen irudia.

Egileek adierazi dutenez, "erakusketa honek ibilbide bisual bat proposatzen du zientziari, teknologiari eta berrikuntzari buruzko aipu ospetsuen hautaketa baten edukia argitzeko galdera bisualen labirinto batean barrena". "Nahita -gaineratu dute-, irudiaren bitartez, zientziaren berezko funtsari buruzko hausnarketa bat proposatu nahi dugu. Horretarako, jakin-mina pizteko, azalpen posibleak pentsatzeko, galderak egiteko, ikusten dugunaren kausak aurkitzen saiatzeko, zirrikituak argitzeko eta ezagutzak eskuratzeko prozesuaz gozarazi nahi dugu".

Erakusketa honetako aukeratuak izan diren aipu guztiak pertsonai garrantzitsuek esandakoak dira, hala nola, Albert Einstein, Stephen Hawking, Marie Curie, Pedro Miguel Etxenike, Isaac Asimov edo Steve Jobs-ek, besteak beste.

Erakusketa hau ibiltaria izan da EAEko hiru hiriburuetan. Vitoria/Gasteizen azaroaren 10etik 18ra bitartean egongo da UPV/EHUren Arabako campuseko Elurreta eraikinean eta 8.00etatik 20.00etarako ordutegian bisitatu ahal izango da astelehenetik ostiralera eta larunbatean 9.00etatik 14.00etara. Sarrera doakoa izango da.

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak liburu/katalogo bat argitaratuko du 'Alfabetatze zientifikoa' erakusketaren edukiarekin. Bertan, 50 diseinu grafikoez gain, aipu bakoitza eta beraien autoreak testuinguruan jartzeko azalpenak ere erantsiko dira.