euskaraespañol

Txileko Pontificia Universidad Católicako errektoreak UPV/EHU bisitatu du

Abenduak 1 eta 2an, Bilbon, Ikerketa Biomedikoaren II. Euskadi eta Txile arteko Topaketak ospatuko dira

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/21

Irudia

Ignacio Sánchez, Txileko Pontificia Universidad Católicako errektoreak, Euskal Herriko Unibertsitatea bisitatu du gaur ostirala, azaroak 21. Topaketa akademiko hau, Bilbon Txileko kontsula den Iratxe Madariagak bultzatu du, datorren abenduan Bilbon ospatuko den Ikerketa Biomedikoaren II. Euskadi eta Txile arteko Topaketen harira burutu da.

Bere bisitaldian, Sánchez Carmelo Garitaonandia UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordearekin batzartu da. Garitaonandiak, Euskal Herriko Unibertsitatearen gaur egungo egoera eta etorkizuneko proiektuak azaldu dizkio. Gainera, Fernando Plazaola Ikerketa errektoreordearekin ere hitz egiteko aukera izan du, Teknologia eta Zientzia Parkearen eta Unibertsitateak esku artean dituen ikerketa proiektu ezberdinen zehaztasunak lehen eskutik ezagutzeko.

Era berean, Txileko Pontificia Universidad Católicako errektorea Marta Barandiaran UPV/EHUko Nazioarteko Harremanen zuzendariarekin ere topaketa izan du eta, baita ere, abenduak 1 eta 2an Bizkaia Aretoan ospatuko diren Ikerketa Biomedikoaren II. Euskadi eta Txile arteko Topaketen antolaketa taldeko kide Begoña Ochoa eta Nacho Garcia-Alonso irakasleekin. UPV/EHUk eta Txileko Pontificia Universidad Católicak bultzatutako topaketa honen lehen edizioa iaz burutu zen Txileko Santiagon.