euskaraespañol

Simulazio berri batez azaldu da nola sortu ziren quasarrak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/01/15

Irudia
Irudi honetan, Broadhurst doktoreak eta honen lankideek landutako materia ilunaren uhinen simulazioan eratu den galaxia bat ageri da. Ikus daitekeenez, interferentzia "pikordun" konplexuko eredua da, erdigunean quasar bat eratzeko moduko gas-kopuru handia erakar dezakeen uhin erraldoia duena.

UPV/EHUn lanean diharduen Ikerbasqueko ikertzaile baten ikerketa berri batek argitu du nola eratzen diren quasarrak, Unibertsoko objekturik argitsuenak, Esne Bidea bera baino 100 aldiz distiratsuagoak izan daitezkeenak. Tom Broadhurst-ek eta bere lankideek egindako simulazioetan, quasarren jatorria azal dezaketen solitoiak izeneko uhin erraldoiak agertu dira.

UPV/EHUko Fisika Teoriko Sailean lanean diharduen Tom Broadhurst Ikerbasqueko ikertzaileak quasarren izaera berrinterpretatzea xede duen ikerketa batean parte hartu du Taiwan-eko Unibertsitate Nazionaleko zientzialariekin batera. Quasarrak unibertsoan dauden objekturik argitsuenak dira, alegia, 200-400 mila milioi izar inguru biltzen dituen Esne Bideak baino 100 aldiz argitasun handiagoa izan dezakete.

Quasarrak (quasi stellar radio source  - ia-izarreko irrati-iturriak) galaxia masiboen erdialdean dauden gas beroko alderdi konpaktuak dira. Zulo beltz supermasibo baten inguruan daude, honek bere argitasun bereizgarria emititzen du, gasaren espiralak  zulo beltzaren barruan konprimitzen eta berotzen diren bitartean.

Qasarren inguruko enigma nagusietako bat, distantziaren arabera, oso-oso objektu zaharrak direla kontuan izanda, 1. unetik materia-kontzentrazio erraldoia lortzeko gaitasuna, bereziki gogoan izanda galaxiek materia apurka-apurka xurgatzen dutela, hasierako kopuru txiki batetik abiatuta.

Broadhurst doktoreak eta honen lankideek egindako ikerketa Physics Review Letters aldizkari ospetsuan argitaratu berri da, eta misterio hau argitzen lagun dezake. Simulazioetan materia iluna Bose-Einstein kondentsatua (materiak izan dezakeen estaturik hotzena- Albert Einstein aurreikusita) balitz bezala erabiliz geroz, galaxia bakoitzaren barruan uhin solitoniko masiboek nukleo trinko bat osatzen dutela egiaztatu dute.
Solitoia deformatu gabe hedatzen den uhin bakartia da, tamaina konpaktu samarretan masa handiak har ditzakeena. Honek, quasarrek horren argitsuak izateko behar duten gasa erakarri eta ardazteko duten gaitasuna azalduko luke, nahiz eta oso objektu zaharrak izan. Gai hau benetako buruhaustea izan da zientzialarientzat urte askotan.

Tom Broadhurst Fisikan doktoratu zen Durham-eko Unibertsitatean (Erresuma Batua) eta Ikerbasquerekin bat egin arte, maila goreneko ikerketa-zentroetan lan egin du Erresuma Batuan, EEBBetan, Alemanian, Israelen, Japonian eta Taiwanen. Guztira, 184 artikulu argitaratu ditu lehen mailako aldizkari zientifikoetan, eta orain arte, bere lanen 11.800 aipamen egin dituzte beste zientzialari batzuek.

2010ean, Ikerbasquek kontratatu zuen, eta harez geroztik UPV/EHUko Fisika Teoriko Sailean lan egiten du. Behaketako kosmologia, materia iluna eta galaxien formazioa dira bere ikerketa-lanaren ildo nagusiak.

 

Erreferentzia

Hsi-Yu Schive, Ming-Hsuan Liao, Tak-Pong Woo, Shing-Kwong Wong, Tzihong Chiueh, Tom Broadhurst, and W-Y. Pauchy Hwang Understanding the Core-Halo Relation of Quantum Wave Dark Matter, ψDM, from 3D Simulations, Phys. Rev. Lett. 113, 261302