euskaraespañol

'Espainiako Gerra Zibileko Arkeologia' I. Nazioarteko Kongresua

"Fusil batek ez du ezer balio pikotx bat ez badu ondoan"

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/14

Irudia

Abenduaren 9tik 13ra, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campusean, UPV/EHUko Letren Fakultateko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeak (GPAC) antolatu duen Nazioarteko lehengo "Espainiako Gerra Zibileko Arkeologia" Kongresua egingo da. Jarduera hori "Euskadiko Gerra Zibileko Ondarearen Arkeologia eta Sozializazioa" proiektuaren barruan dago, datozen hiru urtetan GPACek garatuko duena. Euskal lurraldean arkeologia-indusketak eta UPV/EHUko ikasleentzako prestakuntza jarduerak egitea proposatzen du.

Gerra Zibileko Arkeologiari buruz munduan antolatzen den lehenengo nazioarteko kongresua da, eta bertan Espainiako, Erresuma Batuko, Estatu Batuetako, Uruguaiko, Brasilgo eta Argentinako hainbat unibertsitatetatik datozen 44 hizlarik parte hartuko dute guztira. Izena eman dutenen zenbatekoa ehun inguruan dago.

Jarduera hori Euskadin ondare traumatikoaren kudeaketan parte hartzen duten eragile guztien arteko elkarrizketa eta elkarlan eremuak sortzeko asmoarekin proposatu egin da. Hauek dira, besteak beste, eragile horiek: memoria historikoaren berreskurapenerako elkarteak, frankismoaren biktimen senideen elkarteak, kultura elkarteak eta berregite historikoaren elkarteak, eta unibertsitateko zientzialari eta ikerlariak. Zentzu horretan, eta antolatzaileek adierazi duten moduan, "gizarte zibila ezagutza eraikitzeko prozesuan parte-hartzaile bihurtzen saiatzen gara, bakearen aldeko hezkuntza baterantz zuzenduta dagoen Arkeologia ireki eta demokratiko batetik abiatuz".

Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeak 2015 eta 2016an kongresua errepikatu nahiko luke, UPV/EHU nazioartean hedadura handia duten mota honetako ikerketen erreferentzia bihurtzeko helburuarekin.

Kongresua Eusko Jaurlaritzak, UPV/EHUko Arabako Campuseko Errektoreordetzak, UPV/EHUko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeak eta Kaliforniako Berkeley Unibertsitateko Centre for Middle Eastern Studies erakundeak finantzatu dute.