euskaraespañol

Nerabeen arteko bikote-harremanetan, sotila izan ohi da indarkeria

Genero-indarkeriak ez ezik, beste era askotakoek ere esku hartzen dute bikote-harremanetan, UPV/EHUk lau herrialdetan egindako ikerketa batek erakusten duenez

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/11

Irudia

Bikote gazteen arteko harremanak ikuspegi sistemiko eta kulturaz gaindiko batetik aztertu ditu Alazne Aizpitarte psikologoak UPV/EHUn egin duen doktore-tesiak (Dating Violence from a Systemic and Cross-Cultural Approach). Lau herrialdetan (Guatemalan, Mexikon, Espainian eta Herbeheretan) egin du ikerketa, eta alde handiak atzeman ditu batzuetatik besteetara indarkeria fisikoaren prebalentziari eta onespen sozialari dagokienez; ez, ordea, indarkeria psikologikoaren erabileran. Bestalde, erruz erabiltzen dituzte nerabeek eta gazteek teknologia berriak euren bikotekideak kontrolatzeko, Aizpitarteren azterlanak erakusten duenez.

"Harremanei buruzko ikuspegi galgarria, okerra, hori da bikote gazteen arteko indarkeriaren arrazoi nagusia. Pertzepzio-kontua da, hein handi batean: 'Nirekin egon behar duzu; nirea zara; niretzat…'. Horrela ikusten dute nerabe eta gazte askok bikote barruko harremana, bikotekidea beren 'jabetza' bat balitz bezala. Oso txertatuta daukate maitasun 'erromantikoaren' eredua, eta ikuspegi horrek ez die uzten harremana 'sano' bizitzen", dio Alazne Aizpitartek. "Jelosiak bultzatuta, bikotekidea kontrolatzeko joera izaten dute askok, eta justifikagarria iruditzen zaie lagunaren bizimodua kontrolatzea". Teknologia berriak (mugikorrak etab.) erabili ohi dituzte bikotekidea kontrolatzeko, eta sare sozialetara zabaldu ohi dituzte, zenbaitetan, bikotekidearen argazkiak, berriak… Aizpitarteren iritzian, "kontuan hartu beharreko fenomenoa da hori, ondorio larriak ekar baititzake; izan ere, etorkizuneko indarkeriazko jarrera askoz bortitzago batzuen atarikoak izan daitezke".

Bestalde, "nerabezaroko bikote-harremanetan, generoa ez ezik, beste alderdi asko ere sartzen dira. Oso sotila izaten da indarkeria, kasurik gehienetan. Adin-tarte horretan, bestalde, nerabeen erreferentzia nagusi ez dira jada gurasoak, lagunak eta ingurukoak baizik, eta imitazioz jarduten dute", dio Aizpitartek. Eta beste hau ere azpimarratu du: bi noranzkokoa izaten dela indarkeria; alegia, ez dela bakarrik sexu batekoek (mutilek) bestekoen aurka erabiltzen dutena nabarmentzen, eta neskek ere jelosia eta antzeko jarrera galgarriak baliatu ohi dituztela.

Indarkeria fisikoa eta psikologikoa

Amerikako bi herrialdetan (Mexiko eta Guatemala) eta Europako beste bitan (Herbehereak eta Espainia) egin du ikerketa Aizpitartek, eta herri horietako unibertsitate-ikasleen jokabideak elkarrekin alderatzea zen azterlanaren helburuetako bat. Horrenbestez, gizarte-eremu jakin batetik hartutako laginak izaki, pentsatzekoa da "okerragoak" izango direla emaitzak, seguruenik, hortik beherako gizarte-mailetan. Ikuspegi sistemikoa eta transkulturala erabili da azterlana egiteko, hots, hainbat alderdi (familia, harremanak, generoa, kultura…) eta haien arteko harremanak hartu dira aintzat. Ondorioak: alde handia herrialde batetik bestera indarkeria fisikoaren erabileran (horretarako joera handiagoa Mexikon), baina ez horrenbestekoa indarkeria psikologikoarenean. Garapen urriko herrialdeetan (Mexiko), onarpen-maila handiagoa du bikotekidearekiko indarkeria fisikoak (zaplaztekoak ematea, gogor heltzea…) herrialde aurreratuetan baino, baina antzekoa da prebalentzia-maila indarkeria psikologikoari dagokionez. Kultura-desberdintasun horiek direla eta, ez da berdin zigortzen gizarte batzuetan eta besteetan indarkeria fisikoaren erabilera: herrialde aurreratuetan, zehapen gogorragoa jasotzen dute erasotzaileek, eta gaitzespen sozial askoz handiagoa (Herbeheretan, esate baterako).

Hiru helburu nagusi zituen ikerlanak: batetik, nerabeen eta gazteen bikote-harremanetan indarkeria ebaluatzeko berariazko eskala bat garatzea, belaunaldi honetako gazteen arteko harremanak eta ezaugarriak aintzat hartuta; bestetik, nerabeen arteko bikote-harremanetan indarkeria areagotu dezaketen arrisku-faktoreak detektatzea eta eredu bat osatzea aldagaien arteko konplexutasuna azaltzeko (familia, harremanak, maila soziokulturala…), eta, azkenik, harreman-mota horien arteko kulturaren araberako aldeak aztertzea.

Informazio osagarria

Dating Violence from a Systemic and Cross-Cultural Approach du izenburu Alazne Aizpitarteren doktore-tesiak, ikerlan horretako ardatzak alegia. Bi zuzendari izan ditu tesiak: Itziar Alonso-Arbiol, UPV/EHUko Psikologia Fakultateko irakasle agregatua, eta Fons J.R. van de Vijver, Herbeheeretako Tilburgeko Unibertsitateko katedraduna. UPV/EHUko Psikologia Fakultatean egin da gehienbat tesia, baina ez hor soilik: hiru hilabeteko egonaldia egin zuen Aizpitartek Tilburgeko Unibertsitatean, eta Mexiko eta Guatemalako zenbait ikertzailerekin harremanetan jardun da. Psikologian doktore da Alazne Aizpitarte, Psikologian eta Psikopedagogian lizentziatua, eta Familia eta Bikote Terapian espezialista.