euskaraespañol

UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak Prisma 2014 saria jaso du

Espainian dibulgazio zientifikoa aitortzen duten garrantzitsuenak dira

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/18

Irudia

UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak asteburuan Prismas 2014 sarietako bat jaso du, epaimahaiaren kategoria berezia, hain zuzen. Zientzien Etxearen Prismas sariak Museos Científicos Coruñeses fundazioak antolatzen ditu urtero, eta larunbatean banatu ziren. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren koordinatzaileak, Animalien Fisiologiako katedradun eta errektore ohi Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, hartu zuen saria.

Zientzien Etxearen Prismas sariak duela 26 urtez geroztik banatzen dira, eta Espainian dibulgazio zientifikoa aintzatesten duten sari garrantzitsuenak dira. Hainbat kategoria izaten dira (bideoa, web-a, liburua, kazetaritzako artikulua, etab.), eta horien artean, Sari Berezia nabarmentzen da, dibulgazio zientifikorako egindako lanarengatik eta dibulgazio horrek izandako oihartzunarengatik bereziki nabarmendu diren erakunde edo entitateei zuzendua.

Juan Ignacio Pérezek egindako mintzaldian, saria eskertzeaz gain eta UPV/EHUk eta Bizkaiko Foru Aldundiak emandako sostengua balioetsiz gain, adierazi zuen dibulgazioaren funtzioa "gizartean kultura zientifikoa handitzea" dela, ez bakarrik interesa dutenenei zuzentzea, gizarte osoari baizik, "zientziaren eta ikerketaren aintzatespena lortzeko propagandarako tresna indartsua da".

Gizartearen aintzatespena

Juan Ignacio Perezek hitzaldia ikerketaren eta zientziaren aldeko alegatu batekin amaitu zuen: "Milaka ikerlari gazterentzat trebakuntza aukerak gutxitu dira; ikerketa proiektuen zenbatekoa eta kopurua jaitsi da. Hamarkadetan Espainiako zientziak ez ditu hain enbata gogorrak pairatu. Eta, hala eta guztiz ere, gizartearen aintzatespena du gaur egun ikerketa zientifikoak, herritarrek ez dituzte inoiz gaur bezala balioetsi zientzialariak. Nire iritziz, gizartearen aintzatespen edo aitortza horren parte handi bat komunikatzaile zientifikoen, hots, kazetarien eta dibulgatzaileen, lan onaren ondorioa da. Hala, beraien jarduerarekin, etorkizunean gertatuko zaiguna, hein handi batean, ikerketa zientifikoaren eta teknologikoaren esku dagoela igorri dute. Gure testuinguru zientifikoaren berreskurapena erneko den humus bezala jokatu dezake gizartearen aintzatespen horrek".

Kultura Zientifikoko Katedra UPV/EHUk, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eginiko lankidetza hitzarmen bati jarraiki, 2010eko urrian sortutako unibertsitate hedapeneko katedra bat da. Aldundiak jarri zuen jarduera hori garatu ahal izateko babes ekonomikoa. Katedra honek herritarren artean kultura zientifikoa sustatzeko lan egiten du, hitzaldiak, jardunaldiak eta era guztietako ekitaldiak antolatuz, baita hainbat baliabide digital argitaratuz ere. Abangoardiako ikus-entzunezko formatuak ere erabiltzen ditu (minidokumentalak, web serieak, podcast-ak, etab.), eta gizarte sareen erabilera hedakorra egiten du.

Katedrak zientziaren printzipioak, askotariko teknologietarako aplikazioak, aurrerapen zientifiko berrienak eta gizarte inplikazioei buruzko hausnarketak barne hartzen dituzten edukiak dibulgatzen ditu, haien kultur ondare izaera eta balioak bereziki nabarmenduz.

Katedrak zuzendari bat du, Juan Ignacio Pérez Iglesias, eta hainbat kolaboratzaile: Marta Macho, Raúl Ibáñez eta Aitor Bergara, UPV/EHUko irakasleak. Lan editorialaz arduratzen direnak César Tomé (Mapping Ignorance, Cuaderno de Cultura Científica y CienciaSfera), Uxune Martínez (Zientzia Kaiera) eta Marta Macho (Mujeres con Ciencia) dira. Ekitaldiak kudeatzeko lanaz arduratzen direnak, berriz, José Cuesta, Iñaki Gorostidi eta Egoitz Gago.