euskaraespañol

UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak beren itun estrategikoa formalizatu dute

Euroeskualdeko Campusa abian jartzeko ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Alain Rousset Akitaniako Eskualdeko Kontseiluko presidentea

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/19

Gaur Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bordeleko Unibertsitateak ituna sinatu dute Bordelen, Akitania-Euskadi Euroeskualdeko Campusaren garapena bultzatzeko. Erabaki hau 2011n hasitako proiektu baten gailurra da, eta sendotu egiten du bi unibertsitateen arteko lankidetza.

Euskal Herriko Unibertsitatearen aldetik ekitaldian izan da bertako errektore eta Euskampus Fundazioko burua den Iñaki Goirizelaia, eta Bordeleko Unibertsitatetik, berriz, bertako errektore eta IdEx Bordeaux, Initiative d´Excellence-ko presidentea den Manuel Tuñon de Lara. Ituna sinatzeko ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Alain Rousset Akitaniako Eskualdeko Kontseiluko presidentea.

Sinaduraren ekitaldian zehar, UPV/EHUko errektorea itun estrategiko hori burutu delako zoriondu da: "Ikuspegi komun bat dugu, ahots bakar bat, eta diskurtso bat partekatzen dugu. Nolanahi ere, badugu beste zerbait: bidaide onenak ditugu. Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bordeleko Unibertsitatearen arteko itun estrategikoa errealitate bihurtu da jada".  Bestalde, Bordeleko Unibertsitateko errektoreak, Manuel Tuñón de Larak, bi unibertsitateek partekatzen duten lan esparru zehatz bat azpimarratu du batez ere: "Ikerketaren esparrua da, aurrera egitea posible egin duena".

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du "Goi Mailako Hezkuntzaren Espazioak paper oso garrantzitsua" duela "herrialde mugakideen arteko dinamikan". "Gure unibertsitateek talentua biltzen dute, hiritartasun berri bat hezten dute eta, itaun honi esker, nazioarteko dimentsioa duen gune berri bat sortuko dute", esan du. Bestalde, Akitania Eskualdeko Kontseiluko presidenteak alderdi kulturala eta beste estatu bateko hizkuntzak ikasteko euro-eskualdeko campusak ematen dituen aukerak nabarmendu ditu.

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bordeleko Unibertsitateak lideratzen dituzte Euskampuseko Bikaintasun Campusa eta IdEX Bordeaux proiektua, hurrenez hurren. Hitzarmen honen bitartez sustatu nahi dute euroeskualdeko eta mugaz gaindiko campusaren kontzeptua, Europako eskualde politika egituratzeko elementu gisa goi mailako hezkuntzan, ikerketan eta berrikuntzan arloan. Hitzarmen honetan asmo handiko lan esparru bat aurreikusten da, 100.000 pertsonari baino gehiagori eragingo diena, ikasle, irakasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileak kontuan hartuta.

Euskampus proiektua UPV/EHUk lideratzen du, lankide dituela Tecnalia Corporación Tecnológica eta Donostia International Physics Center (DIPC); gainera, Euskadiko erakunde garrantzitsuen atxikimendua ere badu Euskampus Fundazioaren bidez. Horietako batzuk dira CAF, Grupo Velatia, Kutxabank eta Ikerbasque. Beste aldetik, IdEx Bordeaux proiektuan biltzen dira Bordeleko Unibertsitatea, CNRS (Ikerketa Zientifikoen Zentro Nazionala, Espainiako CSICen parekoa), INSERM (Osasunaren Ikerketarako Institutu Nazionala), Bordeleko Montaigne Unibertsitatea (Letrak eta Giza Zientziak), IPB (Bordeleko ingeniaritza eskolen elkartea), Sciences Po Bordeaux (Politika Zientzien Institutua) eta Bordeaux Science Agro (Nekazaritza Ingeniaritzako Eskola). Euskampusek eta IdEx Bordeaux-ek Nazioarteko Bikaintasun Campusaren zigilua lortu zuten 2010ean eta 2011n, hurrenez hurren, eta haien garapenerako eta nazioartean kokatzeko baliabide espezifikoak jaso zituzten. Euskadi-Akitania ardatza sendotzea proiektu bakoitzaren osagaia da, eta mamitu da nazioarteko bikaintasun proiektuen sinergian oinarritutako bide orri batean.

