euskaraespañol

UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak euro-eskualdeko campusa sortzeko aliantza sinatuko dute

Noiz eta non

Noiztik: 2014/11/19 Noiz arte: 2014/12/23, 12:30 - 08:37

Deskribapena

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bordeleko Unibertsitateak Akitania-Euskadi euro-eskualdeko bikaintasun campusa sortzeko sinatuko duten aliantza dela eta, Manuel Tuñón de Lara, Bordeleko Unibertsitateko presidente eta IdEXeko presidenteak eta Iñaki Goirizelaia, UPV/EHUko errektore eta Euskampus Fundazioko presidenteak sinadura ekitaldian eta ondoren eskainiko den prentsaurrekora parte hartuko dute. Ekitaldian mahaiburu izango dira: Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzaren lehendakari eta Akitania-Euskadi Euroeskualdeko presidentea eta Alain Rousset, Akitania Eskualdeko Kontseiluko presidentea.

Ekitaldia datorren asteazkenean, azaroak 19, egingo da eguerdiko 12:30ean Bordeleko Unibertsitateko Victoire campuseko Batzar aretoan, (3 Place de la Victoire - Bordele).

Euskal Herriko eta Bordeleko unibertsitateak Euskampus eta IdEX nazioarteko bikaintasun campusen proiektuen buru dira, hurrenez hurren. Aliantza honen bidez, guztiz berritzailea den euro-eskualdeko eta mugaz gaindiko campusaren kontzeptua bultzatu nahi dute, goi mailako hezkuntza eta ikerketaren arloan Europako eskualde-politika egituratuko duen elementu gisa. Akordioaren baitan asmo handiko aktibitate plan bat dago, 100.000tik gora pertsonari (ikasleak, irakasle eta ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak) erasango diena eta euro-eskualdearen garapen ekonomikoan eragina izango duena. 

Hitzarmena sinatu ondoren, bi unibertsitateek antolatuta duten eta bazkide estrategikoei zabalik dagoen Euro-eskualdearen lehen Sinposiuma hasiko da; jada 300 pertsonek eman dute izena. Sinposiuma azaroaren 19an eta 20an egingo da, eta xede bikoitza izango duten osoko bilerak eta tematikoak egingo dira: alde batetik, egindako bideari buruzko informazioa emango da, baita elkarlana sustatzeko aukerei, baliabideei eta programei buruzkoa ere; eta, bestetik, ezagutzaren arlo desberdinetako bi unibertsitateetako irakasle eta ikerlarien arteko eta bakoitzaren  bazkide estrategikoen arteko zuzeneko topaketak bultzatuko dira. Aldi berean 14 bilkura tematiko egingo dira, eta, besteak beste, puntu hauek jorratuko dira: osasun publikoa eta bizi kalitatea; berrikuntza prozesuak eta material berriak; ekosistema jasangarriak; ondasuna, artea eta gizarte berrikuntzak.  Halaber, lan bilerak egingo dira ondoko gaiak finkatzeko: mugikortasunean lankidetza, Europa mailako programetan parte hartzea, graduondoko trebakuntza, berrikuntza pedagogikoa eta unibertsitatearen gizarte erantzukizuna.