euskaraespañol

Euskadi Lan Txostenak krisiaren zazpi urteetan lan merkatua nola aldatu den erakutsi du

Lanean dauden biztanleak zahartu egin dira, baina prestakuntza handiagoa dute orain; langabeen artean, gizonezkoen eta iraupen luzekoen proportzioa handitu da

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/10

2014ko 3. hiruhilekoaren Euskadi Lan Txostenak berritasun metodologikoak ditu, eta honela azaldu ditu UPV/EHUko katedradun eta txostenaren zuzendari Sara de la Ricak: "Orain arte Eustatek emandako BJAren (Biztanleria Jardueraren Arabera) datuak erabili badira ere, hiruhileko honetatik aurrera, BAI (Biztanleria Aktiboaren Inkesta) inkestatik jasotako informazioa erabiliko da; izan ere, informazio horrek Euskadi estatuko testuinguruan kokatzea ahalbidetzen digu; BJAk, ordea, Euskadiri buruzko datuak ematen ditu bakarrik eta ezin da alderatu BAIn eskuratzen den informazioarekin".

Horrez gain, 2014ko hirugarren hiruhilekoko Euskadi Lan Txostenak (uztail-iraila) lan merkatua aztertzen du, baina ez du alderatzen joan den urteko hiruhileko berdinarekin, orain arte bezala, 2007ko hirugarren hiruhilekoarekin baizik; hots, krisiaren aurreko urtearekin. "Lan merkatua aztertzen hainbat urte igaro ondoren, konturatzen zara urte batetik bestera oso aldaketa txikiak izaten direla. Haatik, hiruhileko bat krisiaren aurreko azken urteko (2007) hiruhileko berarekin alderatuz gero, epe luzeko ikuspegia lortzen dugu, azken urte hauetan lan merkatua nola aldatu den ikusteko. Uste dugu emaitza interesgarriagoak ateratzen direla", adierazi du De la Ricak.

Zailtasunez beteriko zazpi urte hauek asko aldatu dute, txostenaren arabera, Euskadiko lanaren osaera: "Lanean dauden biztanleak zahartu dira, baina prestakuntza handiagoa dute; hala, bereziki handitu da unibertsitateko ikasketak dituen langile taldeen presentzia: % 34tik % 54ra igaro da. Horrek adierazten digu Euskadin gaur egungo langile gehienek goi mailako ikasketak dituztela. Bestalde, lehen mailako ikasketak dituzten langileen taldea ai desagertu da, lanean dauden pertsonen taldetik".

Langabeei dagokienez, gizonezkoen eta unibertsitarioen proportzioa handitu egin da; izan ere, ikerketaren arabera, krisiak "gizonezkoen" lanpostu askoz gehiago suntsitu ditu "emakumezkoena" baino, eraikuntza sektorea, non lanpostu galdera handia izan den, nagusiki gizonezkoena delako. Bestalde, unibertsitarioen igoera gertatu da krisiaren urte hauetan nabarmen igo delako Euskadiko langileen hezkuntza maila. Hala, hezkuntza maila handia dutenen kopurua handitu da kolektibo guztietan, nola langileen hala langabeen taldeetan.

Bestalde, iraupen luzeko langabezia errotu da Euskadin, eta, 2007an jada iraupen luzeko langabeen ehunekoa Estatu osoarekin alderatuta oso handia bazen, igoera benetan nabarmena izan da; hala, 2007ko hirugarren hiruhilekoan % 40 zen, eta 2014ko hirugarren hiruhilekoan, berriz, % 68,6a. Espainian, ordea, are handiagoa izan da azken urte hauetako aldaketa: langabetuen % 20 baino gutxiago izatetik % 65 izatera igaro da.

Nabarmendu beharreko beste datu kezkagarri bat da biztanleria ez-aktiboaren igoera (ikasleak, pentsiodunak, etxeko lanetan diharduten pertsonak, etab.; hots, lanik egin ez eta lana bilatzen ez dutenak). Talde hori ehuneko bi puntu igo da, 2007. urteaz geroztik -gaur egun % 43,85-, eta Estatuko batezbestekoa baino lau puntu handiagoa da.

Enpleguaren suntsiketa garbia amaitzen ari da

Txostenetik atera daitezkeen datu positibo eskasen artean, nabarmentzekoa da emakume langileen ehunekoaren igoera -% 46ra iritsi da-, "oraindik ere, gutxiengo bat izan arren, ematen duenez, gero eta gutxiago geratzen zaigu sexuaren arteko berdintasunera iristeko, gure erkidegoaren langileen artean". Era berean, azterketak adierazten duenez, badirudi, krisian enpleguaren sorrerak eta suntsiketak izandako bilakaerari erreparatuz gero, enpleguaren suntsiketa garbia amaitu dela. "Esan dezakegu 2014a inflexio urtea izan daitekeela, eta enplegu garbia suntsitzeari utziko zaiola. Halere, suntsipena jaitsi dela ikusten dugun arren, enpleguaren sorrerak ez du indarrik hartu. Termino garbietan, enplegua ez da sortzen, ezta suntsitzen ere", ziurtatu du De la Ricak.

Euskadi Lan Txostena UPV/EHUren BETS (Bilbao Economic Theory and Statistics) Prestakuntza eta Ikerketa Unitateak hiru hilean behin egindako azterketa bat da, Sara de la Rica Ekonomiako katedradunak koordinatzen duena. Azterketak bi zati ditu: bat, estatikoa, non Euskadiko lan egoeraren berri ematen den; eta, bestea, dinamikoa, non euskal langileen azken hiruhilekoan egindako lan trantsizioak aztertzen diren.