euskaraespañol

UPV/EHUk bere egituraren berrantolaketa onartu du

Gobernu Kontseiluan gaur onartutako erabakiak hasiera eman dio prozesuari. Ikastegiak bilduko dira, eta 31 izatetik 20 izatera pasatuko dira. Berrantolaketa 2016/17 ikasturtean amaituko da.

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/27

Gaur, hilak 27, Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartu du ikastegiak berrantolatzeko proposamena, bere sorreratik UPV/EHUk izango duen egitura aldaketarik sakonena. Erabakia onartu da aldeko 28 botorekin, aurkako 4rekin eta 3 abstentziorekin. Erabakitakoaren arabera, hiru campusetako 30 ikastegiak  20 ikastegira ekarriko dira (ikus taula behean). Ikastegi horiei gehitu behar zaie Master eta Doktorego Eskola.

Egitura aldaketa honi esker unibertsitatearen baliabideak optimizatu eta arrazionalizatuko dira, baina ez du inondik ere ekarriko eskaintza akademikoa gutxitzerik edo ikerketa ahultzerik. Unibertsitateak eutsi egingo die oraingo graduei eta graduondoko tituluei campus guztietan, baita langile kopuruari ere, hala irakaskuntzan eta ikerketan nola kudeaketan.

Berrantolaketa prozesuaren hurrengo urratsa ikastegien izen berriak onartzea izango da, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren hurrengo bileran. Horren ostean, erabakia Gizarte Kontseiluari aurkeztuko zaio, aldeko edo kontrako txostena egin dezan. Gizarte Kontseiluak aldeko txostena emanik, proiektua Eusko Jaurlaritzari helaraziko zaio, behin betiko onar dezan. Prozesuaren barruan ikastegien oinarrizko arautegi berria ere egin beharko da, ikastegi berriok eta haien bitarteko egoera arautzeko. Prozesu osoa 2016an amaituko da, eta, beraz, egitura berria 2016/17an jarriko da indarrean.

UPV/EHUko ikastegiak berrantolatzeko proiektua maiatzean aurkeztu zen jendaurrean. Harrez gero, unibertsitateko kideek luze aztertu eta eztabaidatu dute egitasmoa. Aurretik proposamenaren alde agertu ziren hiru campusetako batzarrak -Arabakoa, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa-  graduko eta graduondoko ikasketen batzordeak, berrantolaketak ukituko dituen hemeretzi ikastegietatik hamar ikastegi, eta sail inplikatuen artetik iritzia eman duten sail guztiak. Gero Gobernu Kontseiluari aurkeztu zitzaion proposamena, irailaren 25ean, eta horren ostean zuzenketak proposatzeko epea ireki zen. Gaurko Gobernu Kontseiluan eztabaidatu dira zuzenketa proposamenak.

Ikastegien berrantolaketaren helburua da, besteak beste, unibertsitatea lehiakorrago eta ikusgarriago egitea, bai estatuaren barruan eta bai nazioartean; irakasle guztiei bidea erraztea ikerketari ekiteko; graduko tituluen eskaintza hobetzea graduondoko tituluen eskaintzaren aldean; ikastegien kanpo proiekzioa areagotzea; jardun akademikoa hobetzea pizgarrien politika egoki batez; loturak sendotzea ardatz atlantikoko unibertsitateekin eta gure inguruneko sare sozioekonomikoarekin; eta aurrera egitea gobernantza eredu berri baterantz, irakaslerik onenak kontratatzeko eta unibertsitatea erakargarriagoa izateko ikaslerik onenentzat.

Iñaki Goirizelaia errektorearen hitzetan: UPV/EHUk bere historian izandako aldaketarik garrantzitsuenetako bat da hau, unibertsitateko kideen artean izandako eztabaida luze eta irekiaren emaitza. Honelako gai korapilatsu batean adostasun zabala lortu izanak asko esaten du gure erakundearen heldutasunaz, eta, aldi berean, ondo erakusten du unibertsitateak arnas handiko asmoak dituela etorkizunari bermerik handienekin aurre egiteko, egitura berri honekin hobetu egingo baitugu produktibitate akademikoa arlo guztietan eta indartu egingo baitugu unibertsitatearen proiekzioa nazioartean.

CAMPUSA
ARLOA

BIZKAIA

GIPUZKOA

ARABA

ZIENTZIA ESPERIMENTALAK

Zientzia eta Teknologia F.

Kimika Zientzien F.

 

ARTEA ETA GIZA ZIENTZIAK

Arte Ederren F.

 

Letren F.

OSASUN ZIENTZIAK

Medikuntza eta Odontologia F.

Psikologia F.

Farmazia F.

Leioako Erizaintzako U. E.

Donostiako Erizaintzako U. E.

INGENIARITZA ETA ARKITEKTURA

Bilboko Ingeniaritza G. E. T.

Bilboko Industria Ing. Teknikoko U. E.

Meatzeen eta Herri Lanen Ing. Tek. U. E.

autika eta Itsasontzi-makineria G. E. T.

Eibarko Industria Ing. Teknikoko U. E.

Donostiako U. E. Politeknikoa

Gasteizko Ingeniaritzako U. E.

Arkitektura G. E. T.

Informatika F.

HEZKUNTZA ZIENTZIAK

Bilboko Irakasleen U. E.

Filosofia eta Hezkuntza Zientzien F.

Donostiako Irakasleen U. E.

Jarduera Fisik. eta Kirolaren Zientz. F.

Gasteizko Irakasleen U. E.

EKONOMIA, LEGE ETA GIZARTE ZIENTZIAK

Ekonomia eta Enpresa Zientzien F.

Bilboko Enpresa Ikasketen U. E.

Donostiako Enpresa Ikasketen U. E.

Gasteizko Enpresa Ikasketen U. E.

Lan Harremanen U. E.

 

Gasteizko Gizarte Langintzako U. E.

Gizarte eta Komunikazio Zientzien F.

Zuzenbide F.

 

*Taulan agertzen diren ikastegiei gehitu behar zaie Master eta Doktorego Eskola.