euskaraespañol

Ur lehorra fabrikatu dute modu errazean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/01/21

Irudia

Konposatu honek dituen propietateen artean daude kosmetika, nekazaritza edo gastronomia produktu berrien fabrikazioa merkatzeko eta hobetzeko duen gaitasuna. UPV/EHUko ikertzaileak garatzen ari dira polimeroek osatutako estalki batean bildutako ur tanta mikroskopiko bat duten partikula hauek merke ekoizteko moduak

UPV/EHUko ikertzaile Ana Margarida Fernandes lanean ari da "puxtarri likido" hauek, edo beste izen batez, ur lehor gisa ezagutzen dena garatzeko. Ikerketaren helburua da hobeto ulertzea nola jokatzen duen konposatu honek, material merkeagoen erabileran aurrera egiteko, besteak beste poliestirenoa; orain arte ohikoena silize nanopartikulak erabiltzea izan da, askoz ere garestiagoak. Polymer aldizkari zientifiko garrantzitsuak berriki argitaratu du Fernandesen ikerketa:Simple route to prepare stable liquid marbles using poly(ionic liquid)s[Puxtarri likidoak prestatzeko metodo bakuna likido ioniko polimerikoak erabiliz].

Puxtarri likidoak polimeroek osatutako estalki batean bildutako ur tanta mikroskopiko bat duten zatikiek eratzen dituzte. Eta ur horretan hainbat elementu kimiko disolba daitezke haien propietateekin batera. Puxika likidoek etorkizun hurbilean erabilgarritasun handiak izan litzakete kosmetika, nekazaritza edo gastronomia produktu berrien fabrikazioa merkatu eta hobetzeko duten gaitasunei esker.

"Puxika likidoei esker ura manipula daiteke solido bat balitz bezala, eta, horrela, adibidez, ureztatze sistemak sor litezke ura apurka-apurka askatu ahal izateko; halaber, karbono dioxidoa hiru aldiz gehiago xurgatu eta atxikitzeko propietatea dute (atmosferan berotegi efektua eragiten duena); eta, gainera, kosmetikan hainbat aplikazio garatu daitezke azaleko tratamenduetarako, besteak beste, hezegailuak. Izan ere, gorputza zaintzeko produktuen arloan badira zenbait multinazional jadanik konposatu honetan oinarritu diren produktuak merkaturatu dituztenak", adierazi du Ana Margarida Fernandesek.

Polimero arruntak

Fernandesen artikuluak, jadanik azaldu den moduan, hobeto ulertu nahi du nola jokatzen duten puxtarri likidoek; gainera, konposatu honen ezaugarriak eta propietateak azaltzen ditu; nola hobetzen duen material merkeagoen erabilera; eta, garrantzitsuena, azaldu egiten du ur lehorra lor daitekeela poliestirenoa erabiliz (polimero sarrien eta ekonomikoena), gaur egun, ohikoena silize nanopartikulak erabiltzea denean, askoz ere garestiagoak. 
Gaur egun, puxtarri likidoen fabrikazioa ahalegin ekonomiko eta logistiko itzela da; baina UPV/EHUko ikertzaileak egiten ari denaren antzeko lanei esker, puxtarri likido hauek egin ahal izango dira "oso modu errazean". "Edozein izango da puxtarriak egiteko gai, laborategi sofistikaturik izan gabe; beharrezkoa da, besterik gabe, irabiagailu handi antzeko bat eta poliesterenoa eskura izatea", azaldu du Fernandesek.

Fernandes garatzen ari den ikerketa oinarrizkoa da, baina potentzialtasun handiak ditu gorago aipatu diren hainbat aplikazioetan. "Honelako ikerketa batetik patenteak atera litezke, adibidez, puxika likidoak egitea lortzen bada elikagaiekin bateragarria den polimeroren batekin", argitu du. Aurrerapen horiek goi sukaldaritzan egiten diren esferen antzeko produktuak sortuko lituzkete (obalo itxuran sukalde molekularra izenekotik ateratzen diren elikagaiak), kanpotik egitura bigun eta solidoa dutenak, eta barrualdean, likidoa dutenak.

Ana Margarida Conde Fernandes (Vila Real, Portugal. 1988) ikerketa lan hau egiten ari da "Ur teknologia iraunkorretan polielektrolitoak aplikatzea" izeneko bere doktorego tesiaren barruan; POLYMATen ari da lanean, UPV/EHUko Material polimeroetarako institutua, María Paulis irakaslearen eta David Mecerreyes Ikerbasqueko ikertzaileen zuzendaritzapean.
Fernandes bere ikerketa egiten ari da UPV/EHUko POLYMAT-BERC institutuan Europar Batasuneko Marie Curie kontratu bati esker, zientzialarien prestakuntzarako egitasmo garrantzitsuenetako bat. Nazioarteko I+G finantzaketa programa honi esker, zientzialariek eskarmentua lor dezakete atzerrian, eta, horrela, jadanik duten prestakuntza osatu.

Informazio gehiago: www.renaissance-itn.eu

Erreferentzia bibliografikoa: Simple route to prepare stable liquid marbles using poly(ionic liquid)s. Ana M. Fernandes, Raquel Gracia, G. Patricia Leal, Maria Paulis, David Mecerreyes.