euskaraespañol

Ekuadorreko ordezkaritza batek UPV/EHU bisitatu du

Euskal ikasleak praktiketan ari dira Ekuadorreko kultura arteko hezkuntza sistema elebidunean

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/02/10

Irudia

Honako hauek osatzen dute ordezkaritza: Elizabet Reinoso, Ekuadorreko Asanblada Nazionaleko Hezkuntza Batzordeko kidea; Rosa Cecila Baltazar, Ekuadorreko Kultura arteko Hezkuntza Elebiduneko zuzendaria; Nelson Calapucha, Amazoniako Parlamentuko presidentea eta COICAko (Coordinadora de Organizaciones Indígenas de la Cuenca Amazónica) Hezkuntza batzordeko kidea; Maribel Guerrero, 3. eremuko (Cotopaxi, Chimborazo, Tungurahua eta Pastaza) Kultura arteko Hezkuntzako koordinatzailea eta Gretty Leyla Vargas, 2. distrituko zuzendaria Arajunon. Bada, ordezkaritza hori Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea bisitatzen ari da egunotan, 2000. urteaz geroztik hezkuntza arloan dauden harremanak estutzeko. Javier Garaizar errektoreordeak eta UPV/EHUko Arabako Campuseko zuzendaritza taldeak batzarra egin dute Ekuadorreko ordezkaritzarekin, egungo hitzarmena eta proiektu berriak abiarazteko aukera berrikusteko. Araban izan ostean, Ekuadorreko ordezkaritza Gipuzkoako Campusari bisita egin dio eta bertan Ana Arrieta errektoreordearekin, Xabier Etxague Filosofia eta Hezkuntza Zientzien dekanoarekin, Pello Urkidi Irakasleen Unibertsitate Eskolako zuzendariarekin eta proiektu honetan lanean ari diren irakasleekin batzarra egin dute.

2000. urtean, Vitoria/Gasteizko Irakasleen UEan, Shuar herrialdeko ordezkaritza batek deia egin zuen, jatorrizko herrialdeetako hezkuntzarekin lankidetzan aritzeko, euren hizkuntza eta kultura berreskuratzeko eta normalizatzeko. Eskaera horren ondorioz, martxan jarri zen kultura arteko hezkuntza elebidunaren irakaskuntza babesteko sare bat. Bestalde, 2010ean lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten Arabako Foru Aldundiak eta UPV/EHUk, proiektuari eusteko.

Urteotan, UPV/EHUko ikasleak praktiketan aritu dira Pastaza eskualdeko (Ekuadorreko Amazonia) kultura arteko hezkuntza sistema elebiduneko eskoletan. Proiektuaren inguruko interesa gora bidean doa, eta horrek ekarri du beste unibertsitate zentro batzuetara ere hedatzea: Donostiako Irakasleen UEko eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikasleek ere parte hartu dute.

2014an, Euskal Herriko eta Ekuadorreko ordezkariek batzarrak egin zituzten, hezkuntzaren esparruan lankidetzan aritzeko (batez ere, prestakuntzaren eta irakasleak eta ikastegiak ahalduntzea hobetzearen esparruetan). Lan berezia egin da Hezkuntza Unibertsitate Nazionalarekin, graduondokoen, ikerketaren eta hizkuntza, kultura eta hezkuntza politiken sustapenaren esparruan.