euskaraespañol

FIG Bilbaok eta UPV/EHUk grabatuari eta paper gaineko arteari buruzko ezagutza sustatuko dute

'Talentu berriak Bilbao. Artistak eta jatorrizko lan grafikoa' 2015ean egingo diren erakusketa multzoko lehena izango da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/01/22

Irudia

Bilboko Nazioarteko Grabatu Azoka (FIG, gaztelaniazko siglen arabera) eta UPV/EHU, Kulturbasque izeneko Bizkaiko Campuseko kultur programaren bidez, elkarlanean arituko dira urtean zehar grabatua eta paper gaineko obra zabaltzeko. Hortaz, hiru erakusketa egingo dira. Erakusketok arte horren ikuspegi orokorra emango dute, UPV/EHUko titulatu berrien belaunaldien obratik artista ospetsuenera.

'Talentu berriak Bilbao. Artistak eta jatorrizko lan grafikoa'

Azaroan ospatu zen FIG Bilbao azokaren ostean, Grabatu eta Paper Gaineko Nazioarteko Arte Azokak berriro ekingo dio lanari 'Talentu berriak Bilbao. Artistak eta jatorrizko lan grafikoa' erakusketarekin. Bertan Open Portfolio atalean parte hartu zuten artisten obrak erakutsiko dira. Erakusketa UPV/EHUren Kulturbasquerekin batera antolatu da eta otsailaren 5era arte, Bizkaia Aretoko Chillida gelan (Abandoibarra 3, Bilbo) bisitatu ahal izango da, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara.

'Talentu berriak Bilbao. Artistak eta jatorrizko lan grafikoa'k jarraipena emango dio jaialdiak bultzatutako lanari, sorkuntza eta grabatu arloan diharduten artista gazteen obra zabaltzeko. Hortaz, beren artelanak erakutsi ahal izango dute Bilboko hiriko panorama kulturalari lotutako ingurune paregabe batean.

Talde erakusketan Arte Ederren Fakultatean ikasi duten 14 artistak parte hartuko dute. Marrazketa Sailak, grabatua eta estanpazio beste teknika batzuk ere hartzen dituenak, lan handia egiten du teknika hauek sustatu eta zabaltzeko, eta artista bikainen sorlekua da. Besteak beste, Marta Barragán, Open Portfolio 2014 sariaren irabazlea. Barragánek bere erakusketa gunea izango du datorren FIG Bilbao azokan.

Open Portfolio, plataforma ezin hobea

Open Portfolio atala lehen aldiz ospatu zen 2014ko FIG Bilbaon arrakasta handiz. Bertan bi orduz erakutsi ahal izan zituzten artista berriek beren obrak. Ibilbide profesionala hasi berri duten artistek ikusgarritasuna lortzeko, sinergiak sortzeko eta laneratzeko plataforma bikaina da Open Portfolio, arte industrian eta publikoaren artean beren obraren zabalkundea eta ezagupena errazten baitu.

FIG Bilbao paper gaineko obra sustatzeko esperimentazio grafikoari buruzko nazioarteko proiektua da. Proiektuaren buru dira ospe handiko Sardiniako Falconieri etxea eta Bizkaiko Arthazi elkartea, eta ikerketa eta merkatal eta museo eskaintza bateratzen ditu.

Parte hartuko duten artisten fitxa teknikoak

Carmen Jiménez Suero
Titulua: s/t
Urtea: 2014
Neurriak: 110x220cm
Teknika: Offseta

Eluska Zabalo
Titulua: Paisaje errático
Urtea: 2014
Neurriak: 158x212cm
Teknika: Argazki-grabatua

Estela Miguel
Titulua: Nido
Urtea: 2014
Neurriak: 38x42cm
Teknika: Fotopolímeroa

Iñaki Elosua
Titulua: Hamaika II
Urtea: 2014
Neurriak: 40x50cm.
Teknika: Collage eta gofradoa

Marta Barragán
Titulua: The Milky Way
Urtea: 2014
Neurriak: 100x76cm.
Teknika: punta lehorra

Myriam Gesalaga
Titulua: s/t
Urtea: 2013
Neurriak: 50x65cm.
Teknika: Litografia

Noelia Lecue
Titulua: Gerhard y Ewa
Urtea: 2013
Neurriak: 100x70cm
Teknika: Transferentzia, beirazko hautsa eta pigmentu fosforeszentea

Omer Zaballa
Titulua: Elkano II
Urtea: 2014
Neurriak:116 cm x 532 cm
Teknika: akuafortez, urtintaz eta alkograbatuz egindako grabatua

Patricia Alonso
Titulua: S/T
Urtea: 2014
Neurriak: 53x76cm.
Teknika: akuaforte eta urtinta

Rut Zabala
Titulua: Ndanke Ndanke
Urtea: 2014
Neurriak: 100x350cm.
Teknika: gehigarriak eta punta lehorra

Verónica Domingo
Titulua: The sound of the landscape
Urtea: 2013
Neurriak: 30x35cm
Teknika: monotipoa

Zaloa Ipiña
Titulua: Uda
Urtea: 2012
Neurriak: 30x24x1,5m.
Teknika: metakrilatoaren gaineko serigrafia

Raisa Álava
Titulua: Fuego
Urtea: 2014
Neurriak: akuaforte eta urtinta
Teknika: 30x30cm.

Amaya Suberviola
Titulua: Carrocería
Urtea: 2014
Neurriak: 73x32cm.
Teknika: inprimatze digitala eta punta lehorra