euskaraespañol

In memoriam: Susana Irazusta Adarraga

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/01/27

Irudia

Susana Irazusta irakasle titularra zen UPV/EHUren Jarduera Fisikoaren eta Kirol Zientzien fakultatean. Atletico San Sebastian kirol klubeko nazioarteko atleta gisa kirol karrera luze eta arrakastatsua izan ostean, Madrileko INEF-en lizentziatu zen kirol hezkuntzan, turismoaren diplomatura egin eta, azkenik, filosofia eta hezkuntza zientzietan doktoratu zen, pedagogiaren atalean, 2000. urtean.  Donostiako Ekintza ikastolan ekin zion irakaskuntza karrerari eta 1990.ean SHEE/IVEFen hasi zen irakasle. Institutu hura UPV/EHUra sartzerakoan, gure unibertsitateko irakasle bilakatu zen 2005ean.

Urteotan zehar, Susana hainbat unibertsitate karguren arduretan jardun da, Kirol hastapenen saileko zuzendari eta SHEE/IVEF-eko dekanorde, esate baterako. Egun, jarduera fisikoen ikerkuntzarako laborategiko zuzendaria genuen eta Gorputz eta Kirol Hezkuntza saileko zuzendaria.

Berezko zituen ezinegon eta bizitasunari ezin eutsita, hamaika jarduera antolatu zuen ikasleentzat, Bordeleko Guyan-Mestras krosean parte hartuz edo berdintasunaren aldeko jardunaldiak antolatuz.

Susana Irazustak ibilbide trinkoa izan zuen ikertzaile gisa IKERKI ikertaldearen barruan, Donostiako Irakasleen eskolan, Josean Arruza eta, gerora, Silvia Arribas zuzendari zituelarik, 'jarduera fisiko eta kirolaren arloko hezkuntza eta esku hartzea' deritzon ikerketa ildoaren arduradun moduan. Lankide ere aritu zen lurralde eremurako zenbait proiektutan, eskola kirolaren edo, populazioaren kirol ohitura eta jarduera fisikoaren arloetan; bai eta hauek zabaltzeko plataforma batzuetan ere (https://www.ehu.eus/cinvidere, http://www.kirolbegi.net). Nazioarteko ikerketetan hartu zuen parte (jarduera fisiko eta kirolaren ikerkuntzarako piriniar sarea, eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako eskolaumeen gaitasun motrizearen balioespena, Pirinioetako lan esparruko lurraldeetan) eta harreman zuzen eta pertsonala izan zuen Coloradoko Northern unibertsitatearekin eta Illinois At Chicago unibertsitatearekin. Gaur egun, 'Kalitatezko hezkuntza fisikoaren oinarrizko gaitasunak. Hezkuntza fisikoaren programazioari dagozkion prozesuen analisia, oinarrizko gaitasunak berenganatzeko egiazko eraginkortasunari jarraiki' izeneko ikerketa proiektuan ari zen.

Ikertzaileen prestatzaile gisa, nabarmentzekoa da ikerkuntza masterretan izan duen parte hartzea eta, bereziki, Bordeleko unibertsitatearekin izan duen lankidetza. Master amaierako lan eta doktorego tesi ugari zuzendu ditu.

Unibertsitateko kideen artean zituen lagun eta adiskide guztiok sakon sentitzen dugu bere hutsa, lanbidean ez ezik, norberaren baitan indusitako hutsunea. Hala ere, bere aztarnak betiko iraunen du.

Agur eta ohore.

Maite Fuentes
(UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko dekanoa)