euskaraespañol

Gaurko irudia

Interneten bidezko eskola-jazarpenaren aurkako prebentzioa

Maite Garaigordobil irakasleak sortutako taldeak programa bat sortu du, Interneten bidezko eskola-jazarpena saihestu eta murrizteko: Cyberprogram 2.0

Lehenengo argitaratze data: 2014/12/16

Irudia

Indarkeria finkatu egin da, eskoletako jolastokietan ez ezik, sare sozialetan ere bai. Bertan perbertsioa neurri handian nabarmentzen da, anonimatuaren atzean babestuta. Irainak, jazarpena, beldurra… eskola-jazarpena eta Interneten bidezko eskola-jazarpena zehazten duten ezaugarrietako batzuk dira. Bi gaitz sozial horiek ondorio larriak dakartzate biktimarentzat muturreko kasu batzuetan, suizidioa ere eraginda. Baina, berdinkideen arteko indarkeriaren ondorio negatiboenak eta larrienak biktimengan agertzen diren arren, erasotzaileentzat eta behatzaileentzat ere ondorio oso kaltegarriak ditu.

Maite Garaigordobil Euskal Herriko Unibertsitateko Ebaluazio Psikologikoko katedradunak zuzendutako taldeak hainbat urte eman ditu ikasgeletan lan egiten, handitzen doan arazo hori ebaluatu eta aztertzeko. Ikerketa horren ondorioz, esku hartzeko programa bat sortu da, Interneten bidezko eskola-jazarpena saihestu eta murrizteko: 'Cyberprogram 2.0' (Pirámide argitaletxea, Madril, 2014). Programa hori aurreko ikasturtean ezarri zen Gipuzkoako hiru ikastetxetan. Guztira, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 13 eta 15 urte arteko 176 nerabek (% 48 mutilak eta % 56,2 neskak ziren) parte hartu zuten horretan.

Lagin osotik 93 parte-hartzaile bost talde esperimentaletan banatu, eta beste 83k lau kontrol talde osatu zuten. Ebaluazio esperimentalean lortutako emaitzek egiaztatu dute 'Cyberprogram 2.0' tresna eraginkorra dela berdinkideen arteko edozein motatako indarkeria saihestu eta murrizteko. Horrela, esperientzia gauzatu ez duten nerabeen aldean, egiaztatu da hori egin dutenen artean bai 'aurrez aurreko' bai Interneten bidezko eskola-jazarpeneko erasotzaileen ehunekoa txikitu dela eta jokabide sozial positiboak, enpatia edo autoestimua handitu direla.

"Programa horren bidez, neurri handian landu ditugu horiekin biktimenganako enpatiaren gaia eta behatzaileek egoera horiek salatzeko daukaten gaitasuna. Berdinkideen arteko edozein motatako indarkeria ikusten duen pertsona mugiarazten saiatzen gara, isilik gera ez dadin eta egoera sala dezan, helduok jardun ahal izateko. Horiekin lan egiten dugu, salatzen duena, txibatoa gabe, ikaskide solidarioa dela konturatu daitezen. Baina asko beldur dira, eta isildu egiten dira" azaldu du Maite Garaigordobilek.

Programa Garaigordobil irakaslearen taldeak bi ikasturtetan (2011-2013) egindako azterlanean oinarritzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan zein pribatuetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa egiten zituzten 12 eta 18 urte arteko 3.026 ikaslek (% 48,5 mutilak eta % 51,5 neskak ziren) parte hartu zuten. Ikerketak 'aurrez aurreko' lau jazarpen mota (fisikoa, ahozkoa, soziala eta psikologikoa) eta Interneten bidezko eskola-jazarpeneko 15 jokabide (pasahitza lapurtzea, norbaiten lekua hartzea, dei eta mezu iraingarriak...) ebaluatzen zituen. Lortutako datuek adierazten dute azken urtean gazteen % 83,7k eskola-jazarpeneko egoeretan esku hartu dutela: horietatik % 39,2 biktimak ziren, % 38,4 erasotzaileak eta % 79,5 behatzaileak. Halaber, ikerketak jakinarazi du hiru biktimako bi erasotzaileak zirela. Interneten bidezko eskola-jazarpenari dagokionez, azterlanak adierazi zuen gazteen % 69,8k Interneten bidezko eskola-jazarpeneko egoeretan nolabait esku hartzen zutela: % 30,3 biktimak ziren, % 15,5 erasotzaileak eta % 65,1 behatzaileak. Halaber, egiaztatu da hiru biktimako bat erasotzailea zela.

"Gizarteak ez die erantzun egokia ematen egoera horiei. Kasu bat antzematen denean, askotan biktimak dira ikastetxetik alde egin behar dutenak, ez baita lortzen arazoa konpontzea. Eskola-jazarpeneko eta eskola-jazarpenaren aurkako protokolo eta prozedura asko daude, baina, egia esan, ez da lortzen indarkeriazko jarrerak gutxitzea, ezta behatzaileek salatzea ere. Mezu bat daukat erasotzaileen eta behatzaileen gurasoentzat: beren seme-alabek ere ondorio negatiboak jasotzen dituzte; izan ere, egoera horietan parte hartzea oso kaltegarria da nortasuna garatzeko. Denak dira galtzaile" nabarmendu du UPV/EHUko Ebaluazio Psikologikoko katedradunak.

Kasu horietan, funtsezkoa da familiaren eta eskolaren arteko lankidetza. "Ikasgeletan prebentzioa garrantzitsua bada ere, familia funtsezkoa da, giza garapenean lehen mailako sozializazio eremu garrantzitsuena baita. Erasotzaile baten gurasoek biktimari eragindako kaltea konpontzen lagundu behar diote, eta ez dute esan behar jokabide desegoki hori 'umeen kontuak' direnik. Azterlan honetan egiaztatu dugu seme-alabekiko afektibitate, maitasun eta konpromiso handien eta arrazoizko zigor, diziplina eta hertsaduraren nahasketa heziketa eredu egokiena dela; izan ere, erasotzaile gazteen familietan maitasun, afektibitate eta seme-alaben bizitzarekiko konpromiso urriak eta batzuetan zigor asko daudela ikusi dugu".

Gaur egun, Maite Garaigordobil irakaslearen taldea 10 eta 12 urte arteko gazteen arteko eskola-jazarpena eta Interneten bidezko eskola-jazarpena aztertu, eta horiei buruzko datuak biltzen ari da.

Aipamen bibliografikoa

GARAIGORDOBIL, M. (2013): Cyberbullying. Screening de acoso entre iguales. Screening del acoso escolar presencial (bullying) y tecnológico (cyberbullying). Madril: TEA.

GARAIGORDOBIL, M. eta MARTINEZ-VALDERREY, V. (2014): Cyberprogram 2.0. Un programa de intervención para prevenir y reducir el ciberbullying. Madril: Pirámide.