euskaraespañol

Minbizitik bizirik irten diren pertsonei eta ariketa fisikoari buruzko azterlan bat argitaratu da

Kolektibo horretarako jarduera fisikoa agintzen duen berariazko lehenengo gidaliburua da

Lehenengo argitaratze data: 2014/12/18

Irudia

International journal of sports medicine aldizkariak 'Exercise Intensity Guidelines for Cancer Survivors: a Comparison with Reference Values' izenburua duen azterlana argitaratu berri du, eta bertan minbizitik bizirik irten diren pertsonek ariketa fisiko intentsiboak egiteko jarraibideak zehaztu dira lehenengo aldiz. Azterlanean Euskal Herriko Unibertsitateko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko Erreka Gil-Rey eta Sara Maldonado-Martín ikertzaileek eta Jarduera Fisikoaren eta Osasunaren Ikerketa Taldekoak (GIAFyS) eta Miranda de Ebroko Udaleko Medikuntza eta Kirol Kabinetekoak diren Koro Quevedo-Jerezek eta Fernando Herrero-Románek esku hartu dute. Halaber, Miranda de Ebroko Santiago Apóstol Eskualde Ospitaleko laguntza egon da.

Oraindik ez zegoen minbizitik bizirik irteten ziren pertsonentzako ariketa fisikoa agintzeko gidalibururik, eta pertsona osasuntsuentzako gomendioak, batez ere nazioarteko gidaliburuetan oinarritzen zirenak, aholkatzen ziren. Azterlan hau eginda ondorioztatu da jarduera fisikoari buruzko nazioarteko gidaliburuek biztanle osasuntsuentzat eta minbizitik bizirik irteten diren pertsonentzat zehazten dituzten intentsitateak ez datozela bat kolektibo horren ezaugarri fisiologikoekin.

Alde horretatik, ariketa fisikoa diseinatzeko erabilitako metodoaren arabera, gerta liteke gehiegi entrenatzea edo minbizitik bizirik irteten diren pertsonentzat nahikoa ez den entrenamendu estimulua egotea. Horregatik, ariketa fisiko aerobikoaren bidez lortzen diren etekinak maximizatzeko asmoz, beharrezkoa da kirol zientzietako profesionalek  minbizitik bizirik irteten diren pertsonentzako ariketa fisikoaren diseinua bereiztea.

Argitaratu berri den ikerketa Miranda de Ebron (Burgos) gauzatu da, Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzaz, eta bertan minbizitik bizirik irten diren 152 pertsonak hartu dute parte. Azterlaneko parte-hartzaileei balorazio fisikoa egin zitzaien, oxigenoaren benetako gehieneko kontsumo balioak eta aireztapen atariak jakiteko eta, horrela, ariketa fisikoaren intentsitateak objektiboki zehazteko.

Aipamen bibliografikoa

'Exercise Intensity Guidelines for Cancer Survivors: a Comparison with Reference Values'. Gil-Rey E., Quevedo-Jerez K., Maldonado-Martin S., Herrero-Román F. Int J Sports Med. 2014 Nov 27. [Epub ahead of print]. DOI: 10.1055/s-0034-1389972.