Unibertsitate biek ikusi dute euroeskualdeko bikaintasun campus bat garatzea, nazioartean itzal handia duena, aukera bat dela itun estrategiko honetan aurrera egiteko. Ekimenaren helburua da lankidetzarako esparru komun bat sortzea prestakuntzaren, ikerketaren eta transferentziaren arloan, Akitania-Euskadi eremua finkatzen lagunduko duena, jakintzan eta haren nazioarteko hedakuntzan oinarritutako euroeskualdea den aldetik. Unibertsitate bien bikaintasun eta nazioarteratze estrategiak bultzatzeaz gain, honako xede hauek bilatuko dira:

  • Euskadi eta Akitaniaren espezializazio adimentsurako estrategiak sendotzea.
  • Tresna erabakigarria izatea Akitania-Euskadi Euroeskualdearen estrategiaren erronkei aurre egiteko.
  • Lankidetzaren adibide nabarmena izatea Europako Unibertsitate Eremuan eta Europako Ikerketa Eremuan, eta Europako Ardatz Atlantikoa irmotzea Europa 2020 estrategiaren barruan.

Lehen pausoak eman eta gero, unibertsitate biek ebaluazio positiboa egin dute. Besteak beste, azpimarratu dituzte tutorekidetzan zuzendutako tesien kopuru gero eta handiagoa (oraintxe 23 daude bidean), unibertsitate biek elkarrekin aurkeztutako nazioarteko proiektuak (aurten hamar oraingoz), jardunbide egokien trukea edo tresna partekatu bat sortu izana, etengabe irekita dagoena bi erakunde akademikoen jarduerei sostengua emateko.

Oraingo itun hau pauso erabakigarria da helmuga horretara heltzeko, helburu zehatz hauen bitartez: 

  • Ikasleentzako eskaintza akademikoa zabaltzea, unibertsitate bien arteko mugikortasuna bultzatuz eta nazioartean erakargarria den eskaintza bateratu handiagoa eginez.
  • Europan erreferente izango den ikerketa eremu bat eratzea, sinergia handiagoak bultzatuz ikerketarako eta garapenerako egitura eta dinamiketan.
  • Sare sozioekonomikoarentzako balioa sor dadin sustatzea Akitanian, Euskadin eta euroeskualde osoan, berrikuntzarako eta jakintzaren transferentziarako estrategiak partekatuz, eta beren baitako entitateen arteko lotura sendotuz.
  • Unibertsitate bakoitzaren nazioarteko hedakuntza handitzea, beste unibertsitatearen nazioarteko sareen bidez eta biek elkarrekin parte hartuz nazioarteko proiektuetan.
  • Elkarrekin lan egitea Euroeskualdeko Campusaren eta Akitania-Euskadi Euroeskualdearen ikusgaitasuna eta nazioarteko kokapena sustatzeko.
  • Bi eskualdeen arteko harreman kultural eta linguistikoa indartzea.

Hitzarmen hau sinatu ondoren, hasiera eman zaio bi unibertsitateek antolatutako Euroeskualdeko I. Sinposioari. Irekita dago haien bazkide estrategikoentzat, eta bertan 300 lagunek baino gehiagok hartuko dute parte. Hilaren 19an eta 20an izango da sinposioa, eta zenbait saio orokor eta espezifiko izango ditu, helburu bikoitz hau betetzeko: batetik, informazio zehatza ematea egindako bideaz eta lankidetza sustatzeko aukera, tresna eta programez; bestetik, lankidetza bultzatzea hainbat arlotan (osasun publikoa eta bizi kalitatea, prozesu berritzaileak eta material berriak, ekosistema jasangarriak, ondarea, artea eta gizarte berrikuntza eta abar), bi unibertsitateetako irakasle eta ikertzaileak eta unibertsitateen bazkide diren erakundeetako kideak aurrez aurre biltzeko aukera emanez. Gainera, lan saioak egingo dira lankidetza eremuak finkatzeko hainbat eremutan, hala nola mugikortasunean, Europako programetako parte hartzean, graduondoko prestakuntzan, irakaskuntzaren berrikuntzan eta unibertsitatearen gizarte erantzukizunean.