euskaraespañol

UPV/EHU hautatu dute, Asiako unibertsitate azoketan Europa ordezkatzeko

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/13

EHEF European Higher Education Fair Vietnam 2014

Euskal unibertsitate publikoko ordezkariek Vietnamera bidaiatuko dute 'European Higher Education Fairs' en esparruan, Asiako ikasleak erakartzeko asmoz

Azaroaren 15ean eta 16an Europar Batasunak Asia kontinenteko hainbat herrialdetako ikasleak erakartzeko 'European Higher Education Fairs' proiektuaren barnean antolatu dituen bost unibertsitate azoketako lehenengoa garatuko da Hanoin (Vietnam).

Atzerri Ekintzako Zerbitzu Europarrak Hanoiko azoka antolatu eta sustatu du, eta bertan 80 erakusketarik parte hartuko dute, 23 herrialdetako erakundeen eta unibertsitateen artean hautatu direnek. Ekitaldiaren hasieran Tran Anh Tuan Vietnamgo Hezkuntza eta Prestakuntza ministro jaunak osoko bilkura eskainiko du. Halaber, Europar Batasunaren Vietnamgo Ordezkaritza, Europako 19 agentzia eta enbaxada eta parte hartzeko hautatu diren Batasuneko 23 herrialdetako 70 unibertsitateak bertan egongo dira. Euskal Herriko Unibertsitatea ekitaldian parte hartuko duten Espainiako erakunde gutxietako bat izango da.

NDFk hazkunde indartsua eta iraunkorra aurreikusi du Hego-ekialdeko Asiako ekonomietarako (ASEAN-5). Aurreikuspen horiekin bat etorrita, Asiako ikasle askok graduko, masterreko edo doktoretzako ikasketak egiteko unibertsitateak bilatzen dituztela antzeman da. Gauzak horrela, UPV/EHU nazioarteko hainbat ekitalditara joaten da urtero, maila guztietan ikasle berriak eta beren prestakuntza nazioarteko bihurtu nahi duten ikertzaileak erakartzeko asmoz.

Azokaren aurreko eta ondorengo egunetan topaketak garatuko dira unibertsitateen eta enpresen artean, baita erakunde bisitak eta Vietnamen eta Europar Batasunaren arteko lankidetza estutzeko helburua duten beste ekintza batzuk ere.