euskaraespañol

Karla Agirrek eta Marina Marroquínek irabazi dute Mikrokontakizun solidarioen lehiaketa

Edizio honetara 109 idazlan aurkeztu dira guztira, horietatik 23 euskaraz eta 86 gazteleraz

Lehenengo argitaratze data: 2014/12/10

Irudia
ezkerretik eskumara: Itziar Urretxa (epaimahaikidea), Albero Arabiourrutia, Mila Cortabitarte, Juan Iturbe (epaimahaikidea), Karla Agirre, Marian Aparicio (epaimahaikidea), Ainara Berges, Iñigo Roque (epaimahaikidea), Marina Marroquín eta Aroa Pache.

Abenduak 10 asteazkenean UPV/EHUren Biblioteka Nagusiko hitzaldi-aretoak "Pobrezia eta emakumea" Mikrokontakizunen lehiaketako sarien banaketa ekitaldia hartu du. Lehiaketa hau UPV/EHUko %0,7 Elkartasun-Fondoa elkarteak antolatu du eta edizio honetan 109 idazlan aurkeztu dira guztira, horietatik 23 euskaraz eta 86 gazteleraz.

Epaimahaiak, euskaraz aurkeztutako mikrokontakizunen artean, Karla Agirre Aranburuk idatzitako "Begiak" idazlanari eman dio lehen sari, eta accesita Aroa Pache Legarretaren "Wat Dlo" lanari.

Gazteleraz aurkeztutako mikrokontakizunen artean, berriz, lehen saria Marina Marroquín Hierroren "El muro de los actos olvidados" lanak irabazi du, eta accesita Alberto Arabiourrutia Ruizen "Detrás de una ventana" mikrokontakizunak.

Beste alde batetik, publikoaren boto gehien jaso dituzten lanak Ainara Berges Castañoren "Gosearen aurpegia", euskaraz, eta Mila Cortabitarte Ferrerren "La memoria de la certidumbre", gazteleraz, izan dira.

Sariei dagokionez, bai euskarazko zein gaztelerazko mikrokontakizun irabazleek 300 euro jaso  dituzte bakoitzak, eta accesitek 200 euro bakoitzak. Bestalde, bozketa irekiaren bidez publikoak aukeratutako euskarazko eta gaztelerazko lan onenek 100 euro irabazi dute bakoitzak.

Saritutako lanak hementxe irakurri daitezke: https://www.ehu.eus/rowupv07/muj.html